Miguel Uribe senatari kolonbiarra hil egin da ekainean izandako erasoan jasandako zauri larrien ondorioz
Uribek 39 urte zituen, eta eskuineko alderdi bateko senataria zen. Atentatua gertatu zen egunetik Bogotan ospitaleratuta zegoen. Hainbat ebakuntza egin dizkiote, baina sekula ez du egoera kritikoa gainditu.
Miguel Uribe Turbay, Bogotan egindako manifestazio batean. Artxiboko argazkia: EFE
Miguel Uribe Turbay senatari eta presidentegai kolonbiarrak hil egin da gaur, Maria Claudia Tarazona emazteak jakitera eman duenez. Ekainaren 7an, Bogotan, izandako eraso batean buruan tiro egin zioten.
"Jainkoari eskatzen diot zu gabe bizitzen ikasteko bidea erakusteko", idatzi du Tarazonak bere sare sozialetan, eta gaineratu du: "Atseden hartu bakean, nik zainduko ditut gure seme-alabak", bien argazki batekin batera.
39 urteko Uribe Turbay, eskuineko alderdiko senataria, Bogotako Santa Fe Fundazioaren klinikan ospitaleratuta zegoen atentatuaren egunetik. Ebakuntza kirurgiko batzuk egin dizkiote, eta hobera egin bazuen ere, ez du inoiz egoera kritikoa gainditu.
Joan den larunbatean, klinikak jakinarazi zuen politikariak odoljarioa izan zuela nerbio-sisteman, eta haren egoerak okerrera egin zuela.
Uribe Turbayk buruan bi tiro jaso zituen, eta beste bat ezkerreko hankan, Bogotako Modelia auzoko parke batean mitin politiko baten ematen ari zela, 2026ko presidentetzarako hauteskundeei begira.
Gustavo Petro Kolonbiako presidentearen hitzetan, oposizioko senatariaren heriotza "porrota" da herrialde osoarentzat. "Horregatik gaude triste, Miguelen heriotzak min ematen digu, gureetakoa balitz bezala. Porrot bat da. Hildako kolonbiar bat den bakoitzean, Kolonbiaren eta bizitzaren porrota da. Horregatik, dolua eta aurrera egitea da geratzen dena", adierazi du Petrok X sare sozialean.
"Bizitza edozein ideologiaren gainetik" dagoela azpimarratu du agintariak, eta "bizitza maite duen gobernu aurrerakoi batean, oposizioko senatari baten hilketa" gertatu izana deitoratu du.