EKIALDE HURBILA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gutxienez 586 lagun hil dira jada Irango protestetan eta 10.600 baino gehiago atxilotu dituzte

Islamiar Errepublikaren aurkako ekintza militarrak egitea aztertzen ari omen da Donald Trump, hainbat hedabideren arabera. Halakorik egitekotan, Israel eta AEB bera "jomuga" izango dituztela ohartarazi du Iranek.

18:00 - 20:00

Ehunka pertsona hil dira Iranen abenduaren 28tik herrialdean izan diren protestetan, gobernuz kanpoko hainbat erakundek bildutako datuen arabera.

Kopurua zehaztea ez da erraza, 72 ordu baitaramatza Interneterako sarbiderik gabe baina AEBetan egoitza duen HRANA gobernuz kanpoko erakundearen arabera, gutxienez 538 manifestari eta 48 segurtasun indarretako kide hil dira eta 10.600 dira atxilotuak.

Bestalde, Tasnim Irango agentziak jakinarazi duenez, asteazkenean eta ostegunean segurtasun indarretako 8 kide hil zituzten manifestariek, "su-armekin eraso eginda". Horren arabera, Gobernuko zenbait iturrik baieztatu diote "talde terroristetako" 200 buruzagi inguru atxilotu, eta "munizio, arma, granada eta molotov koktel ugari" atzeman dituztela.

Krisi ekonomiko latza dago Iranen, eta egoera horren aurrean protesta egiteko, milaka gazte kalera atera ziren urte amaieran. Egunek aurrera egin ahala, kutsu politiko handiagoa hartu dute mobilizazioek. 

Irango Gobernuak hiru dolu egun deitu ditu protestetan hildakoen alde, eta manifestazio handi bat ere deitu du astelehen honetarako, "hiriko terrorista kriminalak" gaitzesteko.

Bestalde, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak salatu du Irango segurtasun indarrek "gehiegizko indarra" erabili dutela azken egunetako protestak zapaltzeko, eta "ahalik eta gehien neurtzeko" eskatu du.

18:00 - 20:00

AEB ekintza militarrak egiteko gertu, zenbait komunikabideren arabera

Donald Trump AEBko presidentea Iranen aurkako ekintza militarrak egitea aztertzen ari da, Irango Gobernuak errepresioa gogortu duela eta. 

Antza, eraso horien inguruan mintzatu da hainbat arduradunekin, eta, besteak beste, bonbardaketak aipatu ditu. "Ez da behin betiko erabakirik hartu", esan diete AEBko Gobernuaren gertuko iturriek Axios, The New York Times, The Wall Street Journal eta The Washington Post egunkariei. 

Ingurumari horretan, Mohamed Baqer Qalibaf Irango Parlamentuko presidenteak ohartarazi du "bai lurralde okupatuak (Israel)" eta AEB "helburu legitimoak" izango direla, AEBk Iranen aurkako eraso bat egiten badu.

Masud Pezeshkian Irango presidenteak esan du "etsaiek" (Israel eta AEB) "terrorista trebatuak" eraman dituztela herrialdera, giroa gaiztotzeko. Horren hitzetan, bere gobernuak "entzun" ditu manifestarien aldarriak, eta "ahal duen guztia" egin du arazo ekonomikoak konpontzeko, baina bereizi egin ditu manifestari horiek eta "istiluak" eragiten ari diren "zalapartariak eta terroristak".

Irango protesten aldeko mobilizazioak, Europan zehar

Milaka pertsona atera dira kalera Parisen, baita Lisboan eta Londresen ere. Erresuma Batuko hiriburuan Irango enbaxadaren aurrean bildu dira eta bandera kendu dute. 

Bestalde, Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak Irango protestetan izandako heriotzak gaitzetsi dituzte.

18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X