María Cerezuela: 'Maria Jauregi da nire familiaren ondoren bizitzaren inguruko irakatsi handiena eman didana'
"Maixabel", iaz jakin-min eta arreta gehien bereganatu zuen pelikuletako bat, hamalau sari irabazteko izendatuta dago otsailaren 12an, larunbatarekin, Valentzian banatuko dituzten Goya sarietan. Horietako bat María Cerezuelaren (Barakaldo, 1993) hautagaitza da, emakumezko aktore berri onenaren atalean, pelikula horretan Maria Jauregiren, Juan Maria Jauregui ETAk hildako politikariaren alabaren, interpretazio hunkigarria egiteagatik.
Espainiako zinemaren gau nagusiaren atarian, Cerezuelarekin hitz egin dugu sari banaketaren atarian nola dagoen jakiteko, benetako pertsona batena egitea zelakoa den galdetzeko eta EITBren parte-hartzearekin Icíar Bollainek zuzendutako pelikulan egindako lanaz zer oroitzapen dituen jasotzeko.
Zorionak izendapenarengatik, María. Nola jaso zenuen albistea?
Ama eta ahizparekin nengoen, Berlinen. Hirurotako batek ere ez genuen daturik telefonoan, izendatuen iragarpena entzun eta ikusteko, baina ama tarte batez konektatu ahal izan zen eta ikusi ahal izan genuen.
Tira, egia esan, ikusi zuena eta esan zidana ahizpa izan zen, ni oso urduri nengoen eta. Amari besotik heldu nion, ahizpa oihuka entzun nuen arte: "Baietz!", "Baietz!". Berehala, hirurok besarkada oso estu bat eman genion elkarri. Oso hunkigarria izan zen.
Espero zenuen halakorik, Maixabel zure lehen film luzea izanik?
Egia esan, ez nuen inoiz pentsatu ere egin izendatuko nindutenik. Filmatzen ari ginela, nire lana ondo egitea besterik ez nuen buruan. Baina gezurra esango nizuke esango banizu inoiz ez dudala horrekin amets egin.
Izendapenak iragartzeko egun gutxi falta zirela, galdutzat ematen nuen.
Nolakoa izan da Maria Jauregirena egitea?
Maria Jauregi izan da, nire familiaren ondoren, bizitzaren inguruan irakatsi handiena eman didan pertsona.
Existitzen den, begiratzen dizun benetako pertsona batena egitea oso zaila da erantzukizun handia ekartzen duelako. Asko ikasi dut maila profesionalean, baina maila pertsonalean are gehiago ikasi dudalakoan nago.
Mariak maitasuna, eskuzabaltasuna eta enpatia benetan zer diren irakatsi dit. Bai bera, bai Maixabel, emakume zoragarriak dira. Lur honetakoak ez direla ematen du. Berarekin, hain neurekoia, gizakion ezaugarri horren argia den hori, ez izaten ikasi dut; besteak behar edo nahi duenari gehiago begiratzen, eta ez horrenbeste nahi dugunari.
Betiko egongo naiz Mariarekin eskertuta.
Zer muga ezartzen dizkizu benetako gertakari eta pertsonetan oinarrituta lan egitea?
Errespetua eta erantzukizuna. Baina abantailak ere badaude, nire ustez: begi batzuk dituzu bertara begiratzeko, eta ahots bat entzuteko.
Izan duzu harremanik Mariarekin pelikulan berarena egin aurretik?
Bai. Filmatzen hasi aurretik, berarekin gelditu nintzen.
Ni oso urduri nengoen. Ordu erdi lehenago iritsi nintzen hitzordura, eta, aurrez aurre izan nuenean, esan nion ez niola elkarrizketarik egin nahi, ezta informazioa atera ere. Azkenean, gaiarekin zerikusirik ez zuten gauza pilo bati buruz hitz egin genuen. Eta zoragarria izan zen.
Beraren energia sentitu ahal izateak paperari aurre egiten lagundu zidan.
Nolakoa izan da Icíar Bollaín, Blanca Portillo eta Luis Tosarren eskarmentua duten aktoreekin lan egitea?
Luxua, zentzu guztietan. Eta hiru munstro horien artean Urko Olazabal ere aipatu behar da. Oparia izan da laurokin lan egitea.
Icíar izaki dirdiratsua da, zer nahi duen eta nola lortu nahi duen dakien profesionala. Aktorea laguntzen, entzuten, errespetatzen eta baloratzen duen zuzendaria.
Blancak oso ondo zaindu ninduen, eta niretzat beti izango da pertsona berezia, asko maite dudana.
Eta Luisekin ez nuen horrenbeste egoteko pribilegioa izan, baina izaki magiko eta oso dibertigarria da.
Nolakoa izan da zuen arteko harremana?
Hasieratik, dena emateko eta errespetuz lan egiteko giroa egon zen. Lantalde artistiko eta teknikoa eskutik elkar hartuta aritu ginen, eta gure gorputza eta arima % 100ean zeuden pelikulan jarrita.
Nola etortzen da aktorearen emozioa bere onera, adibidez, Mariak aitaren hilketaren berri jasotzen duen urtegiko eszenaren ondoren?
Arnasa hartuta eta askatuta. Egun horretan beste edozeinetan baino gehiago sentitu nuen denok elkarrekin ari ginela. Egun horretan, besarkada asko eman genizkion elkarri.
Nola lantzen da emozio horietarako joan-etorria?
Nire intuizioan konfiantza handia dudan aktorea naiz. Horregatik, sekuentzia hori filmatu aurretik, lantaldetik aldendu nintzen, tarte batez.
Urtegiaren ertzetik ibili nintzen, begiak itxi nituen eta Mariarengan pentsatu nuen.
Nola irudikatzen duzu otsailaren 12ko gaua?
Inguruan lantaldea, lagunak, familia eta mutil laguna ditudala. Eta hortik aurrera, gozatzera.
Nolakoa nahiko zenuke izatea?
Maite dudan jendea eta ni neu zoriontsu egingo gintuzkeen modukoa.
Goyetarako izendatuta egon edo ez, zein filmek piztu dute zure arreta azkenaldian?
"Ama" Julia de Pazen pelikulak. Trama eta Tamara Casellasen lana zoragarriak dira. Hori zen nire apustu nagusia ez bakarrik izendatuta egoteko, baizik eta Goya irabazteko.
"Libertad" Clara Roqueten pelikula ere azpimarratuko nuke.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Oraintxe bertan, aurretik egin dudan ezerekin zerikusirik ez duen proiektu batean nago. Erregistro erabat ezberdina da, eta gustuko dut hori.
Zertan lan egin nahiko zenuke?
Antzerkian. Horren falta handia sumatzen dut.
Zure interesekoa izan daiteke
Samantha Hudson espainiar musikaria da Beldurrezko Astearen kartelaren protagonista
Donostiako zinema jaialdiaren kartelak Cinemasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa omendu du, horren 50. urteurrenean. Argazkiaren koordinazioaz Pedro Mambrú arduratu da, eta Javier Bermejo eta Chus Feijóo dira bere egileak.
Ez zinen zu, Lapulapuk hil zintuen zu, Ni inguratzen lehena
Magalhaes filmak Lope de Agirre, Fritzcarraldo, Hernan Cortés, Diego de Ibarra zein Pascual de Andoyagaren antzeko konkistatzaile, menderatzaile, esploratzaile, esplotatzaile, nabigatzaile iluminatuekin zerikusi franko izan zuen Porton jaiotako Fernão de Magalhãesen delirioa azaltzen du.
Brydie O’Connor zuzendariaren "Barbara Forever" dokumentala, 2026ko Zinegoak jaialdiko sari nagusiaren irabazlea
Lanak Barbara Hammer zinegile ezagunaren bizitza, obra eta ondarea aztertzen ditu bere artxiboko materialaren bidez. Aurtengo edizioko filmik nabarmenena izan da, hiru sari irabazi baititu.
"Dekoratua" filmak Paul Grimault saria irabazi du Annecyko zinema jaialdian
Uniko euskal ekoiztetxearen filmak animaziozko zinema jaialdiaren sari garrantzitsuenetan hirugarrena bereganatu du.
ZUZENEAN: Zinegoak jaialdiaren amaiera gala
Mikel Rueda “Boga” seriea zuzentzen ari da EITBrentzat
Sei ataleko seriea Mikel Santiagok eta Txemi Parrak sortu dute, eta Mikel Losada eta Iraia Elias ditu protagonista. Primeran EITBren plataforman egongo da ikusgai.
Haurtzaroari begira jarri da Marina Palacio "Y así seguirán las cosas" filmean
Euskal zuzendariak haurtzaroari eta despopulazioari buruzko istorio bat kontatuko du bere lehen film luzean. Aitarekin batera idatzi du, eta sei urtean filmatuko dute, Palentzian.
Alex de la Iglesia animazioan murgilduko da, Lovecraft idazlearen obran inspiratuta
'Ages of Madness: The Howling of the Jinn' goiburua hartuko du pelikulak, eta 'Necronomicon' idazle estatubatuarraren fikzioko liburuan oinarrituko da. Garai eta toki ezberdinetan kokatutako hainbat istorio harilkatuko ditu.
Aitor Gabilondok torturari buruzko film bat zuzenduko du
Patria seriearen sortzaileak “kontakizuna osatzeko beharra” sentitzen du, “serieak zorretan nagoela sentiarazi eta gero”. EITB proiektuan parte hartzen ari da.
Petrus me fecit, Helena lapidem meum reflexa est
Zorteak zera eman dio Petrus zinema piezari: testura ezberdin bat, bene-benetakoa, plantak egiten ez dituena.