Israelek bonbardaketekin jarraitu du, NBEri entzungor eginez
Bonbardaketek Zerrenda jotzen jarraitzen dute, ospitaleak gainezka dauden bitartean, eta guztia, ONUk gosete egoera deklaratu ostean.
Gazako Zerrendako familia bat, gosetea eta gerra pairatzen. Argazkia: Europa Press.
Gaza hirian, egoera ezegonkorra dute oraindik, bonbardaketa etengabeen ondorioz, eta gutxienez 36 pertsona hil dira azken 24 orduetan.
Horien artean, gutxienez zortzi pertsona hil dira laguntza humanitarioa jasotzeko zain zeudela, Israelen blokeoak eragindako krisi larriaren erdian, Al Yazira telebista kateak jaso duenez.
Eraso larrienetako bat larunbat goizaldean izan da. Israelgo Armadak kanpin-dendak bonbardatu ditu Asdaa hirian, Khan Yunisen, eta 17 pertsona hil dira, sei haur eta jaioberri bat tartean.
Herritarren egoera gero eta larriagoa da. Familia asko ebakuazio-zentro gisa atondutako ospitaleetan eta eskoletan babestu dira, hornidura mediko eta premiazko hornidura urriak dituzten bitartean. Gainera, oinarrizko zerbitzuen gaineko presioak krisi humanitarioa areagotzeko mehatxua ekarri du. Hala, gehienbat haurrei, adinekoei eta gaixoei eragiten die.
Zerrendako ospitaleak, horietako asko Gaza hiriburukoak, gainezka daude; izan ere, hegoaldeko zentro batzuk % 300ean okupatuta daude. Israelgo Armadak medikuei hegoaldera joateko eskatu zien arren, Gazako Osasun Ministerioak uko egin zion eskari horri, pazienteak ezin direla mugitu argudiatuta.
Gosetea
NBEk gosetea deklaratu zuen ostiralean ofizialki Gazako Zerrendan, eta milioi erdi pertsona baino gehiago muturreko gosetea pairatzen ari direla ohartarazi zuen.
Krisi humanitarioari azken orduotako erasoak gehitu behar zaizkio, biztanleria zibilaren egoera eta enklabearen osasun-azpiegitura larriagotu dituztelako.
Konfiantza galera
Israelgo bigarren egunkari garrantzitsuenak egin duen inkesta baten arabera, herritarren % 60k uste dute Netanyahuren gobernuak gizartearen konfiantza galdu duela. Edonola ere, ez horrek, ez Nazio Batuen presioak; ezerk ez du Israelgo lehen ministroaren estrategia aldatzea lortu.
Gauzak horrela, irailean abiatuko du Israelgo Armadak lurreko inbasioa.