Galder Izagirre: 'Agian 0 km kontzeptua gure kultur edukietara ekarri beharko genuke'
Bide zuzenak interes gutxikoak dira, txikitatik zerbait ona izango balitz bezala setakeria okaztagarriz errepikatu diguten bezala, laburragoak diren jakitun bagara ere.
Gozamena helburuak barik bideak berak ekartzen duenez, bidegurutzeak dira bizitzan interesgarriena, horiek irekitzen dizkigute zidorrak eta ematen dizkigute aukerak, norabidea aldatzeko, gelditu eta arnasa hartu eta gero bide beretik jarraitzeko edo, zergatik ez, galtzeko.
Hain zuzen ere, Galder Izagirre "Bidegurutzean" saioaren zuzendariak musika eta telebista, beti harreman gorabeheratsua izan duten bi diziplina, gurutzatzen ditu asteazkenero ETB1en, 22:25etik aurrera, dotore. Eta konbinazioaren, uztarketaren emaitza saio mamitsu, berritzaile, didaktiko eta erakargarria da.
Izagirrek hiru musika talde edo bakarlari aukeratzen ditu "Bidegurutzean"en atal bakoitzean, eta elkarrekin jotzera (Niko Etxart, Petti eta Liher; Evaristo, Dupla eta Sua; zein Eñaut Elorrieta, Eneritz Furyak eta Willis Drummond ikusi ditugu elkar ondo baino hobeto harturik orain arteko saioetan, esaterako) zein deabruarekin solasaldi interesgarria izatera gonbidatzen ditu.

Elkarrizketatzailea elkarrizketatu bihurtu dugu oraingoan, eta galdetegiaren bestaldean jarri dugu Izagirre "Bidegurutzean"en zuzendari ez ezik, bateria-jotzaile (Dut, Kuraia, Berri Txarrak), argazkilari eta, berretsi berri dugunez, hizlari bikaina ere.
Programak lehen bide honen erdia baino gehixeago egin du dagoeneko. Zer harrera jaso du, zuen ikuspegitik?
Ez dakit jaso dugun feedbacka ikusle kopuruarekin bat datorren, baina harrera ezin hobea igarri dugu, batik bat musikarien aldetik.
Grises, Eneritz Furyak, Francis Díez, Oki Moki, Mursego, La Polla Records, Dupla, Cobra, Niko Etxart… ikusi edo ikusiko ditugu "Bidegurutzean"en. Zuen ikuspegiaren arabera, zer da euskal musika?
Euskal musika "ezezagun hori" dela esango nuke. Ustez, badakigu azalean zer dagoen, baina sakonera handiko eszena bat dago, non azpimarratuko nuke estilo aldetik aniztasun handia dagoela eta musikari oso trebez osatuta dagoela. Era berean, sakonera desberdinetan dauden horiei galeoien altxorren balorea eman beharko genieke.
Zer elementu komun dituzte "Bidegurutzean" saioan agertzen diren talde-bakarlariek?
Lehenik eta behin, elementu komuna da baiezkoa eman diotela hain abstraktua zirudien proposamenari; beraz, deabruarekin hitzordua egiteko ausardia izan daiteke lotzen dituen elementuetako bat.
Bestea hizkuntzari eta euskal kultura musikalari egindako ekarpena, bakoitzak bere estilotik eta, adinaren arabera, bakoitzak bere bizi esperientziatik. Baina lotura nagusia musikarekiko pasioa ikus-entzuleekin partekatzeko izan duten adorea izan da.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Amancay Gaztañaga (Grises), Gatibu eta Ezpalak, "Itzalak" (Ezpalak) jotzen, "Bidegurutzean" saioan
Frank Zappak esan omen zuen "musikaz idaztea arkitekturaz dantzatzea" bezalako zerbait dela. Nola eramaten da musika telebistara edo zer irizpide izan dituzue zuek?
Musika telebistara eramateko gure irizpidea izan da musikariak film bati soinu banda jartzerakoan erabiltzen duen berbera, baina alderantzizko norabidean; alegia, euskal musika garaikidearen soinu bandari irudia edo agertokia eraiki dizkiogu: atenporala, ezleku batean kokatzen dena, errealitatearen eta fikzioaren artean, non dena da posible baita, deabruarekin berarekin elkarrizketa mamitsu bat edukitzea barne.
Euskal musikaren errealitatea fikzio baten bitartez azaltzen saiatu gara.
Zer arrisku eta abantaila ditu musikarentzat, zure irudiko, pantailarako jauziak?
Euskarazko musikak erakusleihoak behar dituen heinean, uste dut telebistak abantailak dituela musikarientzat, arriskuak baino gehiago, betiere adierazpen askatasuna errespetatzen bada eta sormenerako ekosistema aproposa eskaintzen bazaie.
Hala ere, irudipena daukat musikariak sareetan erosoago ibiltzen direla, alde batetik beraien esposizioa gehiago kontrolatzen dutelako eta bestetik feedback zuzenagoa dutelako bertan.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Dupla, Evaristo eta Sua, "Ni descanso, ni paz" (La Polla Records) jotzen, "Bidegurutzean" saioan
Musikariak erakusteko modurik onena musika jotzen jartzea denez, hala erakusten dituzue saioan, talde eta musikari ezberdinak nahasita. Zer irizpidetan oinarrituta aukeratu zenituzten saio bakoitzeko hirukoteak?
Hiru talde edo musikarien aukeraketa ez da "randoma" izan. Hiruko bakoitzarekin musika estilo desberdin bat jorratzen saiatu gara, baita genero eta belaunaldien arteko zubiak eraikitzen ere: batzuetan musika lengoaia berbera erabiltzen zutelako izan da, beste batzuetan hirurek gai jakin bati buruz eduki zezaketen jarreragatik eta beste batzuetan gazteak zaharra zekarkigulako gogora, horren gazte garaitan.
Eta nola landu dituzte edo dituzue saioetan erakusten dituzuen kolaborazio musikal horiek?
Hiru gonbidatuetako batek hartu du beti talde lanaren ardura, eta horrek prestatu ditu denon artean jo beharreko bertsioak. Ondoren, lokalean egindako grabaketen bidez partekatu ditu bertsioak besteekin, eta azkenik bakoitzak egin behar izan du ikasketa lana, grabaketaren eguna iritsi bitartean.
Hor ere, agerian jarri dugu musikarion kemena, hain denbora eskasean eta apenas entsegurik gabe hiru edo lau kantuak aurrera eramateko. Oso ariketa arriskutsua izan da denontzat, baina oso momentu fresko eta errepikaezinak eman dizkigu.

Mursego, "Bidegurutzean"eko telefono kabinan
Bestetik, hizketan ere jarri dituzue musikariak, telefono kabinan. Zeren bila joan zarete elkarrizketa horietan?
Kantuei bezainbesteko garrantzia eman diegu haien kontuei ere. Jakin nahi izan dugu musikariek zer duten esateko promoaz haratago.
Era berean, deabruari arima saldu nahi badiote, horrek jakin beharko du erosi nahi duen arima horrek nola kudeatzen dituen bizitzaren une potoloak, dudak, beldurrak, noraezak, garaipenak eta porrotak.
Oso pasarte intimo eta interesagarriak eman dizkigute, beharbada ezezagun batekin hizketan jarduteak eman dien askatasunagatik.
Musika industria bidegurutze handi baten aurrean dago: formatu eta euskarri aldaketa, eszena alternatiboa bizirauteko kinka larrian, egungo gazteen aisialdi ohitura ezberdinak… Kezkagarria deritzozu?
Ni banator musika kultura batetik non musika ulertzeko modu alternatibo bat zerotik sortzen joan zen, mundu mailan. Gure belaunaldikoek hortik ikasi genuen, hemen gure aurrekoak jarrera sortzaile hori saretzen joan zirelako.
Autogestioa, kontzeptu bezala, aitzakia ezin hobea izan zen pausoak ematen hasteko. "Do it yourself" kontzeptua bertan txertatuta zegoen, eta ideia zen ez itxarotea multinazional handi bati edo inori zuri eskutik hartu eta paseoan ateratzeko. Zerbait esateko bazenuen, jarrera eta kemena besterik ez zenuen behar aurrera egiteko.
Uste dut orain ez gaudela garai hartan baina okerrago; berez, inoiz baino baliabide gehiago daude norberak bere musika sortu eta plazaratzeko. Baina ados. Denon ezusterako, pandemiak gain behera ekarri ditu azpiegiturak.
Era berean, krisi garaiak beti dira aproposak espresio artistiko eta azpiegitura berriak sortzen hasteko, eta, bere garaian baliabide eta aukera faltagatik mugimendu berri bat sortu zen bezala, egun ere zerbait asmatu beharko dugu.
Beharbada "Do it yourself" hura "Do it together" bilakatu behar da aurrera egiteko eta zerbait berria saretzen hasteko. Ezer ez dagoenean, dena dago egiteko eta ez dago ezer galtzeko.

Aitzitik, sormen aldetik, inoiz baino biziago, askotariko eta emankorrago dago euskal musikagintza, askoren ustez. Saioa egin aurretik egindako zuen diagnostikoak hori berretsi du edo bestelako ondoriorik bildu zenuten?
Nire ustez, inoiz baino aurreiritzi gutxiagorekin egiten ari da musika Euskal Herrian, inoiz baino estilo gehiagotan. Era berean, arazo unibertsala da egun sortzaileek nola aurki ditzaketen beste aldean egongo den entzule edo ikusle hori, hainbesteko informazio daraman sare erraldoian.
Agian, 0 km kontzeptua gure kultur edukietara ekarri beharko genuke.
Ahatz ditzagun une batez talde eta bakarlariak aukeratzeko mugak. Nonahiko eta noiznahiko zein hiru talde edo musikari batuko zenituzke zure "Bidegurutzean" idealean?
Laboa eta John Coltrane Akauzazte taldearekin elkartuko nituzke.
Eta inoizko eta inongo zein hiru musikariri egingo zeniekete denik eta elkarrizketa mamitsuena kabina barruan, zure esku egongo balitz?
Betty Davis, Billie Holiday eta Tina Turnerri, baina baita Maddi Oihenart, Anari eta Verde Pratori ere.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
"Deabrua adintsu, horregatik jakintsu", esaten da. Zuk urte asko egin dituzu musikagintzan, alderdi askotan: bateria, irratia, telebista, argazkigintza… Zer esango zenioke gitarra edo dena delakoa eskutan hartu berri duen pertsona bati?
Normalean, ondoen egiten dugun hori izaten da gehien dibertitzen gaituena, edo alderantziz. Beraz, jarrai diezaiola sentsazio horri etengabe, horrek egingo baitu erabat emankorra. Dibertitzen ez den momentuan, utz dezala dena eta abia dadila sentsazio horri atxikitzen zaion beste zerbaiten bila.
Zure esperientziatik, nola aldatzen da bateria atzean jarri eta zure lana den zerbaitean aritzea (Berri Txarraken, adibidez) eta jotzeko plazer hutsagatik jotzeko esperientzia, orain adibidez?
Musikaren harra barruan daramazun momentutik, ez dago profesional eta amateurraren arteko bereizketarik. Beti gailenduko da jotzeko plazer hutsa.
Maila profesionalean zabiltzanean, plazer horrek mota desberdinetako saria dauka, baina, aldi berean, beti eduki behar duzu helbururen bat ortzi mugan eta horrek antsietatera eraman zaitzake batzuetan.
Hala ere, egoera guztiak alde bikoak dira, eta orain, profesional mailan jotzen ez dudala, helbururik eza da, bere horretan, helburua. Beraz, jotzeak berak ematen didan plazer hutsarekin jarraitzen dut asetzen musikarekiko har hori.
Zeren truke saldu diozu edo salduko zenioke arima deabruari?
Gustatuko litzaidake erantzutea nire arima ez dagoela salgai eta ez dagoela munduan dirurik hori eros dezakeenik, baina eguneroko gauza txikienetan kapitalismo basatiaren motorra elikatzen dugu eta ez zait bururatzen arima saltzearen metafora egokiagorik horren aurka egin dezakeenik.
Horrek ez du esan nahi etorkizun hurbilenean bizimodu zentzudunago bat edukiko ez dugunik, eta horrekin batera gure arimak berreskuratu. Beraz, esango dizut ez dudala nire arima saldu, baizik eta galdu, errazagoa baita galdutako zerbait aurkitzea saldutako zerbait berrerostea baino.

"Bidegurutzean" saioaren aurkezpena, BECen
Zure interesekoa izan daiteke
Macklemore rap abeslaria Ed Sheeranen biratik kanporatu dute Palestinaren aldeko aldarriak egiteagatik
Rap kantariak salatu duenez, Robert Kraft diruduna, New England Patriots taldearen jabea, da errudunetako bat; izan ere, kontzertuak izan behar ziren estadioetako jabeen artean babesa lortzea leporatu dio, estadio horietan Macklemorek ez jotzeko presioa egin zezaten.
Erramun Martikorenak "Atzar Gaiten" diskoa aurkeztu du Baigorrin
"Atzar gaiten" bere azken albumeko abestiak kantatzen entzun dugu igande honetan Erramun Martikorena Baigorrin Osasun arazoak dituen arren, 83 urterekin pozik agertzen da beti taula gainean. Ia mende erdiz, Euskal Herri osoan ibili da, baita Estatu Batuetan ere. Garai batean 35 kantaldi eskaini ohi zituen urtero, baina orain askoz gutxiago. Horregatik publikoak ez du huts egiten bere emanaldietan.
Silvio Rodriguezek Bilbo liluratu du bere abestiekin
Silvio Rodriguez kubatar musikariak kontzertua eman du larunbat honetan Euskalduna Jauregian, Bilbon. Bere ibilbide musikalaren zati bat errepasatu du bertan bildutakoen aurrean.
Silvio Rodriguezek geldialdia egin du Bartzelonan, Euskal Herrirako bidean
Kubatarrak kontzertua egin du bart Liceun, irailaren 12 eta 13an Bilboko Euskaldunan aritu aurretik.
Zuzenean: Basking Beat & Bite
Basking Beat & Bite jaialdiaren edizio berri bat egingo da abuztuaren 29an, Miami, Santiago de Chile, Helsinki eta Tbilisin aldi berean eskainiko diren kontzertuekin. Euskal musikaren egungo lau proposamen bilduko ditu programazioak: Merina Gris, Mirua, Sua eta Idoia.
ETS taldeak hankaz gora jarri du Europa parkea, "Badator Marijaia" abesten
37.000 lagun inguru Arabako taldearen kontzertuan izan dira, eta aho batez abestu dituzte kanta guztiak. ETSk harrituta utzi ditu Europa parkera joandakoak, Aste Nagusiko Badator Marijaia jo dutelako.
Dolly Parton hil da, country musikaren izar ospetsua
Abeslari eta konpositore estatubatuarra 80 urte zituela hil da. Azken hilabeteetan gaixorik ibili zen eta kontzertu batzuk bertan behera utzi zituen.
Zea Mays, Leire Martinez, Bebe, M-Clan... Aste Nagusiko kontzertu guztiak
Aste Nagusiak musikaz beteko du Bilbo aste osoan zehar, hiriko hainbat agertokitan banatutako kontzertu-programazio zabalarekin. Hauek dira jaietako musika-eskaintzaz gozatzeko emanaldi eta ordutegi nagusiak.
ETS taldeak dantzan jarriko du gaur Bilbo, Europa parkeko kontzertuen lehen gauean
Hitzordua 00:00etan da, Europa Parkean. Horrez gain, beste musika proposamen batzuk ere izango dira, besteak beste, Bilboko Udal Bandaren emanaldia, Serafin Zubirirekin batera, 23:30ean, Abandoibarran.
Leire Martinezek 13.000 lagun bildu ditu Abandoibarran, gau ahaztezin batean
Abeslari donostiarrak bere bakarkako ibilbidearen lehen lana aurkeztu du Aste Nagusian: “Historias de aquella niña”. Emozioz eta nostalgiarako tartez betetako kontzertua izan da, aro berri bati ekiteko.