AEBko Senatuak Epsteinen paperak argitaratzeko legea onartu du eta Trumpi bidali dio, sina dezan
Ordezkarien ganberak aldeko 427 botorekin eta kontrako boto bakarrerekin onartu du lege proiektua; horri esker demokratek eskatu ahal izan dute legea prozedura laburtu baten bitartez bideratzea, eta errepublikanoen babesarekin, beste bozketa bat egitea saihestea.
AEBko Senatuak Jeffrey Epstein pederastaren gaineko ikerketako paperak publiko egitera behartzen duen lege proiektua onartu due eta Donald Trump presidenteari igorri, hark sina dezan. Trumpek asteazkenean jasoko du testua.
Ordezkarien ganberak aldeko 427 botorekin eta kontrako boto bakarrarekin onartu du lege proiektua; horri esker demokratek eskatu ahal izan dute legea prozedura laburtu baten bitartez bideratzea, eta errepublikanoen babesarekin, beste bozketa bat egitea saihestea.
Trumpek hasieran dokumentuak argitara ateratzearen kontrako jarrera bazuen ere, duela gutxi iritziz aldatu zuen. Alderdikideek presionatuta eta Kongresuak onartu behar zuela baldintza jarrita, legea sinatuko zuela esan zuen.
Senatuak erabakia hartu baino minutu batzuk lehenago, Trumpek Truth Social sarean adierazi du berdin zaiola Goi Ganberak noiz onartzen zuen legea, beretzat garrantzitsua dena baita errepublikanoek ez ditzatela ahaztu bere Gobernuaren "garaipen guztiak".
Behe Ganberako demokratek 20.000 mezu elektroniko argitaratu eta astebetera onartu dute legea. Mezu horietan Epsteinek Trump zuzenean aipatu zuen, eta krimenen berri bazuela ziurtatzen zuen, baita Trumpek biktimetako batekin "orduak" igaro zituela ere.