Albiste izango dira: Gazako bake negoziazioak, EAJ eta PSE-EEren arteko desadostasunak eta Bernedo auzia
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko urriaren 8an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Gazako bake negoziazioak: Gaur AEBko eta Turkiako lantaldeak batuko dira Gazako bake negoziazioetara, eta adituen arabera, egun erabakigarria izan daiteke. Egiptoko hainbat hedabidek zabaldu dutenez, baliteke ostegun edo ostiralean behin behineko akordio bat izatea mahai gainean.
- EAJ eta PSE-EEren arteko desadostasunak: Eneko Anduezak egindako adierazpenek hautsak harrotu dituzte sozialisten eta jeltzaleen artean. Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak erakundeen egonkortasuna zalantzan jartzea eta "beharrezkoa ez den" mesfidantza sortzea egotzi dio Anduezari.
- Bernedo auzia: Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzordua du gaur epaitegietan. Izan ere, Bernedo auzian akusazio partikular gisa aurkeztu da eta Gasteizko Instrukzio 3. epaitegiak Gipuzkoako Foru Aldundia deitu du asteazken honetarako.