Tel Aviv, Haifa, Beersheba eta bi hegazkin base misilekin eta droneekin eraso ditu Iranek
Abas Araqchi Irango Atzerri ministroak Genevan esan duenez, Israelen "erasoa gelditu eta erasotzailea epaitzen dutenean diplomaziari berriz heltzeko prest daude".
Iranen eraso batek gaur Haifan (Israel) eragindako kalteak. Argazkia: EFE
Irango Guardia Iraultzaileak gaur jakitera eman duenez , misilekin eta droneekin eraso egin die Israelek Tel Aviven, Haifan (iparraldea) eta Beersheban (erdialdea) dituen zentro militarrei eta defentsa industriei, baita Nevatim eta Hatzerimeko hegazkin baseei ere.
Gatazka hasi zenetik Israelen aurka egindako 17. eraso oldea izan dela esan du Guardia Iraultzaileak, eta azpiegitura militar eta defentsibo ugariri eraso diela adierazi du, "misil balistikoen boterearen" erakusgarri.
Israelek onartu dutenez, inpaktuak izan dira Haifan eta herrialdearen erdialdean eta hegoaldean, eta Israelgo Magen David Adom (MDA) larrialdi zerbitzuak baieztatu du 16 urteko gazte bat larri zauritu dutela.
MDAk jakinarazi duenez, 23 zauritu eraman dituzte ospitalera Haifaren aurkako erasoaren ostean, tartean 16 urteko gaztea eta 54 eta 40 urteko bi gizon metraila zauriekin.
Eraso berria Ali Khamenei Irango buruzagi gorenak ospatu du: "Etsai sionista zigortzen ari dira. Orain, jada zigortua izaten ari da", irakur daiteke bere profiletako batean X sare sozialean, ke zutabe handi bat eta "Haifa oraintxe bertan" irakur zitekeen argazki batekin batera.
Ordu batzuk lehenago, Irango Guardia Iraultzaileak jakitera eman duenez, Israelgo Canal 14 hedabideari eraso egin diote, "propaganda sionistaren bitarteko delako", eta bonbardaketa baino lehentxeago abisatu dute, Israelek duela egun batzuk Irango telebista publikoaren aurka egin bezala.
Bestalde, Abas Araqchi Irango Atzerri ministroak esan du prest daudela "diplomaziari berriro heltzeko, erasoa gelditu eta erasotzailea epaitzen dutenean", Genevan egindako adierazpenetan, Frantziako, Alemaniako eta Erresuma Batuko diplomaziaburuekin eta EBko Kanpo Politikarako goi ordezkariarekin egindako bileraren ostean.
Mobilizazio masiboak Yemenen eta Iranen
Milaka pertsonak protesta egin dute gaur Sanan, Yemengo hiriburuan, Abdelmalek al Huti buruzagiak deituta, Gazako palestinarrei eta Irani babesa adierazteko eta Israelen erasoak gaitzesteko.
"Gaza eta Iranekin tinko jarraitzen dugu sionisten eta estatubatuarren krimenen aurka" lelopean, milaka manifestarik Yemengo, Palestinako eta Irango banderak astindu dituzte.
Era berean, milaka irandar atera dira gaur herrialdeko hiri handietako kaleetara, tartean Teheran hiriburuan, Gobernuari eta segurtasun indarrei babesa adierazteko.
Putinen kezka
Vladimir Putin Errusiako presidenteak onartu du "oso kezkatuta" dagoela egoera dela eta hirugarren mundu gerra bat pizteko aukeraren aurrean: "Kezkatzen nau. Ironiarik eta txantxarik gabe diot".
San Petersburgoko Nazioarteko Ekonomia Foroan, Errusiako presidenteak ziurtatu du Moskuk ez duela bitartekari lana bere gain hartu nahi Israelen eta Iranen arteko gatazkan, baizik eta egoera konpontzeko "ideiak proposatu".
Gainera, Ali Khamenei Irango buruzagiren balizko hilketa baten inguruan Israelek egindako mehatxuak soilik erretorika izatea espero duela adierazi du Putinek.