Capsula, Belako eta Niña Coyote eta Chico Tornado, Gabonak girotzen
Capsulak, Belakok eta Niña Coyote eta Chico Tornadok, euren arteko aldeak alde, ezaugarri komun nabarmena dute: rock kontzertu indartsuak ematen dituzte, izerdia maite dute musikaren lagungarri. Berdintasun hori nahikoa izan dute, elkarrekin batu eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hiriburuetatik bira bat antolatzeko.
Abenduaren 25, 26 eta 27an eta urtarrilaren 5ean, hiru taldeok Jimmy Jazz aretoko, Kafe Antzokiko, Intxaurrondoko kultur etxeko eta Zentral Kafe berriko agertokietara igoko dira hurrenez hurren. Sarrerak 12 euroan eros daitezke, eta hainbat eskaintza berezi daude, gainera.
Capsulak ?Dead or Alive? hiru kontzertutan grabatutako zuzeneko diskoa aurkeztuko du, ohi dutenez, rock-and-rolla ardatz hartuta. Belako mungiarrek beren proposamen berritzailea aurkeztuko dute, post punkari grunge ukituak, elektronika zipriztinak eta energia tonak gehituta. Azkenik, Niña Coyote eta Chico Tornado estudiotik irten berritan helduko dira; bere stoner doinuak diskoratu ditu, bigarrenik, gitarra eta bateria bikoteak, oraingoan EP batean.
Ursula Strong: "Bonba bat da birako kartela"
Niña Coyote eta Chico Tornadoko bateriak, bikotearen erdiak, taldearen etorkizun hurbilaz eta biraz hitz egin digu.
Niña Coyote eta Chico Tornadok EP berria aurkeztuko duzue bira honetan. Zelan joan da grabazioa?
Bada, San Franciscon grabatu genuen, AEBn egindako birako egun libreetan. Estudioa egun bakarrerako alokatu genuen, eta hiru kantu berri eta bi bertsio grabatu genituen, biok batera jotzen. Dut taldearen ?Haize eza? eta Jimi Hendrixen ?Foxy Lady? dira bertsio horiek, eta gure estilora ekarri ditugu.
Aurrerago, beste disko bat egiteko asmoa daukagu, baina EPa grabatzeko aukera bat-batean etorri zitzaigun, gehiegi planifikatu gabe, eta freskotasun hori jasotzeko une aproposa iruditu zitzaigun.
Zer esango zenidake Capsulari buruz? Eta Belakori buruz?
Kristoren ibilbide interesgarriko taldea da Capsula. Zuzeneko oso boteretsua dute, gainera, eta hirukote formatua asko gustatzen zaigu. Koldo ere ibili izan da hirukoteetan-eta, eta maite dugu egokiera hori.
Belakok ere zoratzen gaitu. Bonba bat da taldea. Jarrera paregabea dute agertokiaren gainean, eta energia emari agortezina kontzertu osoan zehar.
Zure interesekoa izan daiteke
BIMEk musika arloko ehunka profesional bildu, eta 70 kontzertu eskainiko ditu Bilbon
Honela trebatzen dira kantu klasikoko belaunaldi berriak Donostiako Musikene zentroan
Latzen taldearen "Laztana" kantuak 30 urte bete ditu
Exkixuren bideoklip berria: “Amaiur” (2026)
Exkixu taldea itzuli da
Igor Arzuaga musikaria zendu da