Aita santuak gutxienez igandera arte utzi du agenda bertan behera, bere ospitaleratzea dela eta
Vatikanoak bertan behera utzi ditu Frantzisko aita santuak datozen egunotarako zituen hitzordu guztiak, baita Diakonoen Jubileua dela eta larunbatean zuzendu behar zuen entzunaldia. Oraingoz, igandera arteko agenda utzi dute bertan behera.
Joan den ostiraletik Gemelli Ospitalean (Erroma) dago ingresatuta aita santua, bronkitisak jota. Atzo zabaldutako ohar batean, jakinarazi zuten haren "koadro klinikoa konplexua" dela. Matteo Bruni Vatikanoaren bozeramaileak argitu zuenez, egoera ez da "larriagotu". "Sukarrik gabe" eta "egonkor" dagoela erantsi zuen.
Halaber, Vatikanoak esan du Rino Fisichella Ebanjelizaziorako Dikasterioko proprefektua izendatu duela Frantziskok igandeko entzunaldian bere lekukoa hartzeko. 09:00etan izango da, San Pedro Basilikan.