Libanoko presidenteak funtsezkotzat jo du Israelek atzera egitea su-etena ahalbidetzeko
Bi aldeen arteko liskar armatuek 2.000 hildako inguru eta milioi bat desplazatu baino gehiago utzi dituzte jada. Netanyahuren Gobernuak eraso armatuak justifikatzeko azaldu du talde islamistak koheteak jaurtitzen dituela.
Israelen eraso armatua, Libano hegoaldean. Argazkia: EFE
Joseph Aoun Libanoko presidenteak gaur, osteguna, azpimarratu duenez, Israelekin balizko su-etena ahalbidetzeko "funtsezkoa" izango da Libano hegoaldean dauden Israelen tropek atzera egitea, hango armadak mugaren kontrola berreskuratu ahal izateko.
"Israelen Indar Armatuak Libanoko lurraldetik erretiratzea funtsezkoa da su-etena ahalbidetzeko eta Libanoko Armada nazioarteko mugetaraino hedatzeko, Estatuaren agintaritza erabat hedatuko da, eta edozein presentzia armatu kanporatuko dugu", adierazi du Aounek.
Martxoaren hasieran Israelekin gatazka armatua hasi ondoren, Libanoko agintariek gogortu egin dute Hezbollah talde xiitaren aurkako jarrera eta hura desarmatzeko beharra areagotu egin da. Prozesua joan den urtean hasi zen, baina poliki-poliki egin du aurrera, mugimendua horren aurka agertu baita.
Testuinguru horretan, Libanoko presidenteak telefonoz hitz egin du gaur, osteguna, Marco Rubio AEBko Estatu idazkariarekin, su-etena ahalbidetzeko asmoz, elkarrizketekin jarraitu aurretik.
"Libanok eskatzen duen su-etena lehen urratsa izango da bi herrialdeen artean zuzeneko negoziazioak hasteko", esan du Aounek, martxoaren 2an gatazka armatua hasi zenetik ideia hori sustatzen aritu ostean.
Ildo horretatik, Libanoko presidenteak berretsi du "konpromisoa" duela "hegoaldean eta Libanoko eskualde guztietan eskalada gelditzeko", eta azpimarratu du behingoz eten egin behar direla "zibil errugabeen" aurkako erasoak eta "Libanoko herri eta hirietan etxebizitzak suntsitzea".
Erasoek ez dute etenik Libano hegoaldean
Israelgo Defentsa Indarrek (FDI) eta Hezbollah talde xiitak "liskar bortitzak" izan dituzte berriro goizaldean, Libano hegoaldeko mugan.
Ziurgabetasun handiko unean jazo dira erasoak. Bi aldeen arteko liskar armatuek 2.000 hildako inguru eta milioi bat desplazatu baino gehiago utzi dituzte jada. Netanyahuren Gobernuak adierazi du eraso armatuak talde islamistak koheteak jaurtitzen dituelako egiten dituztela.
Israelek ez du bat egin AEBk eta Iranek aurreko astean adostu zuten su-etenarekin.