Iranek amaitutzat eman du AEBekin zuen akordioa haren erasoen ostean, eta Jameneik "ikasgai ahaztezinez" ohartarazi die
Irango buruzagi gorenak Donald Trump AEBko presidentea seinalatu du, bi aldeek adostutako Akordio Memorandumean aurreikusitako su-etena ez betetzeagatik.
Bi emakume Ali Jamenei zenaren horma-irudiaren aurretik igarotzen, Teheranen. Argazkia: EFE
Mojtaba Jamenei Irango buruzagi gorenak salatu du AEBek behin eta berriz urratu dutela ekainaren 18an sinatutako memoranduma, eta ohartarazi du Errepublika Islamikoak "ikasgai ahaztezinak" dituela Washingtonentzat.
Ordu batzuk lehentxeago, Irango Atzerri ministrorde Kazem Gharibabadik ere iragarri du herrialdeak bertan behera utzi dituela bere konpromisoak eta akordiorako memorandumaren aplikazioa, "AEBk akordioaren baitan dituen betebehar guztiak urratu eta bertan behera utzi dituelako", salatu du.
"Satan handiak -AEBei errefentzia eginez- Ameriketako Estatu Batuetako eta Irango presidenteek sinatutako elkar ulertzeko memorandumean hartutako konpromisoak behin eta berriz urratzeak agerian utzi du AEBko presidentearen sinadura zeinen baliogabea den", adierazi du Jameneik sare sozialetan eta estatuko telebistan zabaldutako adierazpenetan.
Jamenei ez da jendaurrean agertu martxoan herrialdeko buruzagi goren izendatu zutenetik. Gaur ere mezu bidez komunikatu da eta AEBei ohartarazpena bidaltzeaz gain, batasun nazionalerako deia ere egin die herritarrei. Hala, zatiketak eta barne gatazkak saihesteko eskatu die herritarrei eta agintariei.
Iranek jakinarazi duenez, azken asteetan AEBk egindako erasoek 50 hildako eta 500 zauritu baino gehiago eragin dituzte. Gainera, 10.000 pertsona urik gabe daude Hormozgango gatzgabetze-makina baten aurkako erasoen ondorioz.