Minnesotako immigrazio agenteen hedapen masiboaren amaiera iragarri du Trumpen Gobernuak
Tom Homan Donald Trump presidentearen "mugako tsarra" deiturikoak baieztatu egin du estatuan zabaldutako operatibo bereziak atzera egingo duela pixkanaka, gobernadorearen oposizioaren eta bizilagunen mobilizazioen ondotik.
Ameriketako Estatu Batuetako Gobernua Minnesotako estatuan dauden immigrazio agente federalak erretiratzen hasi da, Etxe Zuriaren arabera, amaitzear dagoen operazio batean.
Tom Homan Donald Trump presidentearen "mugako tsarra" deiturikoak ostegun honetan iragarri duenez, agente kopuruaren "murrizketa nabarmena" abian da, eta urte hasieran aktibatutako operazio berezia amaitutzat ematea proposatu du.
Urtarrilean, Trumpen Administrazioak ICE Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzuko 3.000 agente armatu inguru zabaldu zituen Minnesotan, pertsona migratzaileen deportazioak areagotzeko. Operatiboa bereziki Minneapolisen zentratu zen, estatuko hiririk garrantzitsuenean.
"Operazio berezi hau amaitzea proposatu dut, eta presidentea ados egon da", adierazi du Homanek prentsaurreko batean.
Duela astebete, arduradun federalak 700 agenteren erretiratzea aurreratu zuen. Ostegun honetan zehaztu duenez, gainerako agente asko, beste estatu batzuetatik joandakoak, datozen egunetan itzuliko dira jatorrizko helmugetara. Homanek erabakia justifikatu du, neurri batean, tokiko segurtasun indarrekin "aurrekaririk gabeko" koordinazioa dela esanez.
Tim Walz Minnesotako gobernadoreak eta estatuko beste hainbat hautetsik gogor kritikatu dituzte deportazio-operazioak eta sarekadak.
Agente federalen esku-hartzeek, askotan aurpegia estalita eta estilo militarreko kamuflaje-uniformeekin hornituta, behin eta berriz protestak eragin dituzte Minneapolisko auzoetan.