Christa Pike heriotza-zigorretik bizirik atera zen: Zer gertatuko zaio orain Tennesseeko presoari?
Pikeri bi injekzio "hilgarri" jarri zikioten, baina ez zuten hil. Ospitalean osatzen ari da, baina bere etorkizuna ez dago argi.
Christa Pike, Tennesseeko (Ameriketako Estatu Batuak) heriotzaren korridorean ia hiru hamarkada eman ondoren, zigorretik bizirik atera zen aurreko astean. AEBko Justiziak bere bizitzarekin amaitzeko asmoa zuen eta bi pentoarbital dosi jarri zizkion, baina ez zuten hil. Emakumeari heriotza-zigorra ezarri zioten 1996an, 18 urte zituela egindako hilketa batengatik.
Jarri zizkioten injekzioak normalean hilgarriak dira. AEBko historian akatsen zerrenda luzea dago, deskarga elektrikoetan zein injekzioetan. Kondenatua hilzorian uzten dituzte eta bigarren saiakera bat egin behar izaten diote, minutu gutxira.
Hala ere, ez da inoiz horrelako egoera batetik bizirik atera, eta AEBetako Justizian ez dago hurrengo urratsak ezartzen dituen inolako protokolorik.
Gaur egun, Pike ospitaleratuta dago, pronostiko ezezagunarekin, medikuen arabera. "Bere egoerak ez du aurrekari medikorik", esan dute bere abokatuek.
50 urteko emakumea kontziente dago eta hitz egitera ere iritsi da, baina injekzioek utziko dizkioten ondorioak ezezagunak dira. Nolanahi ere, artatu duten medikuek ziurtatu dute errekuperazioa luzea izango dela.
Zer gertatuko da zigorrarekin?
Nolabait, heriotza-kondena dagoeneko aplikatu egin diote. Ez dago argi Tennesseeko Estatua berriro saiatuko den edo zigorra gauzatutzat joko duen. Edonola ere, bigarren saiakera ez da berehalakoa izango.
Ikerketa "sakona"
Batetik, Bill Lee Tennesseeko gobernadoreak aldi baterako eten ditu aurtengo exekuzioak. Hauxe izan da bere argudioa: "Legez ezarritako epaiak gauzatzea estatuaren erantzukizun garrantzitsuenen artean dago, eta Tennesseeko herriak espero du modu legal eta konstituzionalean ez ezik, eraginkorrean ere egitea".
Horrek esan nahi du ez dituztela hilko ez Pike ezta kondenatutako beste inor ere, gutxienez ikerketa "sakona" egin arte.
Exekuzioa eragotziko luketen ondorio neurologikoak
Bigarrenik, argitzeko dago zer ondorio geratuko direna Pikeren osasunean. Baliteke kalte neurologiko larriak jasatea, droga hilgarriaren ondorioz. Agian, egoera horretan, zigortua ez litzateke gai kondena bera eta egindako delituarekin duen lotura ulertzeko. Hori, hain zuzen ere, ezinbesteko baldintza da AEBko legedian. Kondenatuak ezin izan badu heriotza-zigorra "arrazionalki ulertu", ezin diote aplikatu.
Fiskaltzak berriz exekutatzea eskatzen badu, Pikeren defentsak baliogabetzea eska dezake neurologikoki gai ez izateagatik.
Beste saiakera bat "krudelegia" litzateke
Azkenik, giza eskubideen aldeko elkarteek ere berriro saiatzearen aurkako lana egingo dute. Volker Turk NBEko goi-komisarioak "beste exekuzio saiakerarik ez egiteko" eskatu die agintariei. Turkek heriotza-zigorra bera indargabetzeko beharraz ere hitz egin du.
Baina, gainera, bigarren saiakera "ezohiko zigor krudela" litzateke, eta hori debekatua dago AEBetako Konstituzioan. Argudio hori erabiliko dute Pikeren abokatuek eta giza eskubideen defendatzaileek. "Huts egindako saiakera ugariek eragindako sufrimendu fisiko eta mental luzea gorrotagarria eta krudela da, eta epaiketa justua izateko eskubideari lotutako oinarrizko gaiak konpondu gabe jarraitzen dute", idatzi du Türkek sare sozialetan.
Libre atera daiteke?
Nolanahi ere, nahiz eta bere bizitza amaitzeko beste saiakera bat baztertu, Pike ez litzateke aske geratuko. Bere defentsak baldintzapeko askatasunik gabeko biziarteko kartzela-zigorra ezartzeko aukerarekin lan egiten du.