Macarena Gomez aktorea erakusten du Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen kartelak
Macarena Gomez espainiar aktorea da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astearen irudi ofizialaren protagonista. Zinema jaialdia urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean izango da aurten.
Kartelaren egilea Carlos Fdez (Penrider) marrazkilaria da, eta, Gomezen irudiaz gain, armiarma batek ere hartzen du protagonismoa, hasiera-hasieratik zinemaldiaren ikurra izan den animaliak.
Halaber, Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Donostia Kulturak "Luis Gasca; Komikiak eta zinema" erakusketa antolatu dute, eta irailaren 8tik azaroaren 8ra jarriko dute ikusgai, Okendo Kultur Etxean. Editore, historialari, gidoigile, bildumazale eta Donostiako Zinemaldiaren zuzendari izandakoa omenduko dute horrela.
Gainera, Hermenaute argitaletxeak kanibalismoari buruzko liburu bat argitaratuko du, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asterako.