Osasuna ardatz izango duen klima egokitzapenerako plana aurkeztu dute COP30 goi-bileran
Irabazi asmorik gabeko nazioarteko 35 erakundek gaur iragarri dute 300 milioi dolar bideratuko dituztela datozen hiru urteotan, klima larrialdiari aurre egiteko ekimenetara. Tartean daude Gates, Wellcom Trust edota Rockefeller fundazioak.
'Osasunerako Belemgo Ekintza Plana' deituriko ekimena aurkeztu du Brasilek, gaur, COP30 goi-bileran. Lehen aldiz, osasuna erdigunean jarrita landu den klima aldaketara egokitzeko mundu mailako plana da, eta dozenaka herrialdek, erakundek, enpresek eta herri-ekimenek hartu dute parte. Klima larrialdiaren aurrean osasun sistemak indartzeko ekimen zehatzak jasotzen ditu.
Alexandre Padilha Brasilgo Osasun ministroak aurkeztu du, eta azaldu duenez, bi oinarri ditu planak: osasunerako aukera berdintasuna eta herritar zibilen parte-hartzea izango duen gobernantza. Ekintza-lerroak, berriz, hiru izango dira: osasunaren zaintza eta kontrola klima ikuspegitik; politikak, estrategiak eta trebakuntza; eta berrikuntza, ekoizpena eta osasun digitala.
Aurreikusten diren neurrien artean daude epidemien gaineko kontrola indartzeko neurriak ezartzea; osasunaren inguruko erabakimen-mahaietara ahots berriak batzea, horien artean, herri indigenak; eta ikerketa sustatzea. Halaber, Osasunerako oinarrizko produktuen ekoizpenari ere berebiziko garrantzia eman nahi zaio.
Plana betetzen ari dela bermatzeko, mundu mailako jarraipen mekanismoak jarriko dira martxan, Munduko Osasun Erakundearen gainbegiradapean.
Irabazi asmorik gabeko nazioarteko 35 erakundek jakinarazi dute 300 milioi dolar bideratuko dituztela datozen hiru urteotan, klima larrialdiari aurre egiteko ekimenetara. Tartean daude Gates, Wellcom Trust edota Rockefeller fundazioak.
Brasilgo Amazoniako Belem do Para hirian ari dira egiten COP30 klima aldaketari buruzko Nazio Batuen goi-bilera. Joan den astelehenean abiatu zen, eta azaroaren 21ean amaituko da.
Klimaren gailurra
Manifestari talde bat Brasilgo COP30ean sartu da, milamilioidunenei zerga gehiago jarri diezaietela eskatzeko
Belemen, manifestariek Nazio Batuen Erakundeak kudeatzen duen COP30eko gune urdinean sartzea lortu dute. Amazoniako petrolio-ustiategien aurka protesta egin dute eta milamilioidunenek ingurumen-zergak handiagoak ordaindu ditzatela eskatu dute. Lula presidentearen aurkako mezuak ere zabaldu dituzte, Amazoniaren egoera ofizialki onartzen dena baino okerragoa dela salatuz.