82 hildako zenbatu dira oraingoz uholdeen ondorioz, Texasen
Kerren 68 hildako zenbatu dituzte, eta 14 inguruko konderrietan. Greg Abbott Texasko gobernadoreak jakitera eman duenez, gutxienez 41 pertsona daude agertu barik.
82 pertsona hil dira Texasko erdialde-hegoaldean izandako uholde larrien ondorioz, bertako agintariek igande honetan adierazi dutenez.
Larry Leitha Jr. Kerr konderriko aguazilak prentsaurrekoan jakinarazi duenez, bere jurisdizkioan soilik 68 hildako zenbatu dituzte, tartean 40 heldu eta 28 adingabe. Izan ere, hondamendi naturalak gogorren jo duen guneetako bat da. Biktima horietatik 18 heldu eta 10 haur identifikatu gabe daude. Hildako kopuru horri inguruko konderrietan erregistratutako 14 lagun gehitu behar zaizkio.
Larrialdi taldeek desagertutako 11 pertsona bilatzen jarraitzen dute, horien artean 10 neskato eta begirale bat. Mystic kanpamentu kristauan zeuden Guadalupe ibaiak gainezka egin zuenean. Greg Abbott Texasko gobernadoreak igande honetan adierazi duenez, gutxienez 41 pertsona daude agertu barik.
Hondamendia hasi zenetik, erreskate taldeek eta boluntarioek oinez, zaldiz, txalupetan, 4x4 ibilgailuetan eta helikopteroetan zeharkatu dituzte kaltetutako eremuak, txakur arakatzaileen laguntzarekin.
Nim Kiddek, Larrialdiak Maneiatzeko Texasko Dibisioko buruak, jakinarazi du hasiak direla berreskuratze-lanekin, obra-hondakinak garbitzen eta errepideak berriro irekitzen, besteak beste. Kerrvillen, adibidez, atzerako hondeamakinak eta kamioiak ibili dira, kaltetutako zuhaitz, metal eta ibilgailuen hondarrak kentzen.
Bestalde, Donald Trump AEBko presidenteak, larrialdi egoera ezarri du du igande honetan, hondamendi naturalagatik, eta, horri esker, Larrialdiak Kudeatzeko Agentzia Federalaren (FEMA) esku-hartzea aktibatu da.