Alvaro Uribe presidente ohia errudun jo du Kolonbiako Justiziak, lekukoak erostea eta iruzur prozesala egitea egotzita
Kolonbiako presidente izandakoaren defentsak bost egun ditu apelazio-helegitea aurkezteko.
Alvaro Uribe, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Alvaro Uribe Kolonbiako presidente izandakoa (2002-2010) errudun jo du hango Justiziak, lekukoak erostea eta iruzur prozesala egitea egotzita.
Sandra Liliana Heredia Aranda epaileak izenpetutako ebazpenak dio Uribe hainbat lekukotza erosten ahalegindu zela, tartean, Juan Gillermo Monsalve paramilitar ohiarena. Horretarako, Diego Cadena abokatua ibili omen zen bitartekari lanetan.
2012. urteko gertakariak dira ikertutakoak. Magistratuak ondorioztatu du Zentro Demokratikoa alderdi kontserbadorearen sortzaileak eta egun ohorezko presidentea denak dirua eskaini ziela orduan espetxean zeuden hainbat pertsonari, zabalik zituen auzibideetan lagundu ziezaioten. Besteak beste, probatutzat eman da presidente ohiak lekukoak manipulatu nahi izan zituela, Ivan Cepeda senataria legez kanpoko ekintzekin lotzeko.
Eroskeria sinpleagatik ere ikertu dute Uribe, baina delitu horretatik absolbitu egin du epaileak.
Ebazpenaren berri eman ondoren, epaileak datorren ostiralerako, abuztuak 1, jarri du hitzordua, sententzia irakurtzeko. Bere aldetik, Marlenne Orjuela fiskalak gutxienez 108 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du Uriberentzat.
Orain, mandatari ohiaren defentsak bost egun ditu apelazio-helegitea aurkezteko.