Oliver Stonek Snowdenen inguruko ‘biopic’a filmatuko du, Alemanian
Oliver Stone zinema zuzendari estatubatuarra, hiru Oscar sariren eta Urrezko lau Globoren irabazlea, otsail hasieran hasiko da Edward Snowden Errusian errefuxiatutako CIAko agente ohiaren inguruko “biopic”a filmatzen. Alemanian, Bavaria eskualdean, ekingo diete lanei, Cineuropa webguneak iragarri duenez.
Edward Snowden informatzaileari buruzko proiektuaren sorburua “The Snowden Files” Luke Harding “The Guardian”eko kazetariaren liburua da. Gainera, gidoia idazten ere jardun du Hardingek, Stonerekin berekin eta Kieran Fitzgeraldekin batera.
Gainera, Stonek Anatoli Kucherena Snowdenen lege aholkulari eta “Time of the octopus” eleberriaren idazlearen laguntza ere izan du.
Filmean, AEBko Segurtasun Agentzia Nazionaleko langilea Hawaiitik Hong Kongera joango da, munduari AEBren zaintza programaren berri emateko. Ordutik aurrera, mundu osotik bila hasiko zaizkio.
Hong Kongen eta AEBn ere filmatuko dute lana.
Snowden, “proiektuarekin pozik”
Snowden “oso pozik” agertu da Stoneren asmoarekin, eta Stonek, bestalde, “heroitzat” hartu du Snowden; “Julian Assange bezala, heroia da”.
Zure interesekoa izan daiteke
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da