Euriak gogor joko du Euskadi gaur ere, eta itsasaldeko arriskuagatik abisu horia ezarri dute
Euskalmetek abisu horia ezarri du ostiralera arte, olatuen inpaktuagatik, kostaldean, eta nabigaziorako arriskuagatik, lehen bi milietan. Egun oso euritsua izango da, eta prezipitazio mardulenak ipar partean egingo ditu.
Olatuak, Donostian. Argazkia: EFE
Euskalmetek abisu horia ezarri du ostiralera arte, itsasaldeko arriskuagatik, bai olatuek kostaldean izango duten inpaktuagatik, bai lehen bi milietan nabigatzeko izango diren konplikazioengatik. Euskal Meteorologia Agentziak ohartarazi du olatuek kostaldean gorabeherak eragin ditzaketela.
Gaur, euri ugari egingo du lurraldearen zati handi batean, batez ere ipar partean; bertan mardulagoak eta iraunkorragoak izango dira. Fronte batek Euskadi zeharkatuko du berriro, eta, arratsaldetik aurrera, ekaitzak sor daitezke inguru horretan. Elur-kota 1.300-1.400 metrotan izango da. Mendebalak edo hego-mendebalak gogor joko du, eta kostaldean bolada oso gogorrak izan daitezke; tenperatura, berriz, ez da nabarmen aldatuko.
Abisu horiak ostiralean jarraituko du indarrean, eta euria ere egingo du, gogotik egin ere. Lehen orduetan prezipitazioak lurraldearen luze-zabalean izango dira, eta zaparradak botako ditu ipar partean eta ekialdean. Orduek aurrera egin ahala, egoerak hobera egingo du mendebaldetik ekialdera, eta, arratsaldean, ostarteak irekiko dira. Mendebalak baretzera egingo du arian-arian, eta tenperatura maximoek gora egingo dute, nabarmenago ipar partean.
Donostian, eta abisua indarrean dagoen bitartean, Udalak Pasealeku Berria, Haizearen Orrazia eta Zurriolako kai-muturrerako sarbidea itxi ditu. Erabakiak ibilgailuei eta oinezkoei eragiten die, eta Santa Klara uharterako garraio-zerbitzua ere bertan behera geratu da.