Emakumeek beren lana aldarrikatu dute ustekabe handirik gabeko Oscarren galan
Emakumeek eta aldarrikapen feministek beren tokia bilatu dute bart Oscarren galan, Hollywoodek sexu eskandaluak atzean uzten saiatzeko eta iazko zeremoniaren amaiera lotsagarria ahazteko baliatu nahi izan duen gau batean.
Atsegina baina ez dibertigarri edo ikusgarria eta politikoa baina hitzaldi historiko edo bereziki gogoangarririk gabea izan den gala batean, Oscarren 90. edizioak aurreikus zitekeen palmaresa utzi du, eta fokua emakumeengan jarri du, “Me Too” (nik ere bai) eta “Time’s Up” (denbora agortu da) mugimenduek tartea aurkitu baitute matxismoaren aurka egin eta berdintasuna eskatzeko.
Frances McDormand emakumezko aktore nagusi onenaren sariaren irabazleak (“Three billboards outside Ebbing, Missouri”) gaueko une hunkigarrienetako bat utzi du, eskerrak emateko hitzaldian antzokian bildutako emakume izendatu guztiei zutik jartzeko eskatu baitie.
“Emakume guztiok ditugu finantzazioa behar duten istorioak kontatzeko. Baina ez iezaguzue horretaz gaurko jaietan hitz egin. Gonbida gaitzazue zuen bulegoetara bi egun barru edo zatozte zuek geureetara, nahi duzuen bezala”, esan du McDormandek gau osoan txalo gehien jaso dituen hitzaldian.
Pisu handiko lau izar emakumezkok aurkeztu dituzte aktore onenen sariak, Jane Fondak, Helen Mirrenek, Jennifer Lawrencek eta Jodie Fosterrek.
Gizonezko aktore onenaren Oscarraren aurreko irabazleak eman ohi du hurrengo urtean emakumezko aktore onenarena, baina Casey Affleckek, 2017an “Manchester by the sea” pelikulagatik saria irabazi zuen aktoreak, uko egin dio tradizio horri jarraitzeari, protestak egon baitira sexu jazarpeneko kasu batean nahasita egon zela eta.
Gainera, Salma Hayekek, Ashley Juddek eta Annabella Sciorrak, Harvey Weinsteinen sexu jazarpenaren hiru biktimak, “Me Too” mugimendua aldarrikatu dute.
“Ikusten ari garen aldaketak ahots boteretsu berriek gidatzen dituzte, ahots ezberdinek. Batuz, koru zoragarria sortu dugu esateko (abusuen) denbora agortu dela”, adierazi du Sciorrak.
Jimmy Kimmel galaren aurkezleak Del Toro eta ‘The shape of water’ hartu ditu hizpide sexu eskandaluak salatzeko orduan: “Eskerrik asko, Guillermo, betiko gogoratu diguzulako aurten gizonok horrenbeste aldiz sartu dugula hanka, ezen emakumeek nahiago izan baitute arrainekin harremanetan hasi”, esan du.
“Mundua begira daukagu. Eredu ona eman behar dugu”, gehitu du Kimmelek serioago, eta esan du “Me Too” eta “Time’s Up” mugimenduak “aldaketa positiboa” lortzen ari direla.
Warren Beatty eta Faye Dunaway, berriro
Oscarrek bakezkoak egin dituzte, halaber, Warren Beatty eta Faye Dunawayrekin, eurek iragarri baitute berriz film onenaren Oscar sariaren irabazlea, pantailan Bonnie eta Clyde lapur bikotea izan ziren aktoreek iaz “Moonlight” benetako irabazlearen ordez saria “La La Land”ek irabazi zuela oker esan eta gero.
“Plazer handia da zuek berriz ikustea”, esan du ironiaz Beattyk, eta gutun-azal barruko izena berea zela berrestera gonbidatu du Guillermo Del Toro, mexikarra film onenaren saria jasotzera igo denean.
Etorkinak
Etorkinekiko errespetua ere izan da gaueko hizpideetako bat.
“Etorkina naiz, Alfonso (Cuarón) bezala, Alejandro (Gonzalez Iñarritu) bezala, nire konpaiak bezala eta zuetako asko bezala”, esan du Del Torok.
“Gure artearen onena da hareako marrak ezabatzea. Hori egiten jarraitu behar dugu munduak sakonago egiteko eskatzen digunean”, erantsi du zinemagileak.
“Hor kanpoan zaudeten dreamer (ameslari) guztiak, zuekin gaude”, esan dute Lupita Nyong’o Mexikon jaiotako kenyar aktoreak eta Kumail Nanjiani pakistandar jatorrikoak, AEBra umetan iritsi eta DACA Umezaroan Iritsitakoentzako Ekintza Geroratuko programaren babespean dauden hamarka mila gazte paperik gabekoen alde.
Horrez gain, Rachel Shentonek, Chris Overtonekin batera ‘The Silent Child’ film labur onenaren saria irabazi duen zinemagileak, beste une hunkigarri bat eman du, ume gorren omenez zeinu hizkuntzan eman baititu eskerrak agertokian.
Zure interesekoa izan daiteke
Zinemaldiak Urrezko Maskorra lortzeko lehian arituko diren sei film gehiago iragarri ditu
Jesse Eisenbergen eta Fred Cavayeren lanak, besteak beste, aurretik iragarritako hamar izenburuei batuko zaizkie Zinemaldiko Sail Ofizialean.
Leihoa irekita izan arren, pantailarik ez
Werner Herzog, Donostia saria
Zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktore alemaniarrari Zinemaldiko ohorezko sari ospetsuenetako bat emango diote. Herzogek inaugurazio-ekitaldian jasoko du saria, eta bere azken filma aurkeztuko du: Bucking Fastard.
Manolo Solo espainiar aktorea hil da
Andaluziar aktoreak, "Cerrar los ojos" eta "Una quinta portuguesa" flimen protagonistak, 62 urte zituen.
Hamalau zinemagilek beren lehen edo bigarren filmak aurkeztuko dituzte New Directorsen
Javier Giner barakaldar zuzendariak “Esta soledad” bere estreinako pelikula aurkeztuko du Zinemaldiaren atal honetan.
Eta sirenek kantu ez bazuten egin?!
Sirenen isiltasunaren kontra (edo alde) egin behar izan zuten borroka The Odissey filmaren musikaz arduratu zirenek, Suedian jaiotako Ludwig Göransson musikari hiru Oscar sariduna buru zela. Erabaki sendoak, ezin utzizkoak hartu zituzten. Lehengo eta kasik garrantzi handienetakoa: orkestrarik ez zen izango.
Urriaren 9an iritsiko da zinemetara “Inurri itsuak” Igor Legarretaren filma
Euskarazko pelikulak Ramiro Pinillaren eleberri bat du oinarri, eta antzeztaldea Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga eta Carlos Santosek osatzen dute.
Pablo Larrain, Mike Leigh eta Yesim Ustaoglu lehiatuko dira Donostiako Urrezko Maskorra lortzeko
Zinemagile horien film luze berriak Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira, Nicole Garcia, Maha Harada, Hans Petter Moland eta Benjamín Naishtaten azken lanekin batera.
Ione Hernandezen "Hermanas" filma Torontoko zinema jaialdian estreinatuko da
Pelikulak EITBren babesa du, eta Bizkaiko eta Madrilgo hainbat tokitan filmatu dute. Elena Anaya eta Emma Suarez aktoreak dira protagonistak.
Mikel Gurrea, Koldo Almandoz eta David Perez Sañudoren film berrienak Zinemaldiko Sail Ofizialean izango dira
“Sants” Mikel Gurrearen filma Urrezko Maskorrerako lehian arituko da Donostiako zinema jaialdian, eta “Azken agurra” Almandozena eta “Sacamantecas” Perez Sañudorena, biak ere euskarakoak, lehiatik kanpo ikusiko dira. Zinemaldiak 74. edizioan pantailaratuko dituen hainbat euskal film aurkeztu ditu, Madrilen.