Abian da bizikidetza oinarri duen Donostia 2016 kultur hiriburutza
Donostiak ofizialki inauguratu du 2016ko Europako Kultur Hiriburutza, desberdinen artean zubiak eraikitzearen aldeko alegatua egin duen zeremonia baten bitartez, Europa barruko bizikidetzaren oinarria izan dadin.
"Zubi" eta "bizikidetza" hitzak izan dira Victoria Eugenia antzokiko agertokira igo diren pertsonalitateek ahotan gehien erabili dituztenak. Bertan egin da Gipuzkoako hiriburua Europako Kultur Hiriburu bihurtu duen ekitaldi instituzionala. Poloniako Wroclaw hiriarekin batera partekatzen du Donostiak hiriburutza. Hango alkatea Donostian egon da, baina ezin izan du ekitaldira joan, ondoezik egoteagatik.
'Elkarrekin bizitzeko kultura', Donostia 2016ko leloa
Donostia 2016ko zuzendari nagusi Pablo Berasteguik iragarri duenez, "urte aparta, bizia eta harrigarria" izango da. 'Elkarrekin bizitzeko kultura' lelopean, "kulturak gizartearen eraikuntzan leku nabarmena duela" aldarrikatuko du, "dela tokiko esparruan, dela Europakoan, dela mundu osokoan".
Handik gutxira, Martine Reichrets-ek, Europar Batzordeko Hezkuntza eta Kultura zuzendari nagusiak, Donostia kultur hiriburua dela aitortzen duten plaka eta diploma eman dizkio Eneko Goiari. Ekitaldia jarraitzen zegoen publikoaren artean Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza zabala ikus zitekeen, Iñigo Urkullu lehendakaria guztien buru zela. Haiekin batera egon dira, besteak beste, Iñigo Méndez de Vigo Kultura ministroa, Carlos Urquijo gobernu-ordezkaria eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia.

Victoria Eugeniako ekitaldian egon diren ordezkari instituzional nagusiak. Argazkia: EFE
Goiak eskerrak eman dizkie "hiriburutzaren ametsa eraikitzeko harriak jarri zituzten" pertsonei, "nahiz eta bidean hainbat zailtasun izan. errealitate bilakatu da".
Donostiako zinegotzi nagusiak azpimarratu duenez, Euskadik asko daki "sufrimenduei eta zubiak suntsitzeari buruz; horrenbestez, "uztondoak erre eta bizikidetzaren bidea hautatzearen alde" agertu da, baita zubiak gurutzatu eta eraikitzearen alde, "gureak zein kolektiboak", "elkar ulertzeko gozatzeko eta batera bizitzeko".
Ildo beretik dira Urkulluren hitzak ere. Bere esanetan, "Euskadin atzera begiratuz gero," indarkeriak "harremanak apurtu eta zubiak eraisten dituela ikus daiteke". Hori dela eta, "zubiak beharrezkoak dira desberdinen artean", adierazi du lehendakariak. "Ez dugu Europa harresiz bete behar, baizik eta espazio ireki bat sortu".

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB
Mendez de Vigo Kultura ministroak ETAk eraildako Gregorio Ordóñez gogoratuz ekin dio bere mintzaldiari, eta ziurtatu du PPko zinegotziak defendatu zituen "askatasuna, tolerantzia eta ulermena" hiriburutzaren ardatzak ere badirela.
Edukien hautaketan asmatzegatik lantaldeari zorionak eman ostean, Mendez de Vigok nabarmendu nahi izan du kultura dela Europak duen oinarririk sendoena, eta hura gabe "egungo errealitate politikoa ezingo zatekeen garatu".
Ordezkari politikoen esku-hartzeekin batera, antzokira bertaratu direnek honako artista hauen ikuskizunak ikusteko parada izan dute: Demode Quartet, Txema Esteban artista plastikoa, Kukai dantza-taldea eta Clara Muñoz eta Maialen Egiazabal txelo-jotzaileak.
Ekitaldia amaitu eta gero, gonbidatuak Tabakalera eraikinera joan dira "Bizikidetzaren zubia" izeneko ikuskizuna ikusteko. Aipatu ikuskizuna Hansel Cerezaren eskutik etorri da eta Maria Cristina zubian garatu da, arratsaldeko lehen orduetatik hara hurbildu diren milaka donostiarren begiradapean.

Cerezaren ikuskizunak Mikel Laboaren abesti ezagun bat bertsionatu du. Argazkia: EiTB