2,5 milioi lagun baino gehiago deportatu dituzte edo beren borondatez alde egin dute AEBtik 2025ean
Estatu Batuetako agintariek "sekulako lorpentzat" jo dute, Trumpek martxan jarritako migrazio politika gogorren baitan, "deportazioak arintzeko" dozenaka epaile izango direla iragarri eta egun gutxira.
Poliziak Texasen (AEB) atxikitako migratzaileak. Argazkia: EFE
Ameriketako Estatu Batuetako agintariek jakinarazi dutenez, 2,5 milioi migratzaile baino gehiago deportatu dituzte edo borondatez alde egin dute Estatu Batuetatik 2025ean, eta datu horiek "lorpen izugarritzat" jo dituzte.
"Legez kanpo etorritako 600.000 lagun inguru deportatu ditugu 365 bat egunetan, eta 1,9 milioik bere kabuz herrialdea utzi dute, hau da, 2,5 milioi migratzailea baino gehiago joan egin dira. Lorpen izugarria da hori!", adierazi du Barne Segurtasuneko Sailak (DHS, ingelesezko siglak), ohar batean.
Donald Trump AEBko presidentearen Administrazioak abiatutako migrazio politika gogorraren baitan, Justizia Departamentuak "deportazioak arintzeko" dozenaka epaile izango dituela iragarri eta egun gutxira iritsi da iragarpena.
"Hasi besterik ez dugu egin", jasotzen du DHSren testuak, Giza Eskubideen aldeko erakundeek "Giza Eskubideen urraketa posibletzat" jo dituzten operazioei buruz.
Bien bitartean, "Bidenek hartu zituen legez kanpoko milioika etorkinen onarpenak ezabatzea" eskatu du Trumpek, "AEBrentzat aktibo garbia" ez direnak edo "herrialdea maitatzeko gai" ez direnak kanporatzeko.
Presidenteak, besteak beste, herrialdeko kriminalitate-tasa altua, hiriguneak okerrera egin izana, zerbitzurik eza eta etxebizitza-arazoak leporatzen dizkie migratzaileei.