AEBren eta Iranen arteko bake-negoziazioak abian dira, Libanon, Ormuzko itsasartean eta garapen nuklearrean arreta jarrita
Negoziazioak ostiralean hastea espero zen, baina Iranek bertan behera utzi zituen egun horretan, Israelek Libanoko hegoaldean egindako erasoen ondorioz. Teheranek behin-behineko akordioa osorik betetzeko eskatu du, gerrari amaiera emateko.
AEBren eta Iranen arteko bake-negoziazioak gela honetan egingo dituzte. Argazkia: EFE
Dena prest dago Genevan datozen orduotan AEBko eta Irango ordezkariak hartu eta bake-elkarrizketak abiatzeko, Pakistanen eta Qatarren bitartekaritzarekin. Bertan dira jada ordezkari guztiak bi gai nagusi eztabaidatzeko: Libanon su-etena bermatzea eta Irango garapen nuklearra jorratzea.
Azken orduotan, Israelek Libano hegoaldean erasoak egiten jarraitu du, eta, horren aurrean, Ormuzko itsasartea itxita dagoela iragarri du Iranek. Egoera ikusita, gerrari amaiera emateko behin-behineko akordioa oso-osorik betetzeko eskatu du Teheranek.
JD Vance AEBko presidenteordea gaur bertan iritsi da Suitzara, Iranekin bake-negoziazioen lehen txanda hasteko, iragan asteazkenean bi aldeek sinatutako behin-behineko akordioa oinarri hartuta, 4 hilabeteko gerra honi amaiera emateko.
AEBko Gobernuaren ordezkaritzak Steve Witkoff ordezkari berezia eta Jared Kushner Donald Trump presidentearen suhia ere hartuko ditu.
Larunbat arratsaldean iritsi ziren Irango ordezkariak Suitzara, Mohamad Baqer Qalibaf Parlamentuko presidente eta bake-elkarrizketen arduraduna buru, Abbas Araghtxi Kanpo Arazoetako ministroarekin batera.
Qatar eta Pakistan herrialdeetako ordezkariek ere parte hartuko dute negoziazio horietan, bitartekari gisa. Pakistango Gobernuaren ordezkari gisa, Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroa eta Asim Munir Estatu Nagusiko mariskala joan dira Suitzara.
Washingtonek eta Teheranek elkar ulertzeko behin-behineko akordio bat sinatu dute ekainaren 17an. Horren arabera, 60 eguneko epea dute otsailaren 28an hasi zen gerrari amaiera emango dion akordio bat lortzeko.
Hasiera batean, Bürgenstockeko negoziazioak ostiralean hastea espero zen, baina Iranek bertan behera utzi zituen egun horretan Israelek Libano hegoaldean egin zituen erasoen ondorioz.