Bigarrena estreinatu berritan, errepasoa lehenbizikoari
Izugarriak Abadiñoko Galder Gaztelu-Urrutiak, Bilboko Basque Filmsek eta lantalde guztiak beren El Hoyo 2020ko filmarekin Netflix plataforman hautsitako markak. Orain artio, 82 milioi bistaratze izan du.
Plataforma bereko ikusle ororen esku eta begietara iritsi baino astebete lehenago, Donostiako Zinemaldian El hoyo 2 estreinatu zen jende, zale, miresle, adoratzaile makina, andana, saldo baten txalo eta oihu artean. Hain ziren zale, hain ziren jendaia leial sutsuak, ezen artean bigarrena proiektatu ez bazen ere batek baino gehiagok eskatu zuten, ezin ozenago eskatu ere, El hoyo 3.
Bi filmen nondik norakoa ederki ezagutzen dute planetan zehar sakabanaturiko milioika lagunek. Porlanezko eraikuntza estrainio batean, 333 maila dituen batean, badira giltzapeturik edo (edo idatzi dut zeren eta nahita sartu baitira, auskalo zeren bila, zeren desiran, zeren ezkutuan) ehundaka pertsona. Goiko mailetan dirautenek nahiko ondo jaten dute, egunero zerbitzatutako plater gozoak. Beste mailetan daudenek, alta, besteek utzitako hondarrak baino ez dituzte jasotzen. Azken pisuetan bizirauten saiatzen direnak gosez hiltzen dira. Bai, Danteren Jainko Antzerkia ematen du…. Bai, El Bosco eta Brueghelen koadroak etortzen zaizkizu, gezi-kolpetan, buru, errai eta begietara.
El Hoyo/El Hoyo 2, 82 milioi bisitaldi eta gorantz. Pelikula bigarrena estreinatu bezain pronto, Bilboko Bentosa bidean den Last Tour Liburuak izeneko argitaletxeak Dentro del Hoyo liburu ezin ederragorik kaleratu du. Kulturari, Interneti, podcastei buruzko jardunaldien antolatzailea eta Caostica kolektibo zinematografiko estralurtarraren kidea den Juan Dopico Massobriok eginda, azal gogor, dotore, luxuzkoa duen beltzez eta urrez tindaturiko liburukoteak errepaso erabatekoa egiten dio Galder Gaztelu- Urrutiaren pelikulari, bere sekretu, misterio eta erreferentzia kasik guztiak argitan (erdi itzaletan ere) utziz.
Juan ez da Don Inor Ez El Hoyoren unibertsoan. Izan ere, Community Manager izan zen bertan. Baita filmaketaren argazkilaria ere. Eta aktorea. Are, Zorion Eguileorren beraren akziozko ordezkariaren beharra burutu zuen lehengo saioan. El Hoyo 2n, berriz EHUko lizentziatu honek, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean Arte Digitalak ikasi zituenak, making of-a sortzeko ardura onartu zuen
Liburuan, pertsonaia guztien berri zehatza jasotzen dugu. Goreng. Timagasi. Imoguiri. Miharu. Brambag jauna. Baharat. Baita arakatu daitezkeen erreferentzia denak ere. Kixotea. Dante. Vicenzo Nataliren Cube, Luis Buñuelen El ángel exterminador, Denis Villeneuveren Next Floor laburra Ridley Scotten Blade Runner, Itun Berria bera, Kyle Patrick Alvarezen Experimento en la prisión de Stanford film bastante gaizki ezaguna…
Pisu eta bolumen handiko liburu honek ustekabean harrapatzen du irakurlea, orrialdeetan barna errezetak eskaintzen dituelako. Printzipioz, ez duzu uste kozina liburu bat erosi duzula. Baina hor daude; sekula dastatu ez dituzun hamaika jaki prestatzeko gomendio biziak. Zer motatakoak? Ba, esaterako… barraskiloekin gisaturiko zerri eskuak, zitrikoz eta vodkaz eginiko koktela (piperbeltza daramana), ukitu mina duen baratxuriz kozinaturiko saguzar zopa krematsua, panna cotta sintetikoa, 3Dko inprimatzeren bitartez lortua; oliba beltzezko zementu jangarria… Nori otu zaizkio atrebentzia horiek guztiak? Bi Michelin izar dituen David Garcia Pereda bilbotarrari. 128. orrialdean dagoena, baina, nutrizionista baten asmakizun/asmakeria da. Goreng pertsonaia nagusiak flako, oso flako egon behar zuen bi filmetan. Alejandro Tomas nutrizionista arduratu zen Iván Massagueren argaltzeko dietaz; espinakak, ardi-mihiak, errukula eta 150 gramoko beste begetal sorta bat. Horixe izan ohi zen aktorearen afaria filmaketek iraun zuten bitartean…
Juan Dopicoren liburua esku artean eta begi aurrean edukiz gero, Bilbao Exhibiton Centerren, okindegi industrial batean, Gaztelugatxeko San Joanen, Euskaldunaren inguruetan filmatu zen El Hoyo lehenbizikoak ez du izango, hemendik aurrera, zaleentzako sekreturik. 250 orrialde horietan Aranzazu Calleja musikaz aritzen da. Eta argiaz Jon Dominguez. Liburua itxi gabe, lantaldearekin joango gara zinemaldiz zinemaldi (Donostiako Beldurrezko Astea barne…).
Bilbon aurkeztuko da, jakina, liburu markaz kanpokoa. Sitgesen izana da autorea. Fantastikoaren akelarre Kataluniakoa Paul Urkijorekin partekatu du Dopicok. Gaua izenburuko bere hurrengo filmaz hitz egiteaz aparte, Arabako semeak paperezko beste zinema puska bat erakutsi zuen han, Iratiren inguruko art book delakoa, arte liburua. Bai Juanek bai Paulek beren lan tintazkoak eramango dituzte Donostiara ere.
Zin dagizuet, hildako guztiak berpiztu aurretik, Santu Guztiak lurrera jaitsi orduko, izango duzue arte liburu bi horien berri. Azaroa baino lehen ukituko, laztanduko, miaztuko usainduko eta irakurriko dituzuela ematen dizuet hitza. Bai Bilbon, bai Donostian. Terrorearen miresle erremedio gabekook ikusteko irrikaz gauden Terrifier 3 estreinatu baino lehen. Zinez diotsuet.
Zure interesekoa izan daiteke
Aurora Beltranek Vianako Printzea Kulturaren Saria jaso du
Aurora Beltran abeslari nafarrak jaso du gaur 2026ko Vianako Printzea Kulturaren Saria, Los Arcosen, "hegan egin nahi izan duten eta, agian, ezin izan duten edo utzi ez dieten emakume guztiei eskainita".
Sortzaile, ekoizle eta plataformak batuko ditu Podcast Geltokia jaialdiak
Ostegunetik, hilak 28, hasita, Tabakalera Donostiako zentroak Podcats Geltokia audioaren jaialdiaren lehen edizioa hartuko du. Hiru egunez, audioaren munduan lanean ari diren eragileak bilduko ditu Tabakalerak eta EITBk bultzatu duten topaguneak.
Iruñeko Katedralak Valentinoren 25 pieza ezezagun ditu ikusgai
'Indito Valentino' erakusketak diseinatzaile italiarraren goi-mailako 25 pieza ezezagun bildu ditu lehen aldiz Iruñeko Katedralean. Inoiz erakutsi ez den bilduma baten parte dira lanak, eta Valentinoren nortasun-ezaugarri ezagunenetako batzuk erakusten dituzte eta erakusketa ekainaren 21era arte egongo da ikusgai.
GetxoPhoto jaialdia ostegunean hasiko da, "RESET" lelopean
20 urte beteko dituen honetan, GetxoPhoto jaialdia ostegunean hasiko da, ekainaren 21era arte, "RESET" izenburupean. Antolatu dituzten 23 erakusketetatik laurdena baino gehiago Punta Begoñan egongo dira. Ereagako pasealekua eta Algortako merkatua izango dira beste bi gune garrantzitsuak, eta azken horretan egingo dute urtebetetze festa. 233 argazki, 44 herrialde eta sistema berrabiarazteko gonbita edizio honetan.
Musika proiektuei bideratuko diete Durangoko Azokaren Sormen Beka aurten
Euskarri fisiko zein digitalean bi lan baino gutxiago argitaratu dituztenek hartu ahalko dute parte deialdian, irailaren 21a baino lehen. 15.000 euroz lagundutako lana euskarazkoa izango da, hitzik badauka, eta 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko da emaitza.
"Fantasia eta arrazoia": Goyaren artelan handiak biltzen dituen erakusketa, Arte Ederren Gasteizko Museoan
Gerraren hondamenak, Tauromakia, Burugabekeriak eta Kapritxoak dira, besteak beste, Francisco de Goyaren lau sail nagusietakoak. Erakusketa 2027ko otsailera bitarte egongo da Arte Ederren Gasteizko Museoan. Bestetik, Donostiako San Telmo museoan Goya protagonista duen erakusketa bat dago.
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokak “arnas-unea eta sorkuntzaren plaza” irekiko ditu
Ekainaren 6an, Euskal Liburu eta Disko Azoka egingo da Lapurdiko udalerrian, zazpigarrenez, Baltsan elkartearen eta Argia komunikabidearen ekimenez. Beñat Oihartzabal hizkuntzalaria omenduko dute.
Esther Ferrerrek jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria
Donostiar artistaren “nazioarteko proiekzioa eta arte garaikidearen berrikuntzan egindako ekarpen erabakigarriak” aitortu ditu sariaren epaimahaiak. Uztailean emango diote golardoa, Maddi Alberdi San Martin Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren irabazleari bezala.
Alejandro Gonzalez Iñarrituren hitzaldia astelehenean BBK Aretoan, 'Carne y Arena' erakusketaren inguruko jardueren barruan
Hitzaldia 19:00etan izango da, eta sarrerak eskuragarri daude jada, doan. Mexiko eta AEB arteko mugako migratzaileen eta errefuxiatuen esperientzia eta testigantzetan oinarritutako 'Carne y Arena' murgiltze esperientzia EITBko 5. platoan dago ikusgai martxoaren 16tik ekainaren 20ra arte.
2028rako Veneziako Biurtekoan espazio propioa izateko lanean ari da Euskadi
Hala iragarri du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak eta Kultura sailburuak Venezian egindako ekitaldi instituzionalean. "Aurrera egin nahi dugu, eta gure helburua da euskal sorkuntza artistikoa nazioarteko erakusleiho horretan etengabe proiektatzea", gaineratu du.