EBk Ukrainaren lurralde-integritatea defendatu du
Kaja Kallas Europar Batasuneko Atzerri Politikarako goi-ordezkariaren arabera, Ukraina da "gatazkaren biktima" eta "ez da zuzena presioa haien gainean jartzea".
Kaja Kallasek, Europar Batasuneko Atzerri Politikarako goi-ordezkariak, Ukrainako lurralde-integritatea defendatu du, bake-akordioak dakartzan Donbasseko lurralde-lagapenak direla eta.
Kallasek jakinarazi duenez, Ukraina da "gatazka honen biktima", eta, beraz, "ez da zuzena Ukrainaren gaineko presioa jartzea.
AEBk jarraitzen du Ukrainaren eta Errusiaren arteko akordioa lortzen. Negoziazioetan, badirudi Trumpek eskatu ziola Volodimir Zelenskiri onartu zitzala Errusiak jarritako baldintzak; horien artean, Donbasseko lurralde batzuk lagatzea.
"Denek diote lurralde osotasuna dela defendatzen dugun balio garrantzitsua (...) Lurralde horiek oparitzen baditugu, horrek mundu guztiari bidaliko dio mezua; alegia, indarra erabil daitekeela zure bizilagunen aurka eta nahi duzuna lor daitekeela horren bidez", azaldu du Kallasek.
Horrenbestez, EBko goi ordezkariak dei egin du Europar Batasunean garrantzitsuak diren "printzipio" horiek defendatzen jarraitzeko.
"Gauza bat da militarki berreskuratu daitekeena; eta beste bat legez aitortzen duguna nazio baten lurralde subiranotzat", ohartarazi du Kaja Kallasek.
Trumpen bake akordioa
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak jarraitzen du bi herrialdeen (Ukraina eta Errusia) arteko zubiak eraikitzen, akordio batera iristeko helburuarekin.
Positiboki baloratu du Kallasek Trumpen jarrera, estatubatuarraren gerrarekin amaitzeko "asmo zintzoa" nabarmendu du eta. Hala ere, goi ordezkariak azpimarratu du Errusia dela zibilen aurkako erasoekin jarraitzen duena.
"Zigorrak ezarri ditugu Errusiak gerrari eusteko duen gaitasuna ahultzeko", esan du Kallasek.