Zelenskik berretsi du ez duela lurralderik lagako eta bake planaren beste berrikuspen bat prestatzen ari da
Zelenskik azaldu duenez, Donald Trumpen administrazioak aurkeztutako planaren hasierako 28 puntuetatik Kieventzat guztiz onartezinak ziren zortzi puntua erretiratu dituzte, Kievek eta Washingtonek Genevan, Abu Dabin eta Miamin egin dituzten bileretan.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak astelehenean Londresen eta Bruselan Europako buruzagiekin eta Mark Rutte NATOko idazkari nagusiarekin bildu ondoren adierazi duenez, ez du eskubiderik Errusiari lurralderik lagatzeko, eta astearte honetan bertan negoziatzaile estatubatuarrei bake plan berri bat aurkeztea espero du, Kieven ikuspegitik berrikusia.
“Edozein lurralde ematearen kontuaz, zer esan? Ez dugu, legearen arabera, inolako eskubiderik. Ez Ukrainako legediaren arabera, ez gure Konstituzioaren arabera, ez nazioarteko legearen arabera, zuzenak bagara. Eta eskubide moralik ere ez dugu ”, esan du Zelenskik asteleheneko europarrekin egindako bileren ondoren emandako prentsaurrekoan.
Ukrainako presidenteak aipamena egin dio hala Kievek Donbas eskualdean oraindik kontrolatzen duen lurraldea Moskuri emateko Errusiak egindako eskariari. Gudu zelaian bereganatu duenaz gain, Vladimir Putin Errusiako presidenteak armak jaisteko baldintza gisa eskatzen du ukrainarrak Donbaseko lurraldean orainidk ere kontrolatzen duten eremutik erretiratzea.
Putinek exijitu lezake, halaber, Ukrainak eta komunitateak Errusiaren parte gisa onartzea indarrez okupatu dituen lurraldeak. Kiev prest agertu da Errusiak lurralde horien gainean duen kontrola de facto onartzeko, baina ez du onartu mugak paperaren gainean ere aldatu eta legez aitortzearekin.
Zelenskik azaldu duenez, Donald Trumpen administrazioak aurkeztutako planaren hasierako 28 puntuetatik Kieventzat guztiz onartezinak ziren zortzi puntua erretiratu dituzte, Kievek eta Washingtonek Genevan, Abu Dabin eta Miamin egin dituzten bileretan.
"Badira, noski, lurraldeari buruzko kontua zailak. Ez da oraindik horren inguruko konpromisorik erdietsi", argitu du Zelenskik jendaurrean egin duen azken hitzartzean.
Ukrainako presidenteak gaineratu duenez, bere administrazioak espero du joan den astean AEBn negoziatu zuten planaren zirriborroaren berrikuspena gaur bertan amaitu eta bertsio berria Washingtonera bidaltzea.