Maddi Barber: 'Itoitzek eragiten dizkidan kontraesanak filmatu nahi nituen'
Maddi Barber zinemagilearen (Iruñea, 1988) buruan hamaika buelta egin ditu galdera honek aspaldidanik: nola bizi daiteke jendea bizitoki, babesgune, erreferentzia zituzten haranak, herriak eta etxeak orain urpean daudela jakinda?
Erantzunaren bila, ondo ezagutzen dituen haranetara hurbildu da Barber Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatuko den film labur dokumental honetan, Artzibar eta Longidara, Itoizko urtegiko urak hartutako lurrean izandako eraldaketa bortitzak bertako bizitza, animaliena eta gizakiena, nola aldatu duen ulertzen eta azaltzen saiatzeko.
Galde-erantzun horietatik jaio zen ‘592 metroz goiti’ dokumentala, urtegiaren gehienezko kotatik (592 metro, hain zuzen ere) gora bizitzak bidea nola egiten duen erakusten duen lana. Maddi Barberrekin hitz egin dugu, Kimuak programaren 2018ko uztarako hautaturiko lanaz gehiago jakiteko.
Zerk piztu zizun Itoizko uren gaineko bizitza dokumentalera eramateko gogoa?
Alde batetik, galdera batek piztu zidan gogoa: Nola bizi gaitezke gaur hemen, jakinda ezagutu dugun bailara, gure herri eta tokiak, egunero ikusten dugun ur horren azpian daudela? Zer-nolako bizitza da posible horrelako eraldaketa baten ondoren?
Bestalde, gaur egungo paisaia oso arraroa iruditzen zitzaidan, ederra eta latza aldi berean; urtegiaren urak behera egiten duenean urpean dagoen guztia azaleratzen da: errepideak, zuhaitzak, posteak, ibaiak...
Paisaia horretara hurbildu nahi nuen eta leku horrek niregan eragiten dituen kontraesanak filmatu nahi nituen.
Bizitzak bidea egin du Itoizko inguruan, halabeharrez, 592 metrotik gora, filmean ikusten denez. Bertako bizitza zertan aldatu dela esango zenuke? Zer helduleku dituzte eskualde horretako biztanleek? Nola egin dute aurrera?
Ehunka urteko herriak desagertzeak aldaketa erraldoia ezarri du eskualdeko historian. Lekua beste bat da orain. Lehen zegoena ezagutzen dugunok ez daukagu errealitate hori ekiditeko modurik, eta iruditzen zait zonalde honetan animaliek ere biografia paraleloa izan dutela.
Proiektuarekin hasi nintzenean, konturatu nintzen animaliak bitartekari zirela gizakien eta urtegiaren arteko erlazioan. Animaliak uretatik gertu zituztelako hurbiltzen ziren pertsona asko urtegiaren ertzetara. Horrek interes handia piztu zidan; izan ere, biztanleetako batzuek beren herriak zituzten urpean, eta animaliek nolabait "laguntzen" zieten errealitate horretara berriro hurbiltzen.

Modu berean, Itoizko urtegiko obrek beste espezieekiko zaintza lanak areagotzea eragin zuen, jende asko egon zen desagertzeko arriskuan zeuden espezieak zaintzen. Hala ere, kalteak handiak izan dira alde guztietatik begiratuta, eta sentsazioa da orain lurralde berrira egokitzen ari garela, gizakiak eta baita animaliak ere.
Nyongo jaialdian aurkeztu zenuen dokumentala. Zer harrera igarri zenuen?
Iruditu zitzaidan jendeari gustatu zitzaiola lana. Beste urtegi bati buruzko lan batekin batera jarri zuten, eta elkarrekin indarra hartu zuten. Banekien Itoizen gertatutakoa leku askotan gertatu dela eta gertatzen ari dela, baina konturatu nintzen zinema tresna indartsua zela horrek eragiten duen gatazka dokumentatu eta kontatzeko.
Ilargi unaia eta Javier basozaina aukeratu dituzu Itoizko urtegiaren gaineko lurren egungo egoerara hurbiltzeko. Zergatik?
Biak animaliekin duten erlazioa dela medio gerturatzen dira Itoizko urtegiko uretara. Biek ikusi dute lurraldearen eraldaketa, eta sumatzen nuen mundua ulertzeko modu berezia dutela, lotura nabarmena dutela beste espezieekin eta lurraldearekin.

Zerk eusten die bertan?
Haiei galdetu beharko genieke hori, baina nik uste dut lurralde horrekiko loturak eusten diela bertan. Lotura estua da, zerbait handiagoaren parte zaren susmoa. Eta leku hori zaintzeko nahia eta konpromisoa, are gehiago Itoizko urtegia egin eta gero.
Espero zenuen Zabaltegi-Tabakalera sailean izatea? Zelan bizi nahiko zenuke Donostiako Zinemaldian izateko esperientzia?
Niretzat ohore izugarria da Zinemaldian eta bereziki Zabaltegi-Tabakalera sailean egotea. Lasai bizi nahiko nuke esperientzia hau. Lana eginda dago, eta disfrutatu nahiko nuke orain.
Ikasi egin behar dudan zerbait da, zeren eta kezka eta larritasun puntu batekin bizi izan ohi ditut horrelako jendaurreko ekitaldiak. Hala ere, gogo handia daukat film asko ikusteko, azkenaldian ez baitut apenas ezer ikusteko aukerarik izan.
Itoizi buruzko bigarren lan bat duzu esku artean. Nolakoa izango da?
Bai! 592 metroz goiti bukatu nuenean konturatu nintzen gai asko landu gabe utzi nituela. Filma Itoizko urtegiarekin gertatutakora gerturatzen da, baina, espazialki eta gaiari dagokionez, muga 592 metroan zegoen.
Orain muntatzen nabilen lanak beste norabait eramango nau, Itoitzekin Elkartasuna taldekoek grabatutako irudietara, zonaldeko jendeak egun urperatutako lurrekin egiten dituzten ametsetara, Itoizko urtegiko uretara eta bertan bizi diren biztanle berrietara... Diptiko baten moduan ikusten ditut bi lanak. Besteak 592 metrotik gora egiten bazuen, honek behera joko du.

Zure interesekoa izan daiteke
Samantha Hudson espainiar musikaria da Beldurrezko Astearen kartelaren protagonista
Donostiako zinema jaialdiaren kartelak Cinemasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa omendu du, horren 50. urteurrenean. Argazkiaren koordinazioaz Pedro Mambrú arduratu da, eta Javier Bermejo eta Chus Feijóo dira bere egileak.
Ez zinen zu, Lapulapuk hil zintuen zu, Ni inguratzen lehena
Magalhaes filmak Lope de Agirre, Fritzcarraldo, Hernan Cortés, Diego de Ibarra zein Pascual de Andoyagaren antzeko konkistatzaile, menderatzaile, esploratzaile, esplotatzaile, nabigatzaile iluminatuekin zerikusi franko izan zuen Porton jaiotako Fernão de Magalhãesen delirioa azaltzen du.
Brydie O’Connor zuzendariaren "Barbara Forever" dokumentala, 2026ko Zinegoak jaialdiko sari nagusiaren irabazlea
Lanak Barbara Hammer zinegile ezagunaren bizitza, obra eta ondarea aztertzen ditu bere artxiboko materialaren bidez. Aurtengo edizioko filmik nabarmenena izan da, hiru sari irabazi baititu.
"Dekoratua" filmak Paul Grimault saria irabazi du Annecyko zinema jaialdian
Uniko euskal ekoiztetxearen filmak animaziozko zinema jaialdiaren sari garrantzitsuenetan hirugarrena bereganatu du.
ZUZENEAN: Zinegoak jaialdiaren amaiera gala
Mikel Rueda “Boga” seriea zuzentzen ari da EITBrentzat
Sei ataleko seriea Mikel Santiagok eta Txemi Parrak sortu dute, eta Mikel Losada eta Iraia Elias ditu protagonista. Primeran EITBren plataforman egongo da ikusgai.
Haurtzaroari begira jarri da Marina Palacio "Y así seguirán las cosas" filmean
Euskal zuzendariak haurtzaroari eta despopulazioari buruzko istorio bat kontatuko du bere lehen film luzean. Aitarekin batera idatzi du, eta sei urtean filmatuko dute, Palentzian.
Alex de la Iglesia animazioan murgilduko da, Lovecraft idazlearen obran inspiratuta
'Ages of Madness: The Howling of the Jinn' goiburua hartuko du pelikulak, eta 'Necronomicon' idazle estatubatuarraren fikzioko liburuan oinarrituko da. Garai eta toki ezberdinetan kokatutako hainbat istorio harilkatuko ditu.
Aitor Gabilondok torturari buruzko film bat zuzenduko du
Patria seriearen sortzaileak “kontakizuna osatzeko beharra” sentitzen du, “serieak zorretan nagoela sentiarazi eta gero”. EITB proiektuan parte hartzen ari da.
Petrus me fecit, Helena lapidem meum reflexa est
Zorteak zera eman dio Petrus zinema piezari: testura ezberdin bat, bene-benetakoa, plantak egiten ez dituena.