"Berpiztu", Kepa Junkeraren ibilbidea iruditan jasotzen duen liburua
Kepa Junkera trikitilari bizkaitarrak bere ibilbide profesionala iruditan jasotzen duen liburua plazaratu du, "Berpiztu" izenburupean. Musikari gisa lehen urratsak eman zituenetik 2018ra arteko bidea —iktus baten ondorioz oholtza utzi behar izan zuenera artekoa— azaltzen da lanean.
Gaur egin dute liburuaren aurkezpena Bilbon, Arte Ederren Museoan, eta etxekoak, lagunak, erakundeetako ordezkariak eta obran parte hartu duten hainbat artista izan ditu alboan Junkerak. Hala nola, ekitaldian izan dira Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, Miguel Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendaria, Alberto Palomera margolaria eta Xabier Amuriza bertsolaria. Zugazak azaldu duenez, "musikari bikain baten atzera begirakoa" da liburua, non trikitilariaren "disko bakoitza berpizten den". "Keparen erretratu osoa da, musikari bati buruzko liburua arte plastikoetatik", gehitu du.
Joseba Martin kazetariak eta musikan adituak egin du dokumentazio lana. Haren hitzetan, Junkeraren ibilbide osoa ikus eta senti daiteke liburuan, trikitilariaren musikan oinarrituta sortutako irudien bidez.
Orotara, 400 irudi bildu dituzte, 250 orrialdeko liburuan. Irudiekin batera, testuek eta partiturek osatzen dute lana.
Aurkezpenean, Palomera margolariak jarri die ahotsa Junkeraren hitzei. Ohikoa duen umorearekin, bere lagunei, senitartekoei eta liburuaren sortze prozesuan bidaide izan dituenei eskerrak eman dizkie trikitilariak. Asteon abiatuko den Durangoko Azokan egongo da salgai lana.
Joan den irailean, EITB Mediak "Kepa Junkera. Berpiztu" dokumentala aurrestreinatu zuen Zinemaldian.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko