Ameriketako Estatu Batuak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Trumpek "terroristatzat" jo ditu Teslaren aurkako erasoak egiten dituztenak

"Agian El Salvadorko espetxeetara" eramango dituztela esan du AEBko presidenteak. Aste honetan, erasoak izan dira Teslaren kontzesionarioetan, Las Vegasen eta Kansas Cityn. Bestalde, Vancouverko Auto Erakustazokak Tesla ekitalditik kanpo utzi du, segurtasun arrazoiengatik.
Protesta Tesla kontsezionario baten aurrean, Manhattanen (New York). Argazkia: EFE
Protesta Tesla kontsezionario baten aurrean, Manhattanen (New York). Argazkia: EFE

Donald Trump AEBko presidenteak "terroristatzat" jo ditu Tesla ibilgailuak erre edo Elon Musken markako kontzesionarioei eraso dietenak, eta "agian El Salvadorko espetxeetara" eramango dituztela erantsi du.

Truth sare sozialean zabaldutako adierazpen batean, "Elon Muski eta Teslari egiten ari direnagatik matoi terroristei 20 urteko kartzela-zigorra ezarrita ikusteko irrikaz nago", esan du Trumpek.

"Baliteke El Salvadorko espetxeetara joatea, orain dela gutxi hain ospetsu bihurtu baitira bere baldintza xarmagarriengatik", gaineratu du Trumpek, Venezuelako Tren de Aragua erakunde kriminaleko ustezko kideak bertara bidaltzeko Nayib Bukeleren gobernuarekin egindako akordioari erreferentzia eginez.

Protesta Tesla kontzesionario baten aurrean, Manhattanen (New York). Argazkia: EFE Protesta Tesla kontzesionario baten aurrean, Manhattanen (New York). Argazkia: EFE

Pam Bondi Ameriketako Estatu Batuetako fiskal nagusiak ostegunean iragarri zuenez, hiru pertsonaren aurkako karguak aurkeztu ditu, Tesla ibilgailuei, kontzesionarioei edo karga-estazioei su ematea egotzita.

"Honek abisu bezala balio dezala: Teslaren aurkako terrorismoaren olde honekin bat egiten baduzu, Justizia Departamentuak burdin hesien artean jarriko zaitu", esan zuen Bondik, Departamentuak zabaldutako ohar baten arabera.

Aste honetan, gainera, antzeko erasoak izan dira Las Vegasko (Nevada) eta Kansas Cityko (Missouri) kontzesionarioetan. The Washington Times egunkariak zabaldu duenez, FBI terrorismo gisa ikertzen ari da Las Vegasen gertatutakoa.

Tesla, Vancouverko erakustazokatik kanpo

Bestalde, martxoaren 19tik 23ra Vancouverren (Kanada) egingo den Automobilaren Nazioarteko Erakustazokak Tesla egitarautik kanpo utzi du, bertaratutakoen segurtasuna bermatzeko.

Azken egunotan protestak izan dira Kanadako zenbait lekutan Teslaren eta Elon Musken aurka. Oregonen, esaterako, Tesla kontzesionario baten eta bertan aparkatuta zeuden ibilgailuen aurka tiro egin zuten joan den astean, eta Teslaren zenbait karga-estazio erre dituzte Massachusettsen

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDÍA -   CEUTA, 02/08/2026.- Medios desplegados intentan detener a un migrante este domingo en Ceuta. EFE/Reduán
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marokok mafiei, desinformazioari eta itzulketei buruzko gaizki-ulertuei egotzi die Ceutako krisia

Marokoko Barne Ministerioak migratzaileak Ceutan masiboki sartu izanari buruzko lehen balorazioa egin du, eta 11 pertsona hil direla adierazi du. Rabaten esanetan, giza trafikoko sareek, desinformazio kanpainek eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epai baten interpretazio okerrak eragin dute egoera. Epai horren ondorioez ohartarazi zion Marokok Espainiari, bertako iturri baten arabera.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X