120 km/h-tik gorako ufadak egon daitezkeela eta, alerta laranja iganderako Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan
Nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik ere alerta laranja indarrean izango da. Zarautzen ez da Sagardo Egunik izango eta Donostian parkeak itxi dituzte. Getxon, krisi mahaia bilduko da igande honetan.
Olatuek gogor astindu dute gaur Donostian Haizearen Orrazia. Argazkia: Lazaro Gonzalez
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eguneratu egin du datozen egunetarako muturreko fenomenoen iragarpena, eta horiek ikusita, alerta laranja ezarriko du igandean Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan 120 km/h baino gehiagoko boladak espero baitira. Haize gogorraz gain, Ingrid ekaitzak itsaso zakarra eragingo du, eta, hori dela eta, nabigaziorako alerta laranja ezarriko du biharko eta etzirako; izan ere, 5-6 metroko olatuak espero dira. Elur-arriskua dela eta, abisu horia egongo da indarrean EAEko barnealdean, baita olatuen inpaktuagatik kostaldean eta haizeagatik Araban.
Gaur, larunbatarekin, hiru abisu hori daude indarrean: bi, itsasaldeko arriskuagatik, eta bestea, elurragatik barnealdean. Gauerdiarekin batera aktibatu da itsasaldeko arriskuagatik ezarritako abisu horia (nabigaziorako, lehenengo bi milietan), eta egun osoan egongo da indarrean. 3-3,5 metroko olatuak izango dira, eta baita hortik gorakoak ere egunaren erdiko orduetan. Bestalde, 20:00ak eta 21:00ak bitartean, itsasgorarekin batera, olatuek kostaldean izan dezaketen inpaktua dela-eta, beste abisu hori bat egongo da aktibo. Elurragatik barnealdean ezarritako abisua 15:00etan sartuko da indarrean, gauerdira arte. Elur-kota 600-800 metro inguruan egongo da, eta azken orduetan, 900-1.000 metroan. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago eta ugariago isurialde atlantikoan. Trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra egin dezake, bereziki isurialde atlantikoan.
Igandean, okertzera egingo du aroak, eta bi alerta laranja ezarriko ditu Jaurlaritzak: haize zakarragatik bata eta itsasaldeko arriskuagatik bestea. Euskalmeten iragarpenaren arabera, eguerditik eguna amaitu arte, mendebaldeko haizeak gogor joko du eta ufadek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan, bereziki kostaldean. Itsasoan ez da giro izango: lehen bi milietan alerta laranja egongo da indarrean 15:00etatik 24:00etara nabigaziorako. Olatuen altuera adierazgarria 5 metrokoa izango da arratsaldean, eta 6 metrora irits daiteke azken orduetan.
Elurragatik barnealdean (12:00-24:00), elur-kota 900-1.000 metrora jaitsiko baita, nabigaziorako itsasaldean (00:00-15:00) eta inpaktuagatik kostaldean (08:00-10:00 eta 20:00-22:00) itsasgora denean. Gainera, beste hiru jarriko dituzte indarrean: Arabako haizeguneetan haizeagatik, eta haizeguneak ez direnetan Bizkaian eta Gipuzkoan (12:00-24:00), 100 km/h-ko boladengatik, eta beste bat olatuengatik (15:00-24:00). Euskalmeten arabera, olatuen ezaugarrien eta mendebal-osagaiko haize zakarraren ondorioz, pasealeku eta malekoietan zipriztinak eta olatu-zaparrak izan daitezke.
Donostian, parkeak itxita
Donostiako parkeak eta Polloeko hilerria itxiko dituzte igande honetan, haize zakarra dela eta. Zehazki, sarrera debekatuta egongo da honako toki hauetan: Aieteko parkean (Kultur Etxea izan ezik), Cristina Enean, Miramarren, Urgullen, Serafin Barojan, Oroimenaren Parkean eta Polloen.
Gipuzkoan baita ere, ez da Sagardo Egunik izango Zarautzen, eta datorren astean iragarriko dute data berria.
Egoeraren jarraipen berezia Getxon
Testuinguru horretan, egoeraren jarraipen berezia egiteko krisi-mahaia batuko dute igande honetan Getxon (Bizkaia), eta zuhaitzak dauden eremuetatik ez ibiltzeko gomendatu dute; bereziki Zugatzarte pasealekutik eta Maximo Agirre kaletik, zuhaitz handiak daudelako. Aurreikuspenen arabera, Ereagako igogailuaren ohiko funtzionamenduan ere eragina izan lezake haizeak, eta zerbitzuan etenaldiak egon litezke, segurtasun arrazoiengatik.
Eguraldi kaxkarra astelehenerako
Itsasaldeko arriskuagatik nabigaziorako ezarritako alerta laranjak indarrean jarraituko du astelehenean (00:00-06:00), 5-6 metroko olatuak espero baitira. Haizeagatik Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan abisu horia egongo da aktibo gauerditik 03:00ak arte, ufadek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezaketelako. Olatuen zipriztinengatik ezarritako abisu horia ere gauerditik 06:00ak arte egongo da indarrean. Nabigazioari ezarritako alerta laranja abisu hori izango da 06:00etatik eguerdira arte. Olatuen altuera adierazgarria 3,5 metrokoa izango da.
Zure interesekoa izan daiteke
Abisu horia ezarri dute ostegunera arte tenperatura altu eta oso altuengatik
Hurrengo hiru egunetan, maximoak 37º-koak izango dira Arabako hegoaldean, 35º-koak Kantauri barnealdean eta 31º-koak kostaldean.
Zer eguraldi izango dugu gaur?
Oro har, zeru oskarbiak espero ditugu gaurko; kostaldean behe-hodei batzuk espero dira, baina litekeena da eklipsearen ondoren sortzea, gauean zehar.
Ekaitzek gogor jo dute Nafarroan eta Gipuzkoan, bigarren egunez jarraian
Gauerdira arte, alerta laranja izango da indarrean ia Nafarroa osoan eta Ipar Euskal Herrian. Noainen, txingor erauntsia izan da, eta 10 minutuan 5 litro pilatu dira metro koadroko.
Euskadik abisu horia ezarri du larunbat honetan, lurraldearen hegoaldean 35 gradu ingurura heldu daitekeelako
Abisua 12:00etatik 20:00etara egongo da indarrean, baina ekaitzak eta haize-bolada oso zakarrak izan daitezke arratsaldetik aurrera.
Eguraldi euritsua eta freskoa, ostiralean beroa itzuli aurretik
Ostegunean hodeiak eta prezipitazioak izango dira nagusi Euskal Herriko toki gehienetan, baina eguraldiak hobera egingo du apurka-apurka. Ostiralean tenperaturak gora egingo du nabarmen, eta asteburuan trumoi-zaparradak bota ditzake, arratsaldez.
Euria eta aro freskoa ostegunera arte
Giro ezegonkorra izango da datozen bi egunetan: euri txikia egingo du Kantauri isurialdean, trumoi-ekaitzak jo dezake barnealdean eta tenperatura maximoak jaitsi egingo dira.
Uztailak utzitakoak: 3,6 ºC beroagoa izan da eta muturreko lehortea ekarri du
Hilaren 5etik eta 12ra izandako bero-boladak markak hautsi zituen. 40 gradutik gorako tenperaturak izan ziren hainbat lekutan.
Astea freskotik hasiko da eta ekaitzak izan daitezke arratsaldean
Hodeiak ugarituz joango dira astelehenean, eta tenperaturak behera egingo du Euskal Herrian. Gainera, baliteke arratsaldean trumoi-zaparradak botatzea, batez ere ekialdean. Asteartean, eguraldi egonkorra eta beroa itzuliko dira.
Udako giroa protagonista igandean
Tenperaturek gorako bidea hartuko dute, eta 25 ºC-ren langa gaindituko dute kostaldean. Maximoak 30 graduren bueltan geratuko dira barnealdean, eta 35 ºC-tik gora lurraldearen hegoaldean. Hala, abisu horia ezarri dute Arabako Errioxan, Nafarroako erdialdean, Pirinioetan eta Erriberan.
Casedan jo dute goia termometroek, 42,1 graduraino iritsi baitira
40 ºC inguruko tenperaturak izan dira gaur toki askotan. Nafarroan eta Araban alerta laranja dago ezarrita, beroagatik.