Palestina
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gazako genozidioa negozio biribila da herrialde askotako enpresentzat, NBEren txosten batek erakusten duenez

Francesca Albanesek armen, teknilogiaren, azpiegituren eta turismoaren industroako 50 bat konpainia aztertu ditu. Israelen okupazio-politikei etekina ateratzen dieten enpresen zerrendan CAF euskal enpresa dago.

CIUDAD DE GAZA, 03/07/2025.- El Ejército israelí bombardeó este jueves la escuela Mustafá Hafez de Ciudad de Gaza, que sirve de refugio a palestinos desplazados por la guerra, matando al menos a diez personas y dejando varios heridos, según la Defensa Civil gazatí. EFE/Ahmad Awad
Israelek eskola bat bonbardatu du Gazan. Argazkia: EFE

Francesca Albanese Palestinarako NBEren errelatoreak txosten bat aurkeztu du hainbat herrialdetako enpresek Gazako Zerrendako genozidiotik ateratzen duten onura ekonomikoari buruz.

"Indarkeria, hilketak, anputazioak eta Gazako eta okupatutako lurralde palestinarretako beste leku batzuetako suntsipenetik" izugarrizko irabaziak ateratzen dituzte multinazional askok. Genozidioak Tel Aviveko burtsaren irabaziak leherrarazi ditu, hogei hilabetean % 213 egin baitu gora. Israelgo burtsak 76.800 milioi dolar irabazi ditu.

Errentagarritasuna, batez ere, zaintza- eta segurtasun-negozioei eta armen ekoizleei dagokie. "Mendebaldeak Israeli armak ematen dizkio, egokitzen ditu eta gero saldu egiten ditu", Albanesek azaldu duenez.

"Palestina krimen baten eszena da, eta gu guztion aztarna digitalak ditu, erosten dugunaren bidez, gure etxeak eta autoak segurtatzea erabakitzen dugun konpainien bidez, gure dirua jartzen dugun bankuen bidez eta egiten ditugun inbertsioen bidez", kontatu du Genevan, txostena aurkeztu ondoren.

Gerraren industriaz gain, IBM, Microsoft, Google, Palantir eta Amazon bezalako teknologia globalek ere leku berezia dute txostenean, saltzen dituzten sistemek eta teknologiek palestinarren eskubideen aurka modu batean edo bestean joatea errazten dutelako. Datu biometrikoak biltzen dituzte, espetxeetan eta segurtasun-operazioetan erabiltzen diren tresnak ekoizten dituzte eta Israelek helburu militarrekin erabiltzen duen adimen artifiziala eskaintzen dute, besteak beste.

Estatu sionistaren okupazio-politikei etekina ateratzen dieten enpresen zerrendan CAF euskal trengintza enpresa dago. Beasainen (Gipuzkoa) egoitza duen konpainiak Jerusalemgo tranbia arinaren hedapenean parte hartzen du. Tranbia horrek hiriaren ekialdeko zatia, Israelek legez kanpo okupatua, Zisjordaniako asentamendu kolonoekin lotzen du.

Gainera, errelatoreak gogorarazi du CAFek partzuergo bat osatu duela NBEren Giza Eskubideen Bulegoko zerrenda batean agertzen diren bi enpresarekin, lurralde palestinarretan eraikitako asentamenduetan jarduten duten konpainiekin.

"Koloniak Israelekin konektatuta daude trenbide horren bidez, eta hau legez kanpokoa da, ez litzateke gertatu behar. Konpainia honek palestinarren ordezkapena errazten du eta asentamenduak indartzen ditu ", esan du.

Turismoaren sektorean, Albanesek Airbnb eta Booking plataformak nabarmendu ditu txostenean, "lapurtutako lurretan dauden kokalekuetako etxebizitza politen publizitatea egiteagatik. Oporrak beste modu batez planifika ditzagun".

Errelatoreak aipatutako konpainiei bidali die txostena, NBEren prozedurari jarraituz, baina "oso gutxik" erantzun diote, bidegabeko ezer egiten ari ez direla esateko. Batek ere ez du erakutsi bere negozioak birplanteatzeko edo bere inbertsioak eteteko borondaterik.

Albanesek esan duenez, estatuek Israeli armak saltzeari utzi behar diote, eta Mediterraneoko herrialde guztiek laguntza humanitarioa bidali beharko lukete Gazara, itsasontziz.

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDIA GAZA, 20/08/2026.- La población gazatí celebró este jueves un funeral masivo de 50 personas que murieron como resultado de la ofensiva israelí contra la Franja, entre ellas 19 niños y menores de edad, que fueron enterradas en un cementerio próximo al Hospital Shifa de la norteña ciudad de Gaza. EFE/MOHAMMED SABER
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan

Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X