Zelenskik Espainian egingo du geldialdia, bere gobernua astintzen ari den ustelkeria auziaren erdian
Ukrainako presidentea laguntza militarra eskatzen ari zaie Europako bazkideei, Errusia guda zelaian aurrera egiten ari den honetan. Errusiako Armadak egun gutxi batzuetan hainbat herri hartu ditu Zaporizhiako frontean, Ukraina hego-ekialdean.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Espainian egingo du geldialdia Europako hainbat herrialdetara egiten ari den biraren baitan. Agintari ukrainarrak garai zailak bizi ditu: batetik, Errusiako Armada hego-ekialdeko frontean lortutako garaipenengatik; bestetik, bere gobernuko hainbat ministro zipriztindu dituen ustelkeria kasu batengatik.
Zelenskik laguntza militar gehiago eskatu die Europako bazkideei, hain zuzen ere, Errusia gerra frontean aurrera egiten ari den honetan. Asteburuan Greziara joan zen eta handik, atzo, Frantziara. Gaur, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin, Felipe VI.a erregearekin eta armagintza industriako hainbat ordezkarirekin elkartuko da.
Ukrainako Armadaren arreta Ukraina ekialdeko Pokrovsk eta Kupiansk hirietan jarrita zegoen bitartean, Errusiak aurrera egin du Zaporizhiako frontean eta egun gutxitan hainbat udalerriren kontrola hartu du.
Errusiak Zaporizhiako frontean aurrera egin izanak alarma guztiak piztu ditu adituen artean. Horien arabera, soldadu faltak ahalbidetu Errusiako indarrek aurrera egitea.
Midas auzia
Gerra fronteko egoeraz harago, politikoki ere garai zailak bizitzen ari da Zelenski.
Ustelkeriaren Aurkako Ukrainako Agentzia (NABU) Zelenskiren gobernuko hainbat ministro ohi ikertzen ari da, ustelkeria susmoengatik. Horien artean dago Timur Mindich enpresaria eta Zelenskiren laguna.