Segurtasun Sailak alerta laranja ezarriko du ostegun honetan, 7 metrorainoko olatuengatik
Itsasoa zakar ibiliko dela jakinarazi du Segurtasun Sailak, eta ohartarazi du osteguneko 09:00ak arte 100 km/h-ko haize-boladak izan daitezkeela haizeguneetan, batez ere kostaldean.
Olatuak, Donostian. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak nabigaziorako alerta laranja ezarriko du ostegun honetan, 7 metrorainoko olatuak izan daitezkeelako.
Alerta asteazkenetik ostegunerako gauerditik arratsaldeko seiak arte egongo da indarrean. Ordu horretatik aurrera, abisu horia izango da gainerako orduetan, olatuak 4-5 metrokoak izango baitira, eta 3,5 metrokoak eguneko azken orduetan.
Segurtasun Sailak ohartarazi du itsasoa zakar ibiliko dela eta, gainera, ostegun goizeko bederatziak arte 100 km/h-ko haize-boladak izan daitezkeela haizeguneetan, batez ere kostaldean. Haizeguneak ez diren lekuetan, haizea orduko 60 eta 80 kilometro artean ibiliko da.
Abisu horiei asteazken honetan nabigaziorako beste abisu bat gehituko zaie, 3,5 metrotik gorako olatuak altxatuko baitira.