Hiru urte Hamasen urriaren 7ko erasoak gertatu zirenetik: Galdera asko oraindik eta Israelen genozidioa Gazan
Urriaren 7ko Hamasen erasoetan 1.200 pertsona inguru hil eta beste 250 bahitu zituzten Israelen. Ondoren Israelgo Armadak abiatutako erasoaldian 74.230 pertsona hil eta 175.200 zauritu dituzte Gazako Zerrendan soilik.
2023ko urriaren 7ko irudi bat, Palestinan. Artxiboko argazkia: EFE
Bihar hiru urte beteko dira Hamasek urriaren 7ko erasoak egin zituenetik (1.200 pertsona hil eta 250 inguru bahitu zituen), eta geroztik Israelgo Armadak abiatutako erasoaldian gutxienez 74.230 pertsona hil eta 175.200 pertsona zauritu dituzte Gazako Zerrendan, Hamasek kontrolatutako Gazako Osasun Ministerioak zabaldutako datuen arabera.
2023ko urriaren 7ko erasoen eragina nabaria da, oraindik ere, Israelen ez ezik baita Palestinako lurraldeetan ere.
Galdera asko erantzunik gabe
Hamasek Israelen egindako atentatuen ondotik, segurtasunaren inguruko zalantzak zabaldu ziren herrialdean. Hiru urte geroago, Israelgo gizarteak gardentasuna eskatzen die buruzagi politiko eta militarrei.
Israeldarren lautik hiruk urriaren 7ko erasoen inguruko batzorde independente bat sortzea eskatzen dute, Israelgo Segurtasun Nazionaleko Ikerketa Institutuak irailean egindako inkesta baten arabera. Benjamin Netanyahu lehen ministroak, ordea, behin eta berriro baztertu du aukera hori.
Israelen genozidioa Gazan
Bien bitartean, Israelgo Armadak abiatutako erasoaldiak ez du etenik Gazan. Are gehiago, Israel Gazan egiten ari dena genozidioa dela salatu dute, besteak beste, NBEko adituen batzorde independente batek, Amnistia Internazionalak eta B 'Tselem gobernuz kanpoko erakunde israeldarrak.
Gainera, Israelgo Armadak Gazako azpiegituren % 82 kaltetu ditu eta bi milioi pertsona inguruk, Gazako biztanleen % 94k, babeslekuen eta oinarrizko ondasunen beharra behar dute oraindik, NBEren eta Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseiluaren arabera.
Kolonoen asentamendu berriak Zisjordanian
Urriaren 7az geroztik, Gazan ez ezik, ezer ez da berdina Zisjordanian. Izan ere, Palestinako lurralde okupatuetan kolono israeldarren asentamenduak eraikitzeko inoiz baino lizentzia eta laguntza gehiago eman dituzte.
2026ko urtarriletik abuztura, Netanyahuren Gobernuak 12.360 etxebizitza berri onartu zituen Zisjordania okupatuan, eta martxoan bakarrik 34 asentamendu baimendu zituen.
Indarkeria giroa Zisjordanian
Gainera, palestinarren aurkako jazarpena eta erasoak areagotu egin dira Zisjordanian azken aldian. Kolonoek su eman diete hainbat etxeri, palestinarrak erasotu eta horien abereak hil dituzte beraien lurretatik kanporatzeko asmoz.
Gutxienez 1.105 palestinar —242 adingabe— hil dituzte Israelgo Armadak eta kolonoek 2023ko urriaren 7tik Zisjordanian, Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak martxoan egindako txosten baten arabera.
Gazarako Bake Batzordea, ez aurrera ez atzera
Donald Trump AEBko presidenteak bultzatutako Gazarako bake batzordeak ez du aurrerapauso nabarmenik eman, eta Gazako eta Palestinako egoera Irango gerraren itzalean gelditu da.
Gazarako Bake Batzordean dirua jarri behar zuten herrialdeek (Golkokoak, batez ere) ez dute hitzemandako dirua jarri, eta, bestetik, Israelek Gaza okupatzen jarraituko duela (% 60 baino gehiago) agindu du, Hamasek armak entregatzen dituen arte. Hamasek, bere aldetik, Israelgo soldaduak erretiratzea eskatu du armak entregatzeko ezinbesteko baldintza gisa.
Hauteskundeak Israelen eta Netanyahuren etorkizuna
Datorren urriaren 27an egingo dira Israelgo Parlamenturako hauteskundeak eta hitzordu horretan erabakiko da, besteak beste, Netanyahuren etorkizuna. 19 urte egin ditu agintean, hiru alditan banatuta, eta herritar askoren jomugan dago urriaren 7ko atentatuen erantzule egiten dutelako.