Askatasunaren Flotillako ekintzaileak "datozen orduetan" deportatuko dituzte
Askatasunaren Flotilla Ashdoden porturatzen. Argazkia: EFE
Gaua Tel Aviveko Ben Gurion aireportuan igaro ondotik, Askatasunaren Flotillako 12 ekintzaileak —Greta Thumberg suediarra tartean— "datozen orduetan" deportatuko dituzte, Israelgo Atzerri Ministerioak astearte goizaldean iragarri duenez.
Astelehen goizaldean Israelek nazioarteko uretan atzemandako Askatasunaren Flotillako 12 ekintzaileak atzo Euskal Herrian 20:00ak zirenean Ashdoden porturatu zituzten. Israelgo Atzerri Ministerioak X sare sozialean argitaratutako mezu batean azaldu duenez, Madleen ontziko kideei beren jatorrizko herrialdeetako kontsulek harrera egin zieten.
Halaber, ohartarazi du deportaziorako dokumentuak sinatzen ez dituzten ekintzaileak dagokion agintaritza judizialaren aurrera eramango dituztela kanporatzeak baimentzeko.
Bestalde, Gazako Blokeoa Hausteko Nazioarteko Batzordeak eta Adalah Giza Eskubideen aldeko taldeak ordu batzuk lehenago salatu dutenez, berehala Israel uztea onartzen ez dutenak "Ramleko atxiloketa zentrora eramango dituzte".