Delcy Rodriguez, Maduroren bigarrena, giltzarri izango da Venezuelaren etorkizun hurbilean
Nicolas Maduroren atxiloketaren ostean askok Maria Corina Machado edo Edmundo Gonzalez oposizioko kideek hartuko zutela boterea uste arren, Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak orain arte Venezuelako presidenteorde izan denari eman dio gidaritza, baita Trumpen Gobernuak ere.
Delcy Rodriguez artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteorde exekutiboa izango da chavismoaren trantsizioaren buru, AEBk Nicolas Maduro presidentea atxilotu ostean. Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak presidente arduradun gisa kargua hartzea agindu dio, Maduroren "bahiketak salbuespenezko egoera, atipikoa eta Venezuelako Konstituzioan inolaz ere aurreikusi gabekoa" utzi ostean, Justizia Auzitegiaren hitzetan.
Venezuelaren historian Exekutiboaren buru izan den lehen emakumea izango da Rodriguez.
Konstituzioaren arabera, presidentearen aldi baterako hutsegiteak edo hutsegite absolutuak presidenteorde exekutiboak ordezkatu behar ditu 90 egunera arte, eta Parlamentuak epe berean luza ditzake. Hutsunea 180 egun baino gehiagoz luzatzen bada, Legegileak kideen gehiengoz erabaki beharko du falta absolututzat hartu behar den ala ez.
Astelehen honetan, urtarrilak 5, egingo du zina, eta legegintzaldi berri bat ezarriko da (2026-2031).
Trumpek eta Rubiok uste dute "moldatuko" direla Rodriguezekin
Atzo, Donald Trump AEBko presidenteak esan zuen ez duela troparik zabalduko Venezuelan eta ez duela beste erasorik egingo Maduroren presidenteordeak bere Administrazioak "nahi duena" egiten badu, eta Marco Rubio AEBko Estatu idazkaria berarekin harremanetan jarri dela ere aurreratu zuen.
Dena dela, handik ordu batzuetara Rodriguezek berak prentsaurrekoan esan zuen "Venezuelako presidente bakarra Maduro" dela .
"Nicolas Maduro presidentea eta Cilia Flores emaztea berehala askatzea eskatzen dugu", adierazi zuen Rodriguezek irrati eta telebista bidez zabaldutako hitzaldi batean. Ondoan zituen Barne eta Justizia ministro Diosdado Cabello eta hainbat funtzionario.
Gaur, NBC telebista katean egin dioten elkarrizketa batean Marco Rubio AEBko Estatu idazkariak arreratu du espero dutela aurrerantzean "lankidetza hobea" izango dutela Venezuelako Gobernuarekin, Maduro kartzelatuta. Washington trantsizio prozesu bat lantzen ari dela, eta "bizpahiru astetan" garatuko dela ere esan du.
"Betetze maila handiagoa eta lankidetza hobea espero dugu orain. Beste pertsona batzuk daude aparatu militar eta polizialaren ardura dutenak. Hautua egin beharko dute. Nicolas Maduroren bidetik urrunduko direlakoan gaude. Hartara, trantsizio oso bat egin ahalko dugu", azaldu du.
Venezuelako oposizioko buruzagiak ahotan, Rubiok esan du "zoritxarrez" Venezuelako oposizioaren gehiena herrialdetik kanpora dago. "Epe laburrean konpondu behar diren gaiak ditugu esku artean", gaineratu du.
Donald Trump berak ohartarazpen gogorra egin dio gaur: "Zuzen jokatzen ez badu, oso prezio altua ordainduko du, ziurrenik Madurok baino altuagoa".
Iaz Miami Heraldek argitaratu zuena
Iazko urrian, Miami Herald egunkariak informazio polemikoa argitaratu zuen. Horren arabera, Rodriguezek Madurorik gabeko trantsizioko gobernu baten buru izatea eskaini ziola AEBri, herrialdearen egonkortasun politikoa babesteko.
AEBko hedabidearen arabera, presidenteordeak eta haren anaia Jorge Rodriguezek, Venezuelako goi-funtzionario talde batekin batera, Madurok onartutako bi proposamen aurkeztu zizkioten Trumpen Administrazioari, Qatarren bitartekaritzarekin.
Orduan Rodriguezek faltsutzat jo zuen informazio hori, eta Miami Herald i "gezurra eta sarraskia" bultzatzea leporatu zion.
Ibilbide politiko luzea
Rodriguezek 56 urte ditu, eta 2018ko ekainetik da Venezuelako Gobernuko bigarrena, Tareck El Aissami ordezkatu zuenetik.
Gainera, 2024ko abuztutik Hidrokarburoen ministro ere bada, eta horrek funtsezko figura bihurtu du Exekutiboaren barruan. Ekonomia arloko agintari nagusia da, eta horrek herrialdeko enpresa eta sektore pribatura hurbildu du.
Aurretik, Ekonomia, Finantza eta Kanpo Merkataritzako titular gisa aritu zen; Komunikazio eta Informazio ministro ere izan zen; baita Batzar Nazional Konstituziogileko kantziler eta presidente ere. Batzar hori 2017an ezarri zen, Parlamentuan oposizioak gehiengoa lortu ostean.
Goi politikan izan zuen lehen kargua 2006an eskuratu zuen: Presidentziaren Bulegoko ministro izan zen Hugo Chavez zenaren agintepean (1999-2013).
Caracasen jaio zen Rodriguez 1969ko maiatzaren 18an, eta chavismoaren baitan, anaia Jorge Rodriguezekin batera egin du bere ibilbidea. Azken hori Asanblea Nazionaleko (Parlamentua) egungo presidentea da. Oso gaztetatik murgildu ziren biak politikan, aita, Jorge Antonio Rodriguez, 1976ko uztailean, Poliziaren Inteligentzia Zerbitzuen Zuzendaritzako (Disip) funtzionarioek eragindako lesioegatik hil eta gero.
Venezuelako Unibertsitate Zentralean abokatu gisa graduatu zen eta Pariseko Nanterre Unibertsitatean zuzenbide sozialeko ikasketak egin zituen.
Halaber, Birkbeckeko Unibertsitateko (Londres) politikan eta gizartean maisutza du.
Zure interesekoa izan daiteke
Europako Batzordeak iragarri du behin-behinean aplikatuko duela EB-Mercosur akordioa
Ursula von der Leyenek gogorarazi duenez, “akordioa ezin izango da erabat burutu Europako Parlamentuak bere onespena eman arte”.
Netflixek Warner erosteko borroka utzi du Paramounten eskaintza berriaren ostean
Enpresak azaldu duenez, Paramounten azken eskaintza berdintzeko behar zen prezioarekin, Warner Brosekin zuen akordioa "dagoeneko ez da finantzarioki erakargarria", eta, beraz, uko egin dio aste honetan eskaintza hobetu duen Paramounten zenbateko berberak eskaintzeari.
Bill Clinton, Kongresuan ikerketa batean lekukotza ematera behartutako AEBko lehen presidente ohia
Hillary Clinton emazteak atzo egin bezala, presidente ohiak telematikoki deklaratuko du Jeffrey Epsteinekin zuen harremana argitzeko.
Pakistanek gerra deklaratu dio Afganistani, eta Kabul bonbardatu du
Bi herrialdeek informazio kontrajarria eman dute erasoen emaitzei buruz, baina biktimak ehunka dira dagoeneko.
Hillary Clintonek ukatu egin du Kongresuaren aurrean Epstein ezagutzen zuela
Bill Clinton AEBko presidente ohiaren emazteak Epstein kasua ikertzen ari den batzordeari —errepublikanoek gehiengoa dute— egotzi dio "arreta desbideratu" nahi izatea eta Donald Trump presidentearen jokabideak "estaltzea". Fokua Trumpengandik aldentzeko deitu dutela deklaratzera esan du.
Ukrainak eta AEBk bilera amaitu dute, Errusiaren parte-hartzerik gabe, gerraosteko berreraikuntzan oinarrituta
Genevako bilera hiru aldekoa izatea espero zen, errusiar ordezkaritza batekin, gatazka armatua amaitzeko moduari buruzko eztabaidetan aurrera egiteko. Hiru aldeko hurrengo bilera martxoaren hasieran izango dela aurreikusita dago.
Ipar Koreak kongresua itxi du armategi nuklearra handitzeko promesarekin
Kim Jong-unek ateak zabalik utzi ditu Washingtonekin dituen harremanak hobetzeko, betiere, AEBek Pyongang estatu nuklear gisa onartzen badute. Gainera, alderdian duen lidergoa berretsi du.
Kubak AEBtik ateratako ontzi bateko lau kide hil ditu, AEBk "helburu terroristak" zituelakoan
Marco Rubio AEBko Estatu idazkariak Kubari ohartarazi dio ikertu egingo dutela zer gertatu zen, eta horren arabera erabakiko dutela nola jokatu.
Venezuelako petrolio gordina Kubako sektore pribatuari saltzeko aukera emango du AEBk
Transakzioak baimentzeko, lehengai hori saldu eta merkaturatzeko ezarritako murrizketa batzuk bete beharko dira; esaterako, salmenten diru-sarrerak Washingtonek kontrolatutako kontu batean uztea.
Trumpek muga-zergak defendatu ditu eta migratzaileen eta demokraten aurka egin du, bi orduko hitzaldian
AEBko presidenteak historiako hitzaldirik luzeena egin, du eta duela urtebete Etxe Zurira itzuli zenetik herrialdea "handiagoa, hobea eta indartsuagoa" dela aldarrikatu du.