Abian da Tabakalerak antolatutako zinema independentearen zirkuitua
Zinema independentearen zirkuituko filmak eskaintzen hasiko da Donostiako Tabakalera urtarrilaren 28an. Ekimena hainbat kultura zentro batzen dituen sare baten baitan kokatzen da, eta areto komertzialetara iristen ez diren nazioarteko zinemaldietako filmak eskaintzea du helburu.
Tabakalerarekin batera, MUSAC (León), Centro Cultural Niemeyer (Avilés), CGAI (Coruña) eta IVAC (Valentzia) kultura zentroek parte hartuko dute proiektuan.
Donostian eskainiko diren emanaldiak hileko azken astearteetan izango dira Antzoki Zaharrean (Donosita Kulturaren laguntzarekin). 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak 3,5 euroko prezioa izango du.
Zirkuituaren osagarri gisa, Tabakalerak B aldea ere eskainiko du, proiekzioaren biharamunean (hileko azken asteazkenean, beraz) Sukaldean, Tabakaleraren behin behineko egoitza berrian.
B aldea zirkuituaren luzapen moduko bat izango da, bezperako filmak ikuspundu ezberdinetatik lantzeko aukera eskainiko baitu. Horretarako, zine kritikariak, musikariak, artistak, komisarioak, idazleak eta abar igaroko dira Tabakaleratik.
Osagarri gisa, beste hainbat ekitaldi antolatuko dituzte: hileko zuzendari edo filmarekin lotura izango duten hitzaldiak, solasaldiak, mini-kontzertuak, ikus-entzunezko materialen emanaldiak...
Lehen hiru hilabeteetako programa
Urtarrilak 28, 'Museum hours' (Jem Cohen). 107'. Austria-AEB, 2012. JBA (gazt)
Otsailak 25, 'I used to be darker' (Matthew Porterfield). 89 min. 2013. JBA (eusk)
Martxoak 25, 'La noche de enfrente' (Raoul Ruiz). 112 min. 2012. JB
Zure interesekoa izan daiteke
Patrick Stewart 'Star Trek' unibertsoko aktore ospetsua hil da
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da