Hodeiak eta euri pixka bat, aldaketaren aurretik
Asteazken lainotsuago baten ostean, euria eta tenperaturen jaitsiera izango dira protagonista ostegunetik aurrera.
Hodeiak eta ostarteak. Artxiboko argazkia: Rikardo Agirregomezkorta.
Gaur euri apur bat egin dezake, batez ere ipar partean, eta ostegunetik aurrera aldaketa lurralde osora zabalduko da. Bitartean, ipar isurialdean tenperatura maximoak jaitsi egingo dira, baina hegoaldean maximoak mantendu edo apur bat igo egingo dira, Ebro ibarrean batez ere.
Asteazkenean, isurialde Atlantikoan lainotuta egongo da goizean goizetik, batez ere itsasertzean; hegoaldean ostarteak nagusituko dira goizean, baina arratsaldeak aurrera egin ahala lainotzera egingo du eta ez da baztertzen egunaren amaieran zaparradak botatzea han-hemenka, txikiak hala ere. Iparraldeko haizeak tenperaturak zertxobait leunduko ditu arratsaldean ipar partean, eta arratsaldean, bizitu egingo da haizea pixka bat barnealdean. Hala ere, Araba barnealdean eta Nafarroa erdialde eta hegoaldean bero egiten jarraituko du. Nafarroan atzera abisu horipean egongo dira tenperatura altuengatik 13:00etatik 21:00etara. Erriberan 38 ºC ere harrapa litzakete merkurioak. Halaber, Meteofrancek abisu horia ezarriko du Ipar Euskal Herrian, ekaitzengatik, 17:00etatik aurrera.
Ostegunean, aldaketa etorriko da. Goizean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango diren arren, orduek aurrera egin ahala lainotzera egingo du mendebaldetik hasita. Arratsaldean euritara joko du eta egunaren amaieran zaparrada mardulagoak egin ditzake. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira, pare bat gradu ipar partean eta lauzpabost edo gehixeago, barnealdeko eskualdeetan. Iparraldeko haizea ibiliko da eta zakartu egingo da arratsaldean.