Frantziako Tourreko datak eta ordutegiak aldatzekotan daude, beroak eragin ditzakeen arriskuak saihesteko
Tenperaturak gero eta altuagoak direla eta gero eta bero-bolada gehiago daudela eta, zalantzan jarri dute udan kirol-ekitaldi handiak egitea, besteak beste, Frantziako Tourra. Ordutegiak edo datak aldatzea eztabaidatzen ari dira.
Muturreko beroak kirolean izan duen eraginak Frantziako Tourraren etorkizunari buruzko eztabaida berpiztu du. Azken bost hamarkaden inguruko azterketa batek ondorioztatu du Frantziako Tourra "ozta-ozta" egin diela iskin bero-bolada gogorrenei, baina ohartarazi du neurriak hartu beharrean daudela.
Adituen iritziz, txirrindularientzako osasungaitza da 28 gradu baino beroago dagoenean jardutea. Testuinguru horretan, bero-boladak gero eta ohikoagoak eta gogorragoak dira, eta horrek estres termikoa areagotzen du uztailean jokatutako etapetan.
Adibide bat 2024an izan zen, lehen etapan 36 gradu inguruko tenperaturetara iritsi ziren. Txirrindulari batzuek arazo fisikoak izan zituzten, hala nola gorakoak lasterketan, muturreko beroagatik.
Jon Barrenetxea txirrindulari bizkaitarrak aitortu du baldintza horietan lehiatzea "oso gogorra" izan daitekeela, eta Gorka Gerrikagoitia kirol zuzendariaren ustez, "mahai gainean jarri beharreko eztabaida da".
Egoera horren aurrean, gomendioa da etapetako ordutegiak goizera aurreratzea, bero handieneko orduak saihesteko, edo lasterketaren datak birplanteatzea ere. Helburua argia da: txirrindularien segurtasuna bermatzea, Tourra udan egiten jarraitzeari uko egin gabe.
Horrela, klima-aldaketak kirol-egutegiko hitzordu nagusietako bat kolokan jarri du, eta antolatzaileak eta taldeak, berriz, etorkizunean bideragarria izango dela ziurtatzeko egokitzapen posibleak aztertzen ari dira.