Gerra gogortu egin da, baina Iranek esan du ez diela eskualdeko beste herrialdeei eraso egingo
Ultrakontserbadoreek gogor kritikatu dute Irango presidente Masud Pezeshkian, gerraren erasoak jasan dituzten herrialdeei barkamena eskatzeagatik. Horregatik, hasiera batean esandakoak zuzendu ditu presidenteak.
Duela astebete hasi zituzten Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Israelek Iranen aurkako erasoak. Zazpi egun horietan, gatazka 16 herrialdetara zabaldu da, 1.200 pertsona hil dira Iranen, estatubatuarrek eta israeldarrek egindako erasoetan, eta ehunka, berriz, Libanon, Israelek Hezbollah milizia xiitaren aurkako erasoak egiteari ekin dionetik.
Haserre epikoa operazioa Ali Khamenei aiatola hilda hasi zuten, eta ordutik 3.600 eraikin zibil baino gehiago jo dituzte Israelen eta AEBren erasoek. Oraingoz, airetik soilik izaten ari dira erasoak bertan.
Israelen aurkako erasoak egiteaz gain, AEBk Bahrainen, Qatarren, Arabiar Emirerri Batuetan, Kuwaiten, Saudi Arabian, Turkian eta Azerbaijanen dituen base militarrei eraso eginez erantzun zuen Iranek.
Hauek dira oraingoz astebe iraun duen gerraren unerik garrantzitsuenak:
- Otsailaren 28a: AEBk eta Israelek Iran bonbardatu eta Ali Khamenei buruzagi gorena eta aiatolen erregimeneko buruzagitzaren zati bat hil zuten. Trumpek Irango herritarrei eskatu zien prest egoteko Gobernua hartzeko, baina ez du babesik lortu.
Iranek misilak eta droneak jaurti zituen inguruko herrialdeetara, eta Ormuzko itsasartea itxi zuen, munduko petrolioaren eta gasaren bosten bat igarotzen den itsas ibilbide garrantzitsua.
- Martxoaren 1a: Iranek 40 dolu-egun ezarri zituen Khameneiren heriotzagatik, eta trantsizio-kontseilu bat izendatu zuen.
AEBk eskatu arren, Erresuma Batuak erasoaldiarekin bat egiteari uko egin ziola jakin zen.
- Martxoaren 2a: Hezbollah gerran sartu zen, eta Israel Beirut kanpoaldea bonbardatzen hasi zen.
Libanok esan zuen Hezbollahren jarduera militar "oro" debekatu duela Israeli eraso egin ondoren.
Gainera, Iranek Erresuma Batuak Zipren duen Akrotiri base militarrari eraso ziola zabaldu zen, baina egun batzuk geroago Erresuma Batuko Gobernuak esan zuen erasoa ez zuela Iranek egin.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri zuen buru nuklearren ekoizpena handituko zuela, eta misil balistikoak daramatzan itsaspeko bat aurkeztu zuen.
- Martxoaren 3a: AEBko itsaspeko batek 180 pertsona zeramatzan itsasontzi irandar bat hondoratu zuen; 80 gorpu baino gehiago aurkitu zituzten.
Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak esan zuen ez duela frogarik esateko Iranek bonba atomiko bat eraikitzeko plan bat zuela.
- Martxoaren 4a: Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Irango "gerrari ez" esan zion, eta bere jarrerari eutsi zion, nahiz eta Trumpek neurri komertzialekin mehatxu egin AEBk Rotan eta Moronen dituen baseak Iranen kontrako erasoak egiteko erabiltzen ez uzteagatik.
Trumpek Senatuaren babesa jaso zuen Irango erasoaldi militarrari amaiera emateko ebazpen bat errefusatuta.
NATOren aireko defentsek Irandik Turkiara zihoan misil bat eraitsi zuten.
- Martxoaren 5a: Greziak eta Frantziak bere burua defendatzeko laguntza eman zioten Zipreri, eta Espainiak eta Italiak gauza bera egitea erabaki zuten. Bitartean, Iranen erasoak herrialde gehiagotara hedatu ziren, eta Irango drone batek Azerbaijango aireportu bat jo zuen.
Mark Rutte NATOren idazkari nagusiak adierazi zuen erakundeak babes "osoa" eman diola Trumpen eta Netanyahuren gerrari.
- Martxoaren 6a: Aireko erasoaldiaren ondorioz 217 pertsona hil, 800 zauritu eta 300.000 inguru desplazatu dira Libanon.
Gerra hasi zenetik izandako bonbardaketa handiena egin ostean, Trumpek esan zuen Iranen "baldintzarik gabeko errendizioa" baino ez duela onartuko.
Petrolio gordinaren prezioei buruzko kezka areagotu egin da mundu osoan, eta baliteke 2-3 aste barru 150 dolarrera iristea upelaren prezioa, Ormuzko itsasarteak blokeatuta jarraituz gero.
- Martxoaren 7a: Israelek Teheranen aurkako erasoak ugaritu ditu zortzigarren egunean, Teherango Mehrabad Nazioarteko Aireportuan sutea piztu da, eta Iranek Tel Aviven kontrako erasoak egin ditu.
Masud Pezeshkian presidenteak larunbat honetan adierazi duenez, Iranek inguruko herrialdeen aurkako erasoak amaitzea erabaki du, lurralde horietatik eraso egiten ez badiote behintzat.
Pezeshkianen aurkako kritikak, barkamena eskatzearre
Ultrakontserbadoreek gogor kritikatu dute Irango presidentea, gerraren erasoak jasan dituzten herrialdeei barkamena eskatzeagatik; izan ere, Pezeshkianek esan die ez liekeela eraso egingo AEBk Iranen aurkako operazioetarako erabiliko ez balitu.
Bideo baten bidez zabaldu du mezua, eta handik gutxira iritsi dira Irango presidentearen aurkako kritikak. Ondorioz, esandakoak zuzendu ditu beste mezu batean.
"Ez gara gure lagun diren herrialdeei eraso egiten ari, AEBren base militarrei baizik", esan du Pezeshkianek X sare sozialean.
Ildo horretan, berretsi du Iranek jasotzen dituen erasoen jatorri diren instalazioak dituztela helburu, eta "helburu legitimoak" direla horiek.
Zure interesekoa izan daiteke
SpaceXen kohete batek Ilargiaren kontra talka egin duela esan du NASAk, baina adierazi du ez duela arriskurik ekarriko
2025eko urtarrilean jaurtitako Falcon 9 kohete baten goiko zatiak, planifikatu gabe, talka egin du Ilargiaren gainazalarekin, eguzki-jardueraren eta grabitate-indarren konbinazio baten ondorioz.
Iranek eta Omanek Ormuzen nabigatzeko bide berri bat adostu dute
Itsasarteko bide berri hori egiteko akordioa lortu izanak ez du esan nahi berriro irekiko dutenik, Iranek zehaztu duenaren arabera, AEBren eta Israelen arteko erasoaldi militarraren ondorioz itxi baitzuten.
Marokok dozenaka pertsona auzipetu ditu Ceutako krisiarekin lotutako delituengatik
Marokoko Giza Eskubideen Elkartearen arabera, 34 pertsona auzipetu dituzte Tetuanen (tartean, bost adingabe) eta 52, Nadorren.
Danubiok bere sekretuak agerian utzi ditu lehortearen ondoren: mamut baten aztarnak eta nazien ontziak azalera atera dira
Danubio ibaiak, Europako bigarren luzeenak, lehorte historikoa bizi du, eta bere ur-emaria murriztu denez, iraganeko aztarna harrigarriak utzi ditu agerian: mamut baten aztarnak azaldu dira Bulgarian, eta Bigarren Mundu Gerran hondoratutako dozenaka ontzi ikusgai geratu dira Serbian.
Gutxienez 14 pertsona hil eta 27 zauritu dira Errusiak Kiev eskualdean gauez egindako erasoetan
Brovary barrutian "sute handiak" izan dira biltegi batzuetan, eta baita Velyka Dymerka, Kvitneve eta Peremoga herrietan ere. Astearte honetan, Volodimir Zelensky Ukrainako presidenteak Errusiaren aurkako operazio gehiago egitekotan zela iragarri osteko erantzun gisa egin ditu Moskuk azken erasoak.
Bruselak esan du EBk "lanak ondo" egin dituela Ceutan, eta "migrazio erreformak bizkortzeko" eskatu du
Magnus Brunner Europako Barne eta Migrazio komisarioaren hitzetan, Ceutan lehertutako krisitik ateratako ondorio nagusia da Europar Batasuneko kideek "bat eginda" kudeatu behar dituztela migrazio politikak.
EBko Barne ministroek Ceutako krisia aztertuko dute gaur, ezohiko bilera batean
Europar Batasuneko Barne Ministroen Ezohiko Kontseilua gaur bilduko da, Espainiak eskatuta eta 22 estatu kidek babestuta, Ceutako migrazio-krisia aztertzeko eta Marokotik etorritakoen gorakadari erantzun bateratua emateko.
Marokok mafiei, desinformazioari eta itzulketei buruzko gaizki-ulertuei egotzi die Ceutako krisia
Marokoko Barne Ministerioak migratzaileak Ceutan masiboki sartu izanari buruzko lehen balorazioa egin du, eta 11 pertsona hil direla adierazi du. Rabaten esanetan, giza trafikoko sareek, desinformazio kanpainek eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epai baten interpretazio okerrak eragin dute egoera. Epai horren ondorioez ohartarazi zion Marokok Espainiari, bertako iturri baten arabera.
Ormuzko itsasartearen eta Iranen desnuklearizazioaren inguruko akordioa "berehala" helduko dela uste du Trumpek
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak adierazi duenez, gaur arratsaldean bilduko da Teheranekin, Golkoko zenbait herrialderen eskaeraren ostean. Irango Atzerri ministroaren arabera, ordea, Washingtonek ez du Ormuzko itsasartearen inguruko elkarrizketetan parte hartzen.
Idahoko tiroketaren osteko izua: bideo batek jendea oihuka ihesi erakusten du
Auto batetik grabatutako irudietan hainbat pertsona korrika ihesi hasten diren unea ikus daiteke, tiroketa baten berri izan ostean. Gutxienez hiru pertsona hil dira, eta bi zauritu. Ustezko erasotzailea hilda aurkitu dute bertan.