Kobetamendi dantzan hasiko da
Anplifikadoreek, DJen platerek eta bozgorailuek piztuta beharko dute dagoeneko Kobetamendin, gaurtik igande goizaldera arte atertu gabe festibalarien belarrietan durundi egingo duten doinuak zabaltzeko berotzen.
Hiru gaualdietako lehenengoan, uztailaren 10 honetan, denetarik izango da entzungai Bilboko tontorrean: britpopa, funka, soula, rocka, indiea, popa… Baina gehienak — musikari erreparatzen dietenen arteko gehienak— Pulpen, Jarvis Cockerrek (Sheffield, 1963) gidatzen duen taldearen, deiari erantzunez igoko dira mendira.
Britpop mugimenduaren Lau Handietatik, Pulp falta zen Kobetamendin ordezkaritza izateko: Suede 2011n eta 2019an egon zen Bilbao BBk Liven, Oasiseko gallaghertar anaiak ere egonak dira, bakoitza bere aldetik, eta Blurreko Damon Albarn The Good, The Bad and The Queenekin eta Gorillazekin aritu da jaialdian.
Bada, gaur kitatuko dute arantza Jarvis Cockerrenen zaleek. Pulpek Bilbora ekarriko ditu, pop rock dotorearen zaleen gozagarri, “Disco 2000” eta “Common people” Different class diskoko ereserkiak eta, seguru asko, More duela hilabete kaleratutako diskoko ale gehiago ere. “Common people” kantuak Bilbon duela astebete eskas Glastonbury jaialdian sortu zuen bozkarioaren hamarren bat eragiten badu, ez da gutxi izango.
Pulpen arrastotxoan, zeinek gertuago zeinek urrunago, beste dozena erdi bat artistak zabalduko dituzte gitarra doinuak jaialdiaren lehen arrats-gauetan, hala nola Hindsek, Wunderhorsek, Japanese Breakfastek, English Teacherrek eta Cala Vento katalanek, baita Michael Kiwanukaren proposamen apain eta beroak ere, souletik.
Elektronikaren bideari jarraituta egingo dute publikoaren gogorako bidea Bicep Belfasteko bikoak (Chroma ikuskizuna taularatuko dute Euskal Herrian), Kaytranadak eta Judelinek, adibidez, eta erdibidean, elektronikaren eta funkaren arteko bidegurutzean, kokatzen da agertoki arteko eguneko ibilbidean derrigor sartu beharreko taldea: Ca7riel eta Paco Amoroso argentinar bikoa eta beren banda trebea.
Tamalez, argentinarrez gozatzen dutenek, emanaldia osorik ikusten dutenek, ezingo dute Hofe ikusi, ordutegi bera egokitu baitzaie, agertoki ezberdinetan. Hofez gain (00:45, Johnnie Walker agertokia), Eider (17:30, Johnnie Walker agertokia), Mirua (17:45 San Miguel agertokia) eta Tatta & Denso (19:20 Johnnie Walker agertokia) euskal ordezkariak daude lehen eguneko egitarauan.
Zure interesekoa izan daiteke
The National taldeak Donostian emango duen kontzertuaren xehetasunak kontatu dizkigu
Arde Bogota taldeak San Mamesen joko du ekainaren 12an
BIMEk 70 kontzertu eta Alaska, Luz Casal, Rafa Sardina eta beste profesional batzuekiko topaketak eskainiko ditu
Delinqüentes, Cervatana eta Tremenda Jauria En Vivo jaialdian arituko dira, Iruñean
ABAO Bilbao Operak "La traviata" lanarekin abiatuko du 75. denboraldia
“Arriagaren aterkia” lanak bidaia bat eskainiko du, ehun ahotsek gidatuta
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko