Israelek Gazan geratzen zen azken bahituaren gorpuzkiak aurkitu eta identifikatu ditu
Ran Gvili polizia israeldarraren gorpuzkiak berreskuratuta, bahitutako guztien hilotzak Israelgo Estatuaren esku geratu dira. Pauso hau ezinbesteko baldintza zen Israelek Rafahko pasabidea zabaltzeko, eta Trumpek sustatutako bake planaren bigarren faseari ekiteko.
Israelgo Armadak ohar bidez jakinarazi duenez, Ran Gvili polizia israeldarraren gorpuzkiak topatu eta identifikatu ditu. 24 urteko sarjentua Gazako Zerrendan geratzen zen azken bahitutakoa zen.
"Auzitegiko Medikuntzako Institutuak, Israelgo Poliziarekin eta Errabinoen Aginte Militarrarekin elkarlanean, amaitu ditu identifikazio lanak. Armadak jakinarazi dio familiari Ran Gvili sarjentua identifikatu dutela eta gorpuzkiak senitartekoen esku utziko dituztela, lur emateko”, dakar oharrak.
Gviliren gorpua topatzeko lanak areagotu ditu asteburuan Israelgo Armadak, Hamasek emandako argibideei jarraiki. Gazako hiriburu inguruan dagoen hilerri musulman batean atzeman omen dute. "Horrela bada, Hamasek bahitutako guztiak itzuli dira Israelgo Estatura", jaso du oharrak.
Ingurumari honetan, Al Qudseko Brigadak, Jihad Islamiarraren beso armatuak, jakinarazi du duela hiru aste eman zizkiola Israeli gatibuaren gorpuzkinak zeuden koordenatu zehatzak. Salatu duenez, Israelek "nahita atzeratu ditu bilatzeko lanak".
2023ko urriaren 7an egindako erasoan 251 pertsona bahitu eta 1.200 hil zituzten Hamasek eta Jihad Islamiarrek.
Rafahko pasabidea zabalduko duela hitzeman du Netanyahuk
Gviliren gorpua berreskuratzea mugarri da AEBk sustatutako "bake-akordioaren" lehen fasea burutzeko. Urrian sartu zen indarrean su-etena, Hamasek bizirik zeuden 20 bahitutakoak Israelen esku utzi ostean. Ordutik, talde islamistak gatibuen gorpuzkiak entregatzen joan da, txiri-txiri, zailtasunak zailtasun. Izan ere, korapilotsua izan da oso gorpuzkiak bonbardaketek utzitako tonaka hondakinen artetik ateratzea.
Hamasek, bada, bete egin du bere hitza; Israelek, ordea, ez. Tel Avivek laguntza humanitarioa blokeatzen jarraitzen du, eta ez da tropak Zerrendatik erretiratzen ari. Gainera, Gaza erasotzen jarraitzen du, erasoen kopurua eta intentsitateak behera egin badu ere.
Ingurumari honetan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak iragarri du Rafahko pasabidea berriro irekiko duela (oinezkoentzat). Pasabide horrek Egipto eta Gaza lotzen ditu, eta 2024ko maiatzetik itxita dago.
Horren harira, Hamasek salatu du Israelek "betetzeko ezinezkoak diren baldintzak" ezarriko dituela pasabidea irekitzeko. Beste murrizketen artean, Israelgo kontrol batetik pasaraziko du Gazara sartu nahi duen oro. Egipto, Zerrendaren mugakidea, horren kontra azaldu da jada.
Trumpen egitasmoaren bigarren fasea
Urrats hori emanda, berehala hasi beharko litzateke AEBren su-eten akordioaren bigarren fasea. Besteak beste, Hamasen armagabetzea, Israelen tropak Zerrenda apurka-apurka uztea eta nazioarteko indar batek agintea hartzea. Trumpek izendatutako batzorde exekutiboak gainbegiratuko du fase hori.
Horren ildoan, Netanyahuk zehaztu du "hurrengo fasea Hamas armagabetzea" dela, eta ez Gazako Zerrenda berreraikitzea. Israelgo Parlamentuaren aurrean egin ditu adierazpenak lehen ministroak: "Hurrengo fasean gaude. Zein da? Hamasen armagabetzearena eta Gazako Zerrendaren desmilitarizazioa".
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiak euskara, katalana eta galegoa Europar Batasunean hizkuntza ofizialak izan daitezen nahi du
Fernando Sampedro EBko Estatu idazkariak esan du presioa egiten jarraituko dutela, nahiz eta gaiak bederatzi hilabete daramatzan Ministerioaren agendatik kanpo.
Israelgo Armadak iragarri du "eskala handiko" beste erasoaldi bat egingo duela Teheranen aurka
Israel Katz Defentsa ministroak iragarri duenez, Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko agintaria hil dute.
Trumpek esan du "ohore handia" izango litzatekeela "Kuba hartzea"
Bere Administrazioa Kubako agintariekin hitz egiten ari dela errepikatu du agintariak, eta irla "porrot egindako nazio bat" dela azaldu du. "Ez dute dirurik, ez dute petroliorik, ez dute ezer".
Beste ontzi bati eraso egin diote Ormuztik gertu, Erresuma Batuko itsas agentziak jakinarazi duenez
Bestalde, AEBko Armadak baieztatu duenez, Irango "7.000 objektibo baino gehiago" jo ditu, eta ehun ontzi baino gehiago "kaltetu edo suntsitu" ditu, otsailaren 28an Israelekin batera erasoaldia hasi zuenetik.
EBk uko egin dio Ormuzera aktibo militarrak bidaltzeari, berea ez den gerra bat delako
Nazioarteko bazkideek itsasartea desblokeatuko duen hedapen militar batean parte hartzeko ideia berretsi du Trumpek.
NATOk Trumpi erantzun dio aliatuek laguntza eskaini diotela Ormuzerako
AEBko presidenteak ohartarazi zuen Aliantzak “oso etorkizun makurra” izango duela aliatuek itsasartea desblokeatzen laguntzen ez badute. Erresuma Batuak adierazi du “plan kolektibo bat” lantzen ari dela eremurako, eta EBk Atzerri ministroak bildu ditu auzia aztertzeko.
Israelek lurreko operazioa hasi du Libanon Hezbollahren "funtsezko bastioien" aurka
Israel Katz Defentsa ministroak ohartarazi duenez, "Libano hegoaldean bizi diren ehunka mila bizilagun xiitek" eta Israelen abisuen ondotik eskualde hori utzi dutenek "ezingo dute Litani ibaiaz hegoaldeko euren etxeetara itzuli" mugatik gertu dauden Israelgo eskualdeetako "segurtasuna bermatu arte".
Israelen eta Iranen arteko erasoaldi betean, Trumpek uste du ez direla su-etenerako baldintzak betetzen
"Iranek akordio bat erdietsi nahi du, baina nik ez, ez direlako horretarako baldintzak betetzen", esan du agintari estatubatuarrak NBC telebista kateari emandako elkarrizketan.
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia Libanon izan da eta elkarrizketarako deia egin du
Guterresek ohartarazi du ez dagoela irtenbide militarrik Hizbulá talde xiitaren eta Israelen arteko egungo gatazkarako, eta bi aldeei elkarrizketara eta bide diplomatikoetara jotzeko eskatu die Beiruten eman duen prentsaurrekoan.
Jurgen Habermas filosofo alemana hil da, 96 urte zituela
Komunikazio Ekintzaren Teoriaren egileak lotura estua zuen Frankfurteko Eskolarekin. Hain zuzen ere, bertan egin zuen bere ibilbidea pentsalari eta gizarte-ikertzaile gisa.