Zohran Mamdani, New Yorkeko eraberritze aurrerakoia gorpuzteko prest dagoen gizona
34 urterekin, Mamdanik Alderdi Demokratako olatu aurrerakoi, kulturaniztun eta ezkertiar berria irudikatzen du, eta astearte honetako New Yorkeko Alkatetzarako hauteskundeak irabazteko faborito argia da. Bere alderdiko liderren babes argirik ez duen arren, ezkerrera biratu eta izaera sozialeko politika publikoen egarri diren gazteen babesa du.
Zohran Mamdani, kanpainako ekitaldi batean. EFE.
Momentuko gizona da, eta Donald Trumpek berak ere, fokuetatik at, esan du "garaiezina dirudiela". Zohran Mamdani da gizon hori, bere burua sozialdemokratatzat aurkeztu du, eta astearte honetako hauteskundeetan New Yorkeko alkate bihurtzeko faborito argia da, Alderdi Demokratako agintari nagusien babes garbirik gabe eta kontrako kanpaina gogorrari aurre eginda.
Ez Donald Trumpen kritikek ez Andrew Cuomo gobernadore ohi eta lehiakide nagusiarenek ere —Alderdi Demokratan ibilbidea luzea du Cuomok, nahiz eta orain independente gisa aurkezten den— ez dute lortu politikari gaztearen igoera oztopatzea. Izan ere, boto-emaile gazteen sostengua du, kanpainaren ardatza izan dena bandera hartuta: etxebizitzaren prezioak jaistea munduko hiririk garestienetako batean.
Inkesten arabera, Mamdanik 15 puntu ateratzen dizkio Cuomori. Hautagai gaztearen jarraitzaileek Alderdi Demokrata kaltetzen duten arazoen erakusle argia da Cuomo: egitura zaharkitua, eliteen gertukoa eta eskandaluz jositakoa (Cuomo gobernadore kargua uztera behartu zuten, sexu-eraso akusazioak zirela eta).
Berritze aurrerakoiaren ikur
34 urterekin, Mamdani alderdi barruko olatu aurrerakoi, multikultural eta ezkertiar berriaren ikur da, eta askok demokraten immobilismoari nahiz Trumpen MAGA mugimenduari aurre egiteko antidoto gisa ikusten dute. Demokraten primarioetan lortutako garaipenak, zeinetan Cuomo bera garaitu zuen, erakutsi du Mamdanik, musulmana eta aitaren aldetik ugandar jatorrikoa, dardara izpirik gabe aurre egin diola beste edonorentzat saihesteko zaila litzatekeen kritika-oldeari.
Fox Newsen egindako elkarrizketa batean, antisemitatzat jotzen zutenak isilarazi zituen, Israelek Gazan egindako erasoaldia “genozidiotzat” jo ondoren, Hamasen erasoak “Nazioarteko Zuzenbidearen aurkako krimen gisa” ere gaitzesten zituela ziurtatuta.
Nepotismoagatik egindako kritikek —Mira Nair zinemagile indiarraren semea da— eta Trumpen irainek ere —"komunista zorotzat" jo du hark— ez diote bere ospeari kalterik egin. Ultraeskuindarrek deportazioa eskatzeko egindako saiakerek ere (Andy Ogles kongresistak sustatutakoak, kasu) bere hautagaitzaren babesa indartu besterik ez dute egin, jarraitzaileek islamofobikotzat jotzen baitituzte eraso horiek.
Analista askoren ustez, Mamdanik AEBko ezkerraren berrikuntza irudikatzen du, Alderdi Demokrata zentrismo tradizionaletik aldentzea helburu duen lider gaztea. “Bere garaipenak mezu argia bidaliko dio Trumpi”, adierazi zuen kanpainan Alexandria Ocasio-Cortez biltzarkideak Bronxen egindako ekitaldi batean, eta gaineratu zuen “Izan zen (Trump) Presidentetzara iritsi aurreko egun bat, eta izango da (hark) Presidentetza utzi osteko egun bat ere".
Inork ez du orain arte komunitate musulmanarekin konektatu Mamdanik konektatzen duen bezala, bere sinismena aurretik baitoa: "Jada ez gara itzaletan ezkutatuko", adierazi zuen Bronxeko Kultur Zentro Islamikoan berriki emandako hitzaldian, bere hautagaitzaren dimentsio sinbolikoa azpimarratuz. Bere mezua, baina, New Yokertik harago doa, eta AEBko progresismoaren aurpegi berrietako bat bezala sendotzen du.
Joko-zelaiaren egoera eta barne-erresistentziak
Hauteskunde egunera haizea alde duela iritsi da Mamdani, izan ere, Cuomori ez ezik, Curtis Sliwa errepublikanoari ere ateratzen dio abantaila. Azken hori Guardian Angels taldearen sortzailea da eta errepublikanoa izanagatik, kontserbadore moderatu gisa aurkezten du bere burua eta kritikoa da Trumpekin. Estimurik eza elkarrekikoa dela dirudi, izan ere Trumpek Cuomoren aldeko botoa eskatu du, eta ez bere alderdikidearena.
Hala ere, Mamdamiren mendian ez da dena pagotxa eta agintari demokratek errezeloak dituzte hautagaia argi eta garbi babesteko. Hakeem Jeffries Ordezkarien Ganberako alderdiko buruak aipu epel bat egin zion etxebizitza eskuragarriaz alkategaiak aurkeztutako planari, eta Barack Obama bezalako figurek saihestu egin dute haren aldeko babes adierazpen publikorik egitea, nahiz eta alkate bihurtuz gero gero laguntzeko prest agertu diren.
Gobernu-erronkak
Mamdanik hauteskundeak irabazten baditu, munduko zentro ekonomiko eta kultural handienetako bateko alkate bihurtuko da, urtean 115.000 milioi euroko aurrekontuarekin eta 300.000 langile publiko baino gehiagorekin.
Hori bai, Mamdanik bere kanpainaren oinarri izan den etxebizitzaren kostuak murrizteko promesa bete beharko du, eta igo beharreko malda ez da xamurra. Mamdanik alokairua lau urtez izoztuko duela agindu du errenta egonkortua duten etxebizitzen maizter guztientzat, hau da, "merkatuko prezioan" (arautu gabeko alokairuekin) dauden apartamentuak.
Horretarako, ordea, Alokairuen Gidalerroen Batzordearen laguntza beharko du, zeinak alokairu egonkortua duten ia milioi bat apartamentu horietarako alokairu mailak finkatzen dituen. Bederatzi kideko organoa ezingo du, ordea, berehala berritu, txandaka, epeka, aldatzen baitira horiek.