60.000 pertsona inguru manifestatu dira Tel Aviven, Gazan bahituen bideoak zabaldu ostean
Gazako gatibuak Israelera bueltan eramango dituen su-eten akordio bat eskatu dute, ohi baino jende gehiagorekin egindako protesta jendetsuan, horien bideo batzuk zabaldu ostean. Bideo horietan, bahituek muturreko argaltasuna erakusten dute eta akordio bat eskatzen diete agintariei. Israelek 104 pertsona hil ditu azken orduotan Gazako Zerrendan.
60.000 manifestari inguru bildu dira larunbat honetan Tel Aviveko Bahituen Plazan, Gazako gatibuak Israelera bueltan eramateko su-eten akordio bat eskatzeko. Ohi baino jendetsuagoa izan da protesta, batik bat Hamaseko miliziek bahitutako bi israeldarren bideoak zabaldu ostean. Horietan, muturreko argaltasuna erakusten dute.
"Gazara iristen den laguntza humanitarioa, sufrimendua arintzera zuzendua, Evyatar, Guy eta beste bahitu guztiengana ere iritsi behar da. Ezin dugu onartu Hamasek bizitza eta heriotza kontrolik gabeko basakeria horrekin kudeatzea", esan zuen Evyatar David bahituaren anaiak.
"Israelgo Gobernuari, herritarrei, munduko nazio guztiei eta, bereziki, Trump presidenteari, honakoa erregutzen dizuegu: boterea daukazue. Zuen boterea erabili behar duzue, eskura dituzuen beharrezko baliabide guztiak, Evyatar, Guy eta gainerako bahituak salbatzeko", esan zuen Guy Gilboa Dalal gatibuari aipamen eginez.
Ofir Braslavski, Rom Braslavski bahituaren aita, Benjamin Netanyahu lehen ministroari ere zuzendu zaio: "Nahikoa da! Faseka egindako akordioen ikuspegiak porrot egin du. Lider bat da, eta lider batek erabakiak hartu behar ditu".
Hamasek eta Palestinako Jihad Islamikoak Evyatar David (24 urte) eta Rom Braslavski (21) bahituen bideo batzuk zabaldu dituzte berriki. Bideo horietan, nabarmen gosetuta ageri dira biak. Bahituek argaltasun handia erakusten dute, eta, horietan, akordio bat eskatzen dute etxera itzultzeko, Israelek Gazara janaria sartzen uzteaz gain. Bideo horietako batean, Eyatar David agertzen da, eta bere hilobia zulatzera behartzen dute.
Bi horiek uneotan Gazan bizirik egongo liratezkeen 20 israeldar bahituen parte dira, hildako beste 30 bahiturekin batera. Hamasek bahituen bideoak argitaratu ohi ditu, Israeli presio egiteko tresna gisa, Gazako su-etenari buruzko negoziazioen une kritikoetan. Une honetan geldirik daude eta Steve Witkoff AEBek Ekialde Hurbilean duten ordezkaria herrialdean dago egoerari aurre egiteko.
Israelek eragindako gosetearen ondorioz Gazak krisi humanitario larria jasaten duen unean zabaldu ziren irudiak, Israelek Gazara elikagai sarrera blokeatzen baitu aspalditik.
Israelen erasoek 104 gazatar hil ditu azken orduotan
Israelek 104 pertsona hil zituen larunbatean Gazako Zerrendaren aurka egindako erasoetan, eta horietatik 65 gutxienez janari bila zihoazen, tokiko Osasun Ministerioak argitaratutako eguneroko zenbaketaren arabera.
Israelen erasoaldia hasi zenetik, 60.839 pertsona hil dira guztira, eta horietatik erdia inguru adingabeak eta emakumeak dira.
Era berean, 2023ko urritik, Israel Gazako Zerrendan inbaditzen hasi zenetik, zaurituen guztizko kopurua 149.588ra igo da. Askok anputazioak eta bizitza osorako lesioak jasaten dituzte metrailaren inpaktuagatik.
Palestinako agintariek gogorarazi dutenez, milaka gazatar tona hondakinen artean harrapatuta daude, Israelek Palestinako enklabearen aurka egindako bonbardaketa etengabeen ondorioz.