Euskadiko Orkestrak Berlioz eta Ravelen lanekin abiatuko du denboraldi sinfoniko berria
Euskadiko Orkestrak 'Berlioz / Ravel' programarekin hasiko du gaur, astelehenarekin, 2025-2026ko denboraldi sinfonikoa. Stefan Blunier zuzendari suitzarrak gidatuko ditu kontzertuak, eta Miren Urbieta-Vega sopranoak eta Landarbaso Abesbatzak parte hartuko dute.
Irailaren 29an Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan izango da emanaldia; irailaren 30ean eta urriaren 1ean, Donostiako Kursaal auditoriumean; urriaren 3an, Iruñeko Baluarte auditoriumean; eta urriaren 4an Euskalduna Bilbao Jauregian. 19:30ean hasiko dira guztiak.
Euskadiko Orkestraren denboraldi berriaren lehen programak ahotsari emango dio protagonismoa, eta, hasteko, Miren Urbieta-Vega soprano donostiarra izango da bakarlaria Hector Berliozek gaztaroan idatzitako 'Herminie' lanean. 'Sinfonia fantastikoa'ren melodia ospetsuetako batzuk aurreratzen dituen eszena lirikoa da.
Bigarren zatian, orkestrak Errenteriako Landarbaso Abesbatzarekin bat egingo du Maurice Ravelen lan "handinahienetako bat" interpretatzeko: 'Daphnis et Chloe' ballet sinfoniko-korala.
Maurice Ravel jaio zeneko 150. urteurrena ospatzen ari da 2025ean, eta, konpositore ziburutarra Euskadiko Orkestraren ibilbidean funtsezko egilea izan denez, haren musikak leku garrantzitsua izango du denboraldi berrian.
Donostia, Bilbo eta Iruñeko kontzertuetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan, 10 eurotik gorako prezioetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko