EAEko kultur sarea: bizia, baina asimetrikoa
2024an, ia 20.000 ekitaldi inguru erregistratu ziren hiru lurraldeetan, Kulturklik atariaren arabera. Beste era batera esanda: egunean, batez beste, 55 kultur saio izan ziren EAEko udalerrietan.
2024an, 20.000 ekitaldi inguru erregistratu ziren Kulturklik atarian, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta lurraldeko kultur programazioa biltzen duen plataforman. Beste era batera esanda: egunean, batez beste, 55 kultur saio izan ziren EAEko udalerrietan. Hala ere, uzta emankor horren atzean errealitate konplexuago bat dago: kultura ez da berdin iristen txoko guztietara. Ekitaldi ugari izan arren, lurralde-banaketak agerian uzten ditu sarbidean, aniztasunean eta hurbiltasunean eragina duten egiturazko desberdintasunak.
Eskuragarri dauden datuek programazio bizia islatzen dute. Kontzertu, antzezlan, jaialdi, erakusketa, berbaldi eta bestelakoen artean, EAEk kultur jarduera etengabea du urtean zehar. Musika da nagusi: kontzertuek programazio osoaren % 31,8 hartu zuten 2024an (6.342 ekitaldi); ondoren datoz antzerkia (% 21,3) eta ikus-entzunezko proiekzioak (% 11,8). Gainontzekoa beste diziplina batzuek osatzen dute, hala nola dantza-ikuskizunek, erakusketek eta bestelako askotariko jarduerek.
Ekitaldi gehienak udalerri gutxi batzuetan pilatzen dira, jendetsuenetan pilatu ere: hiru hiriburuek –Bilbok, Donostiak eta Gasteizek– ekitaldi guztien % 48 hartu zuten, eta urtean 3.000tik gora antolatu zituzten, batez beste. Hiriburuak kenduta, 36 udalerrik bakarrik gainditu zituzten 100 ekitaldi-urteko langa, eta horien artean nabarmentzekoak dira Getxo (557), Tolosa (338), Barakaldo (335), Durango (334) eta Zarautz (277). Gainerako programazioa 190 udalerritan banatu zen: 3.727 ekitaldi guztira, herri bakoitzeko 19, batez beste. Arrakala horrek ez dio populazioari edo eskura dagoen azpiegiturari soilik erantzuten; instituzioek programatzeko, baliabideak erakartzeko eta kultur agenda egonkor bati eusteko duten gaitasunak ere badu eragina.
Gipuzkoa da dentsitate kultural handiena izan duen lurraldea: mila biztanleko 11,1 ekitaldi. Atzetik datoz Araba (9,7) eta Bizkaia (7,5), eta azken horrek izan du ekitaldi bolumen handiena (8.662). Aldea, beraz, ez dago kantitateari lotuta soilik, biztanle-kopurua ere kontuan hartu behar da. Gipuzkoako zenbait eskualdetan, hala nola Tolosaldean, Urola Kostan, Debagoienan edo Donostialdean, mila biztanleko 10 ekitaldi baino gehiago egin ziren 2024an. Bizkaiko Arratia-Nerbioi eta Enkarterrin, aldiz, ez ziren 7ra iritsi. Lurralde beraren barruan ere, desberdintasunak nabarmenak izan dira.
Ekitaldi motari dagokionez, aurretik esan bezala, musika izan da nagusi,: 6.342 kontzertu (% 31,8). 4.239 antzerki-emanaldi egin ziren (% 21,3); ikus-entzunezko proiekzioek guztizkoaren % 11,8 hartu zuten; hitzaldiek eta jardunaldiek, % 11,5; erakusketek, % 6,9; eta dantza-emanaldiek, % 4,3. Gainerako jarduerek –azokak, ikastaroak, tailerrak, lehiaketak...– agendaren % 12,5 hartu zuten.
Lau ekitalditik hiru eremu itxietan egin ziren, bereziki Donostialdean, Arabako Lautadan eta Bilbo Handian; bertan, formatua % 76tik gorakoa izan da. Gainera, hamar ekitalditik zortzi egun bakarrekoak izan ziren.
Euskara gehiago hauspotu beharra?
Euskal kulturaren panoraman, euskararen erabilera funtsezko elementua da. 2024an, ekitaldien erdiak inguru euskaraz edo ele bietan egin ziren. Batez besteko hori, ordea, aldatu egiten da lurraldetik lurraldera eta eskualdetik eskualdera. Gipuzkoan, zazpi eskualdeetatik seik gainditu zuten % 50eko langa, eta Debagoienan eta Urola Kostan programazioaren erdia baino gehiago euskara hutsean izan zen. Bizkaian, aldiz, zazpitik bostek gainditu zuten muga hori, eta Durangaldea eta Markina-Ondarroa izan dira euskaraz gehien programatu zutenak (% 58,4 eta % 61,5, hurrenez hurren).
Araban, berriz, eskualde bakar bat ere ez da proportzio horietara iritsi; Aiaraldea hurbildu zen gehien (% 38,3 euskaraz, eta % 11,6 ele bietan). Alde horrek agerian uzten du euskarak aurrera egin duela kultur arloan, baina lurraldearen hegoaldeko zenbait eremutan oraindik ere gabeziak daudela. Kultura, zalantzarik gabe, hizkuntza-normalizaziorako bide bat da, baina euskarak oraindik ere bidea urratu beharra du kultur sare osoan erabateko presentzia izateko.
Urteroko jaialdiak, musikalak gehienak
Aparteko kapitulu bat merezi dute urtero-urtero egin ohi diren jaialdiek. 2024an 677 jaialdi egin ziren EAEn, eta horietatik erdiak musikalak izan ziren. Ondoren datoz zinema eta ikus-entzunezko jaialdiak (88), antzerkia (70) eta dantza (49). Gainera, ia ehun jaialdi misto antolatu ziren –musika eta dantza elkartuta, esaterako–, eta 64 hainbat diziplinatara bideratuak, literatura, poesia, argazkilaritza, bideo-jokoak eta modari begirakoak, esaterako.
Eskaintza askotarikoa bada ere, kontzentrazio geografikoa ekitaldi guztiekin dagoen joera errepikatu egiten da: 21 udalerrik hartu zuten jaialdien % 70. Hiriburuak dira berriz buru: Bilbok 134 jaialdi antolatu zituen; Gasteizek, 86; eta Donostiak, 71. Parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, aipagarrienak dira Zinemaldia, Jazzaldia eta BBK Live, 100.000 lagunetik gora izan zituzten, nahiz eta ez den neurtzeko sistema ofizial bateraturik existitzen.
Jaialdien formatuari dagokionez, % 25 aire zabalean egin ziren (ekitaldi guztien % 16,5 soilik izaten da aire zabalean). Dantza (% 48,5) eta musika (% 30,1) dira kanpoko espazioetan nagusi. Gainera, jaialdien % 68k egun bat baino gehiago irauten zuten.
Antzinatasunari dagokionez, dantza-jaialdien erdiek 25 edizio baino gehiago dituzte. Musika-jaialdiak, berriz, gazteagoak dira: % 18,4k baino ez dituzte 25 urte baino gehiago. Denen artean, Donostiako Musika Hamabostaldia da beteranoena, 85 edizio bete baitzituen iaz, Zinemaldiaren aurretik (72 edizio).
Ekipamenduen banaketa: gorabeheratsua
Kultur ekitaldi horiek guztiek azpiegitura fisiko bat behar dute. EAEko udalerriek 3.757 kultur ekipamendu dituzte: 1.189 publikoak dira (liburutegiak, kultur etxeak, museoak, aretoak...) eta 2.568 kultur industriari lotutakoak (produkzio-etxeak, argitaletxeak, konpainiak, dendak, akademiak...).
Banaketa asimetrikoa da: Bizkaiak ekipamendu horien guztien % 49,1 du; Gipuzkoak, % 36,2; eta Arabak, % 14,7. Ez da kasualitatea, hartara, azpiegitura gehien dituzten eremuak ere programazio handiena dutenak izatea.
Eremu batzuentzako zail samarra izaten da kulturarako sarbidea bermatzea: urtean 10 ekitaldi baino gutxiago dituzten udalerriak, euskarazko programaziorik ia ez duten eskualdeak, edo, besteak beste, zinema eta horren gisako jarduerarik eskaintzen ez duten txokoak. Kultur arrakala ez da beti agerikoa, baina existitu egiten da. Kulturklik erabilgarria da argazki orokorra egiteko, baina muga bat du, borondatezkoa da eta ez ditu ekitaldi guzti-guztiak jasotzen. Bereziki zirkuitu alternatiboek eta tokiko eragileek antolatutako jarduerak kanpoan gelditzen dira. Horrek iradokitzen du errealitatea datuek erakusten dutena baino are desorekatuagoa izan daitekeela.
Beraz, EAEko kultura sarea bizia, finkatua eta askotarikoa bada ere, baditu argi-itzalak. Oinarri sendoa dago: ekitaldi andana, jaialdi sare zabala, azpiegitura sendoa eta euskararen aldeko apustu gero eta handiagoa. Baina badira premiazko erronkak ere: eskaintza lurraldez lurralde orekatzea, herri txikiei ikusgarritasuna ematea, jaialdien iraunkortasuna bermatzea eta eskualde guztietan euskararen presentzia indartzea.
Aurreko lerroetan aipatutako datuak batuta, galdera argia da: Zer egin daiteke kultura pertsona guztiengana iristeko, baldintza berdinetan? Baliabideen zentralizazioa indartu ala udalerri txikien protagonismoa bultzatzen duen deszentralizazioa lehenetsi? Eredua edozein dela ere, funtsezkoa da kultura eskubide bat dela ez ahaztea, eta, beraz, herritar guztientzat bermatuta egon behar du, non bizi diren kontuan hartu gabe.
Zure interesekoa izan daiteke
Osakidetzak iaz baino % 11 txerto gehiago jarri ditu, eta gripearen aurka immunizatzeko deia egin du
75 urte baino gehiago edo gaixotasun kronikoren bat dutenek, nahi izanez gero, zita eskatu dezakete gripearen eta covidaren aurkako txertoa hartzeko.
Ikertu gisa deklaratu duen ertzainak ukatu egin du Amaya Zabarteri buruan ostikoa eman izana
Iazko martxoan, Realak eta PSGk jokatu zuten partidan ertzainek foam pilotak jaurti eta zauriak eragin omen zizkieten bi emakumeen salaketen instrukzioak beste pauso bat eman du gaur. Familiek behin eta berriro eskatu dituzten ertzainen deklarazioak hasi dira Donostian.
GOIDIaren biktimak: "Gure senideak ez zituen klimak hil, kudeaketa txarrak eta zientziarekiko errespetu faltak baizik"
GOIDIAren Biktimen Elkartearen presidenteak, Rosa Alvarezek, deitoratu egin du Kongresuko ikerketa-batzordeak kondenatzeko legezko baliorik ez izatea, eta, "garaipen soziala" dela esan duen arren, azpimarratu du oraindik pauso handi bat geratzen dela emateko: Mazon espetxera bidaltzea.
Ezkutatutako gailuak baliatuta gidabaimen-azterketan kopiatzen saiatu diren bi lagun harrapatu dituzte Bilbon
Agente batzuk ohartu ziren bi gizonek jarrera urduria eta antinaturala zutela, eta bularra ordenagailuaren pantailaren ondoan zutela azterketa egin bitartean.
Shein, AliExpress, Temu eta Wish jomugan, haur itxurako panpina sexualak saltzeagatik
Frantziako Gobernuak Shein plataforma debekatzearekin mehatxu egin du, panpina horiek merkatutik erretiratzen ez baditu. Online merkataritzako erraldoia, bere aldetik, Frantziako Justiziarekin kolaboratzeko prest agertu da, Parisko Fiskaltzak ikerketa abiatu ondoren.
Gizon batek bikotekidea hil du Zaragozan
Auzokideek Polizia Nazionalari deitu diote, bikotearen etxean liskar gogor bat izan dela jakinarazteko. Patruila bat bertaratu da, eta emakumearen gorpua aurkitu dute, labankadak dituela. Ustezko hiltzailea dagoeneko atxilotu dute.
Nortzuk dira Espainiako aberatsenen Forbesen zerrendan agertzen diren bost euskal herritarrak?
Daniel Mate donostiarra (Glencore) da euskal ordezkaritzaren buru Forbesen zerrendan. Ondoren, De Urrutia, Ybarra eta Arregui familiak eta Jose Antonio Jainaga siderurgiako enpresaburua daude. Burtsak gorabehera, Euskal Herriko aberatsek Estatuko mapa ekonomikoan duten indarrari eutsi diote.
Mariatxi talde batek Bizkaiko DYAko presidente ohia hartu du Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren atarian
Fernando Izaguirre Bizkaiko DYAko presidente ohia epaitzen hasiko dira astearte honetan, gobernuz kanpoko erakundearenak ziren 4,75 milioi euro bereganatzea leporatuta. Fiskaltzak eskatu du akusatu naguiak 7 urteko kartzela-zigorra bete dezan, iruzurra egitea egotzita.
Ikerketa batek melatonina luzaroan kontsumitzea bihotz-gaixotasunen bat izateko arriskuarekin lotu du
Amerikako Bihotzaren Elkarteak aurkeztutako lan batek eztabaida sortu du adituen artean, iradoki baitu urtebete baino gehiagoz melatonina hartzeak bihotz-gutxiegitasuna izateko arriskua areagotu dezakeela. Espezialistek lasaitasunerako deia egin dute, eta gogorarazi dute farmazietan errezetarik gabe saltzen diren produktuak ezin direla bi miligramotik gorakoak izan.
Abisu horia baso-sute arriskuagatik EAEn
Abisua indarrean egongo da asteartean eta asteazkenean, hegoaldeko haize-bolada bortitzak aurreikusten direlako.