Putin eta Trump datozen egunetan bilduko dira, Kremlinen arabera
AEBko presidenteak, bestalde, esan du azken bileran ez zela "aurrerapauso erabakigarririk" eman, eta adierazi du Errusiak ez duela amore eman.
Donald Trumpen prentsaurrekoa, asteazkenean. Argazkia: EFE
Vladimir Putin eta Donald Trump Errusiako eta Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak datozen egunetan bilduko dira, Yuri Ushakov Kremlineko aholkulariak ostegun honetan iragarri duenez. "Gutxi gorabeherako data datorren asterako ezarri zen, baina alderdiak bilera garrantzitsu honetarako prestatzen hasi dira, eta zaila da aurreikustea zenbat egun beharko dituzten prestatzeko", azaldu du.
Donald Trump AEBko presidenteak ere aurretik esana zuen Errusiako eta Ukrainako homologoekin "laster" biltzeko "aukera asko" zeudela, baina Steve Witkoff ordezkari estatubatuarrak asteazken honetan Kremlinekin egindako bileran ez dela "aurrerapauso erabakigarririk" eman.
Etxe Zuriko Bulego Obalean zegoela esan du buruzagi errusiarrak ez duela amore eman, "denbora asko" daramatela lanean hori lortzeko, eta egoera "izugarria" dela ziurtatu du.
Aldez aurretik, Witkoffen eta Putinen arteko bilera "oso emankorra" izan dela ziurtatu du Etxe Zuriko maizterrak. Azaldu duenez, "aurrerapauso handiak" lortu dituzte, eta Europako aliatuetako batzuei xehetasunak eman dizkiete. "Denok gatoz bat, gerra hau amaitzear dago; eta datozen egun eta asteetan hori lortzeko lan egingo dugu", esan du Truth Socialeko profilean.
Bestalde, Zelenskik telefonoz hitz egin du AEBko presidentearekin, eta azaldu du Errusia "prest" dagoela, lehen baino gehiago, 2022ko otsailetik Ukrainan egiten ari den erasoaldian su-etena adosteko.
Azken egunotan, Trumpek presioa egin nahi izan dio Kremlini, ostiral honetan amaituko omen den epea ezarrita, eta Errusiak Ukrainaren inbasioaren baitan bake akordio bat lortu behar duela ezartzen du ultimatumak. Bestela, zigor gehiagori egin beharko die aurre, Errusiako petrolioa inportatzen duten herrialdeei ezarritako bigarren mailako muga-zergak barne.