Bikoiztaileek ez dute film gehiagorik bikoiztuko Zinema Euskaraz programarako
Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak uko egin dio Zinema Euskaraz programako haurrentzako filmak bikoizteari. Lanaren egonkortasuna eta baldintzak hobetzea eskatzen dio elkarteak Jaurlaritzari, “euskarazko bikoizketa profesionala desagertzera doalako bestela”. Kultura Sailetik onartu dute arazo bat badagoela, baina konponbide zaila ikusten diote auziari, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez.
Gaur zortzi estreinatuko da Dragoi Bola filma, Lego 2 iritsiko da gero aretoetara, eta hori izango da Zinema Euskaraz programaren barruan euskaraz bikoiztuta estreinatuko den haurrentzako azken filma. Hortik aurrera, ez dago jakiterik Zinema Euskaraz programari eutsiko ote zaion, Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak, Bieusek, planto egin duelako.
Xabier Alkiza Bieuse elkarteko kideak salatu du azken urte hauetan bikoiztaileen lana erabat prekarizatu dela hemen, erakunde publikoek prezioak % 35 jaitsi dituztela azken sei urteetan eta euskarazko lanak laurden batera murriztu direla tarte horretan. Ezinbesteko jotzen dute, hortaz, lanaren bolumena handitzea, euskaraz lan egiteko profesionalak izango badira.
Une honetan, Zinema Euskaraz programaren baitan, urteko 12 film bikoizteko konpromisoa hartua dauka Eusko Jaurlaritzak, haur eta gaztetxoentzat. Izan ere, Kultura Sailak haurrentzako bikoizketari ikusten dio zentzua; helduentzako ikus-entzunezkoetan, jatorrizko bertsioari eutsi eta euskaraz azpidaztearen alde egin izan du.
Bieuse elkartearen datuen arabera, gaur egun 70 bikoiztaile profesional inguru daude sektorean, eta horietatik 40 dira elebidunak.
Elkarteak hautsitzat ditu harremanak Kultura Sailarekin, eta, Jaurlaritzak Euskadi Irratiari esan dionez, ezin dute profesional horiek eskatzen duten egonkortasuna bermatu.
Azken bilera akordiorik gabe amaitu zela adierazi dute, eta arazo bat badagoela aitortu. Ahaleginean jarraitzeko borondatea badutela gaineratu dute, baina konponbidea zaila dela ezkutatu gabe.
Zure interesekoa izan daiteke
'Ghost in the Cell' filmak irabazi du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko film luzerik onenaren saria
Ikusi, primizian, "Hermanas" filmaren trailerra
Urkijok, "Hiru olatuak" filmari buruz: "Egin dudan pelikularik handiena da"
Patrick Stewart 'Star Trek' unibertsoko aktore ospetsua hil da
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da