'Mundaka Festivalen jotzeko irrikan nago'
Kokaleku paregabea, umeentzako ekimenak ahaztu barik surfean eta gastronomian oinarritutako jarduera paraleloak, edukiera ertaina, jende saldoetatik urrun, eta musika eskaintza berritzailea, gure inguruko jaialdietan oso ohikoak ez diren taldeen aldeko apustua eginda. Hori eskaintzen du Mundaka Festival uztailaren 28, 29 eta 30ean Urdaibaiko udalerriak hartuko duen musika jaialdiak.
Nik West baxu-jotzaile funkya, Danko Jones kanadarrak gidatutako hirukote hard rockeroa eta The Waterboys klasikoak izango dira osteguneko, ostiraleko eta larunbateko karteletako buru, hurrenez hurren, baina beste talde asko ikusi ahalko dituzte jaialdiaren deiari erantzuten diotenek: The Sheepdogs rockeroak, Berri Txarrak, Capsula euskal argentinarren abeste berrienak eta David Bowieren omenez joko dituzte kantuak, Los Enemigos madrildar beteranoak, Mamba Beat dantzagarriak eta St Paul & The Broken Bones estatubatuarren soula, Paul Janeway kantariaren ahots miragarriak gidatuta, besteak beste.
Nik Westekin, Danko Jonesekin, Aurora Garciarekin (Aurora & The Betrayers) eta Sergio Garciarekin (Highlights) hitz egin dugu, Bizkaiko jaialdiaz zer espero duten eta bertan zer eskainiko duten hobeto jakiteko.
Nik West (osteguna, 01:45): “Publikoarekin harreman estua izatea atsegin dut”
Baxu-jotzaile, kantari eta konpositoreak Steven Tylerren eta Lenny Kravitzen laudorioak jaso ditu, adibidez, eta errepertorio indartsua eta lau hariko tresnarekiko iaiotasuna, Prince zenaren eta Marcus Millerren ondoan aritzera eraman duen trebezia, taularatuko ditu Mundakan.
Ezagutzen duzu Euskal Herria? Egon zara aurretik, jotzen edo bisitan?
Nire lehenengo bisita izango da, eta gogoz nago, zinez. Inguru benetan ederra dela ikusi dut, eta jaialdiko material grafiko guztia oso polita da. Maite dut artea!
Zer eskainiko duzu Mundakako agertokian?
Maite dut jendea zoriontsu egitea, eta jendeari barrea ateratzea. Beraz, atsegin dut publikoarekin harreman estua izatea, horrek maila are altuagora eramaten baitu emanaldia. Gure energia mailak publikoa elikatzen du kontzertuetan, eta zirraragarria da jendea gure erotasunaz kutsatzea.
Karteleko zer beste talde ikusi nahi dituzu?
Denak ikusi nahiko nituzke, ahal badut. Musikarako talentua atsegin dut, eta, nire kasuan, generoek ez dute axola. Besteen artea entzutea ikaragarria da.
Euskal jarraitzaileentzako mezurik baduzu?
Kaixo, nire euskal jarraitzaileak! Zuek ikusteko irrikan nago. Ez izan dudarik kontzertura etortzeko: gozatu, lasai egon, dantzatu eta erotu zaitezte. Izan gogoan Twitter eta Instagramen aurkituko nauzuela. Atera argazki piloa, jarri #nikwest etiketa eta baliteke zuen irudiak nire webgunean ikustea. Laster arte! Musuak eta besarkadak guztiontzat! Nik.
Danko Jones (ostirala, 22:45): “Rock kontzertu izugarria izango da”

Rock-and-rolla, prestasuna eta dibertsioa: hara Danko Jonesek agertoki gainetik eskaintzen duena, hiru hitzetan. John Calabrese baxu-jotzaileak eta Rich Knox bateria-jotzaileak lagunduta, etengabe dihardu Jones bere musika mundu osotik barreiatzen, nola diskoeta hala, batik bat, zuzeneko izerditsuetan.
Hainbat aldiz jo duzu honezkero Euskal Herrian. Ezagutzen duzu Mundaka Festival?
Jaialdi ederra dela eta talde aukeraketa oso interesgarria duela dakit. Rocka maite duen toki batean jotzeko zoratzen nago!
Zer espero dezakete zuen kontzertura joango direnek? Zer espero duzu zuk?
Jaialditik zer espero dudan? Seguru nago jotzeko toki ikaragarria izango dela. Irrikaz nago. Publikoari eskainiko diogunari dagokionez, gure kantuak eskainiko dizkiogu, eta rock kontzertu izugarria izango da. Besterik espero zenuten?
Jaialdiko zer beste talde ikustea gustatuko litzaizuke?
Nik West ikusi nahiko nuke, baina aurreko gauean joko du. Musikari handia da, eta asko gustatzen zait egiten duena.
Euskal jarraitzaileei mezuren bat utzi nahi diezu?
Rockeatzeko prest egon zaitezte, rock n’rollerrak!
Aurora & The Betrayers (ostirala, 03:15): “Taldea zuzenean ikusi behar da”

Aurora Garciaren (berak erantzun die gure galderei) ahots bikaina ardatz duen taldeak “Vudu” bigarren diskoa aurkeztuko du Mundakan. Soula, popa eta rock zertzelada batzuk nahasten jarraitzen dute lan horretan, esperimentazioari bide eginda.
Ezagutzen duzu Mundaka eta Urdaibai ingurua? Zer dakizu jaialdiari buruz eta zer espero duzu?
Oraindik ez dugu ezagutzen, tamalez, baina aitortu behar dut gogo biziz gaudela eta jaialdia egiten den inguruaren argazkiak ikusten egon garela. Gutako batzuek oporraldi laburra egin nahi genuen bertan, jaialdia ospatzen den astean, baina ostatua hartzea zail dago. Toki ikusgarria da.
Musikaz gain, jaialdiak beste gauza batzuk eskaintzen dituela ere badakigu, eta itzela iruditzen zaigu. Euskadin, eskaintza gastronomikoa beti izaten da erakargarria, eta horri inguru bikaina gehitzen badiozu… Bada, non egongo gara hobeto?
Gainera, beti esaten dugun bezala, euskal publikoak badaki zer entzuten duen. Melomanoa, errespetuz betea eta kontentagaitza da, eta atsegin dugu hori.
Zer eskainiko diezue jaialdira bertaratzen direnei?
Sailkatzeko zaila den talde baten kontzertu indartsua izango da, energiaz beterikoa. Taldea zuzenean ikusi behar da.
Ahal baduzue, zein talde ikustea gustatuko litzaizuke?
Tira, ahal ditugun guztiak ikusi nahiko genituzke, baina ez dugu denborarik izango. Nik West ikusi nahi dugu, baita Danko Jones eta St Paul & The Broken Bones ere.
Highlights (larunbata, 19:30): “Entsegu guztietako lana kontzertuetan deskargatzen dugu”
Bizkaitar rock taldeak Bilbo Hiria pop-rock lehiaketako bigarren saria irabazi zuen 2014an, eta “Storming the gates” 70eko hamarkadako oihartzunak dakartzan EParen aurkezpen birako azken emanaldietako bat eskainiko du Mundakan. Sergio Garcia bateriak erantzun dizkie gure galderei.

Egon zineten iaz Mundaka Festivalen lehenengo edizioan? Zer espero duzue jaialditik?
Iazko ediziora ezin izan ginen hurbildu, kontzertuak izan baikenituen data horietan. Pena izan zen: jaialdia eta giroa gure gustukoak dira, eta argi geneukan aurten gutxienez egun batean joango ginela.
Mundaka Festivalek musika baino gauza gehiago biltzen ditu: euskal gastronomia eta kultura, surfa... Kriston hiru egun on pasatuko ditugu, eta jende piloa ezagutzeko aukera izango da. Gogotsu gaude!
Zer eskainiko diozue zuen emanaldira bertaratuko den publikoari?
Nahiz eta topikoa dirudien, kontzertuak ematea da gehien gustatzen zaiguna. Entsegu guztietako lana bertan deskargatzen dugu, eta publikoa guk bezain ondo pasatzera gonbidatzen dugu.
Gure azken EPa, “Storming the Gates”, osorik joko dugu. Aurkezpen birako azkenengo kontzertuetako bat izango da Mundakakoa, eta laster albiste pare bat emango dugu. Prestatzen ari garen abesti berri horietako bat eguzkitarako betaurrekoak jarrita jotzea hasiera ona izan liteke!
Denbora ateraz gero, aurtengo karteleko zer talde ikusi nahiko zenituzkete?
Lehenengo eguna Mocker's taldeko lagunekin hasiko dugu; Danko Jones, St Paul & The Broken Bones eta The Inspector Cluzo ikusteko gogoa dugu. Eta karteleko beste taldeak ezagutzea ere paregabea izango litzateke.
Zure interesekoa izan daiteke
Zea Mays, Leire Martinez, Bebe, M-Clan... Aste Nagusiko kontzertu guztiak
Aste Nagusiak musikaz beteko du Bilbo aste osoan zehar, hiriko hainbat agertokitan banatutako kontzertu-programazio zabalarekin. Hauek dira jaietako musika-eskaintzaz gozatzeko emanaldi eta ordutegi nagusiak.
Juan Diego Florez tenor perutarraren emanaldia eta 9 ikuskizun Donostiako Musika Hamabostaldia abiatzeko
Gaur hasi eta abuztuaren 30era arte, 60 kontzertu baino gehiago izango dira Kursaalen, Victoria Eugenian eta Tabakaleran. Ikuskizun aipagarrien artean, "Arriaga harrigarria", Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrena gogoratuko duen kontzertua, eta Natxo de Felipek agertokietara egingo duen itzulera, Arantzazun izango den emanaldiarekin.
Zita bikoitza etxean
“Tantas cosas que contar” Amaia Montero abeslaria La Oreja de Van Gogh taldera itzuli izana ospatzen duen bira Donostiara iritsiko da asteburuan. Iluben, Donostia Arenan, dago jarrita hitzordua, ostiral-larunbatetarako.
Natxo de Felipe agertokietara itzuliko da "Abandonatuak" proiektu berriarekin
Oskorrik agur esan eta 11 urtera, Natxo de Felipe berriro igoko da agertokietara disko berri batekin: Abandonatuak. Argitaratu gabe geratu ziren talde mitikoaren kantuak berreskuratu ditu proiektu honetan, eta abuztuaren 20an zuzenean aurkeztuko du Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Philiperena taldearekin batera aritu da disko honetan, Xabier de Felipe, Przemysaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera.
Ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan den Miguel Martin omendu dute Donostian
Donostiako Jazzaldia saria eman zioten bart Miguel Martini, ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan denari. Orain arte berak ematen zien Trinitate Plazan sari hori musikariei, eta aurten berak jaso du errekonozimendu gorena. Jon Insausti Donostiako alkateak eman zion saria.
ETSk hasiera bikaina eman dio Donostiako Jazzaldiari
En Tol Sarmiento talde arabarrak Donostiako Jazzaldiaren 61. edizioa inauguratu du bart. Kontzertuaren irudiak zuzenean proiektatu zituzten Kursaaleko fatxadan.
Adele, Raye, Sienna Spiro…: 15 urte Amy Winehouseren oinordekoaren zain
Duela 15 urte Camden Towneko bere etxean hilda aurkitu zuten Amy Winehouse; ordutik, Erresuma Batuko musikagintzak ez du haren parekorik aurkitu.
Jazzaldia abiatzeko ETSk gaur hondartzan emango duen kontzertu jendetsua Kursaaleko fatxadan ikusi ahal izango da
Asteazken honetan ekingo diote doako kontzertu jendetsuei, Keler Gunean. Arabako talde ezagunak joko du 23:30ean, eta, aurretik, LP artista estatubatuarraren musika izango da protagonista. Datorren egunetan Danielle Nicole, Kokoshca, Emma-Jean Thackray, Nøgen eta HOFE igoko dira Zurriolako oholtzara, besteak beste.
Bilbao Blues jaialdiak doako kontzertuekin beteko du Areatza
Uztailaren 24tik 26ra egingo den jaialdiaren bosgarren edizioak Travellin' Brothers Bizkaiko taldeari emango dio urteko saria.
Jazza ozen Donostian, Pat Metheny, Diana Krall eta Marcus Millerren eskutik
Donostiako 61. Jazzaldiak 77 kontzertu eskainiko ditu uztailaren 22tik 26ra, horietako 47, doakoak. David Murrayk, Joe Lovanok eta, jaialdia gidatuko duen azken urtean, Miguel Martín zuzendariak jasoko dituzte Donostiako Jazzaldia sariak.